www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIX
MAITALEAK

 

        Gure maitaleak, bitartean, bere maite jokoan, ezeri oartzeke ta iñori jaramonik egin gabe.

        Ba dituzte beurek ere bai, beren kezka ta ardurak! Maite-kezka oen gozoa bañan! Eta, ez diozut, ala, iñungo aoberokeririk, zoriontsu baño zoriontsuago bizi dirala esaten ba-dizut.

        lzartxo bizi, batez ere.

        Txikitatik, amabi urte zitunetik bai, asi izan zan bere liño-baratza lantzen. Eta artan eman izan zitun bere udaldiko ordurik ederrenak.

        Epailleko ozkirrietan, bere atxur eta laitxoekin, lur beltza maitekiro lantzen... Orrilletako kukuetan, liñudi urdiñak xirri-xarra saratzen... Garagarrilletako eguzkitan, errotik banan-banan ateratzen... Agorrilletako bere galdatan, ur pol-poletan garbitzen. Udazkeneko aize fir-firetan, plisti-plasta arri gañetan jotzen.

        Artan ere, liñu-lanean alegia, eman izan zizkizun sukaldeko negu-ordurik geyenak. Gorundu, matasatu, arildu, eun, josi: amaika atsegin eman izan zieten, lan ugari ok, bere esku ariñei, amaika amets eragin bere biotz aundiari.

        Etzekian ordun, bañan, nora joango ziran oyal luze ayek. Ez eta nork bilduko zitun bere soñean ere.

        Irudimen sorgintsua izaki, bañan, sekulako maratil gozo zerabilzkin bere buruak. Eta baserri on bateko etxekoandre zabala zirudion onek, eta mutil eder bateren emazte zoriontsu.

        Eta arrigarria!

        Oraingo egiak lengo amets zoro guziak gainditu.

        Etxe on bateko ametsa zizun, eta Urgoiti, Olearso guziko, etxerik onenara zijoan.

        Urgoiti'koa zan, izan ere, sua pizten eta gurdia lantzen lenengoz ikasi ta ondorengoei erakutsi zien Axarko, gizon bitxi ura...

        Urgoiti'koa ere Ureder..., Txurrumurru'ra igo, ta leen an, itsas-mugan, ageri zan Atlantida eder ura itzalita ikusirik, aren billa illateetan ibillita, aren aldentze edo ta galtzearen berri eman zigun, gizon bulartsua.

        Urgoiti, baserri zabalako etxekoandre..., Urgoiti'ko gazte ederraren emazte...!

        «Ai... Erko, Erko...! Etxe zabal ori baño askoz ere gogoanago aiz neretzat, Erko, mutil eder ori...!

        Eta leen, maite ez ezagunaren ametsetan, an gozo musukatzen ba-nizkan nere eskuko arien korapilloak, nola uste duk, Erko, ari naizela orain nere iganako maite lan oetan?

        Nere jostorratzaren zizta bakoitza biotz-zizta bana duk. Eta iretzako oyal eta soñeko bakoitza, aneika maite-ziztaz eo diat:

        Onako txano au, ire buru eder eta jakintsu ori jazteko.

        Onako ator au, ire biotz zabal ori gordetzeko.

        Onako jaka luze au Olearso'ko jaunen artean jaun aundi ta eder agertzeko, artarako jakaren bearrik ez baldin ba-duk ere».

        Bai, lzartxo, beste bere kideko neskatxa guziak baño txukunago, ari zaizu bere goru-lanetan. Ez bait-dizkio Erko'k burnizko jostorrats eta goraizi berexi oik alperrik eman. Ez da alako gauz ederragorik Olearso guzian, ez eta alako maitasun fiñakin egindakorik ere.

        Ez da, beraz, arritzekorik Izartxo'k dagin gain-gaiñeko lan ori. Ba du, gañera, nun berritu, artan galdutaka indarrak; nun husti, ari-korapillotan musu ta musu legortzen zaizkion, ezpañak. Alboan bait-du burnizko konketa polita.

        Erko'k esku-ikusiz emandakoa au ere, ta mutillak ere artan sarri jarri bide ditula bere ezpañak eta, aren ezkoak baño maite kutsuak geyago suspertzen ez ote dun, nagokizu.

        Suspertu edo moteldu edo..., aldatu beintzat. Bai, leen ez bezelako, berria duzu orain Izartxo.

        Etxean alayago, zalapartaritsuago, kanta-kantari beti, bere eskuko lan maitagarri ayetan.

        Eta lagunen artean? Lagunen artean ez, orain arte lagun artekoa izan ba zan ere, iñor izatekotan!

        Eta lagunen artekoa, baso-lanetan; gaztain, ur eta makatzak biltzera joaten ziranean. Ango itz-otsa, orduan, ango par-algarak, ango irrintziak!

        Lagun artekoa, ortzegunetako jayetan, batez ere.

        Dantza atsegiñik zitzayon, alakoetan. Ta trebea, liraiña, ariña ta atsegiña bait zan oso, arekin dantzan ekiteko danak irrikan zeuden. Eta berok ortzargi ta bakun artzen zitun danak.

        Orain alakorik ez. Ez dizu, Erko'rekin ezik, beste iñorekin ibilli nai. Eta bere maitearekin biltzen daneko itz atsegin, zalapart, kir-kir eta irri-algarak!

        Jostorratz, goraize ta konketa berexi ayen ordaingarriz, lepoko oyal nabar polita eskeñi dio Izartxo'k bere mutillari. Eta beti arekin agertzen zaizu mutilla jai-egun guzietan. Eta Izartxo'ren poza, dantza-leku guzietan, aren eskutik agertzen zaizunean...!

        Buru zut eta argiz, «iñoiz ikusi al duzute alango mutil lerdenagorik», neska guziei galdeka bai-lijoen dabilkizu, olakoetan.

        Eta aren dantzak gero! Zumea ez ain biguinki kulunkatzen aizearekin jostalari. Lorea ez ain poliki zanbulatzen pinpilipauxekin jardunlari. Maite-gantzuz igurtzita bait-ditu beso-gerri-oin liraiñak!

        Bestelakoa ere Erko, lzartxo maitatzen asi zaizunetik!

        Etzan len dema, ez joku, ez eta dantzarik Erko ara etzijoakenik. Eta iñor baño geyago bait-zan joku-dantz guzietan, ayetako buru aukeratzen zuten beti bere lagunak, Olearso'k beste Ibarretako gazteen aurka zutenean dema.

        Ez dizu, bañan, orain ayetarako gogorik ez eta betarik ere.

        Bere oiko lagunetik at, bakarrik eta soil, iñungo lelo alai guztiak txixtuka, ta bere ixil-aldietan bere buruarekin solasean, berebizikoa zabiltzazu milla lanbide berexietan.

        Ardura, saya, lana ta ekiña biurtu zayo Izartxo'renganako bere maite beroa. Ta arekin bait-lun orain dema, nor ezkontzarako obeto gerta alegia, nork ezkontzarako arrio ederragoa eraman jokoan bai-litz, eroenak egiten ari zaizkizu.

        Bere maiteñoaren laingo kabia egin nai gajoak, orratx.

        Etzan lenago ere Urgoiti baserri txiki ta baldarra. Bañan ainbat aundi ta ederrago egin nai dizu. Bere biotz-ondoa bezin aundi ta eder!

        Ba du, artarako, Txurrumurru artako lanez gañera: eta esiak zabaldu, bazterrak garbitu, baratza-soroak aunditu, mandioak ornitu...

        Ta, landare berrietan amets, arlo aundiagoa urratzen asi zaizu, bere burnizko golde berriaz.

        Ta sekulako enbor-pilloak ere egiten, bere burnizko aizkora berexiaz, etxeko-andre berriaren su berrian ametsetan.

        Eta etxeko orma zarren zuloak itxitzen, aize-begi txixtulariak lzartxo'ren gorputz beroa oztu ez dezan.

        Eta tellatuko utsuneak betetzen, ituzuraren tan-tan gogaikarriak maiteñoaren loa aizatu ez dezan.

 

aurrekoa hurrengoa