www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XX
AZTALAK ODOLETAN

 

        Kabiak baño arreta aundiago bear oraindik, kabia beteko dun biotz maiteak, Erko beti Izartxo'nean, noiz-nai ta edozein aitzakiakin: iratzeak dirala, egurrak, esiak garbitu bearrak, ote-jotzeko lanak,... beti Izartxo'nean.

        Gaur esi-garbiketan dituzu biak.

        Erko'ren burni-ziriakin zatitutako, enborrak Xinko ta Xanko'k lerroz-lerro jarriak dituzte orma zarraren arrimuan.

        Eta aritz sugillea, egur txeakin naasita, obeto erretzen baita, saratz, altz eta gaztain-zamak egiten ari gazte biak.

        Illun dira, udaran, esiak, osto, sasi ta iratz muskerrez jantzita. Zeñen argi, bañan, oraingo neguan! Iratz gorri erdi urratua azpian; eta ayen gañetik, saratz, altz eta gaztaiñen makil lepa-soillak.

        Erko'k ebaki ala, Izartxo'k banan-banan tolestatzen ditu txukun; zurkaitzak zama batean, eta sugilleak bestean.

        Ta alako bira batean, kabi zar erdi urratu bat aurkitu neskak esian, eta Erko'ri eyagoraz:

        —I, Erko, kabi bat, kabi bat!

        —Ikus, onatx!

        —Norena duk?

        —Kardantxoriena...!

        —Kardantxori...?

        —Bai, kardantxori, gure aritzarik garayanean pausaturik «popillit-popillit» aritzen dun, txori alai ori dun. Eta gure arteko txoririk polit eta abeslari onena dun.

        —Kabi zarpildu ontan, txorikume guziak otzaz ilko ituan, noski?

        —Bai zera! Berri-berrian aski kabi bero ta goxoa zan au bai!

        —Goxo ta beroagoa egingo diau, bai, guk gurea, Urgoiti eder ortan.

        —Bai...? Etzeukanau an, Izartxo, sugilleak metatzeko, Xinko ta Xanko'ren antzeko aurrik, bañan?

        —Ez estutu, Erko, laister izango dizkiau.

        —Ta bitartean?

        —Bitartean eta gero ere, ni ariko nauk beti, Erko. Ez gaitu otzak iñoiz atzemango.

        —Etzekiñat ba, lzartxo...! Urgoiti, etxe zarra, kabi au bezin zarpil zegon, eta ituzuraz beterik zeukan tellatu guzia.

        —Ez estutu, Erko...! Nik, ik egindako burni-oyal oyetakoaz bereala estaliko etxe-gain guzia.

        —Orma zarrak zuloz beterik zeuden, bañan...! Eta ayen aize-txixtu biziak loa galeraziko.

        —Ez estutu, Erko...! Eginda zeukat nik oi biguin eta beroa... Lo errexago izango diau artan, aizearen kantu eztitara...!

        —Oi bigun eta beroa...? Ez intzan, orren artillen billa, Basurdi'rengana joango gero!

        —Ergela...!

        —Ez omen zegonan, mundu guzian ere, alako artil biguñik eta...

        —Astakillo aundiagorik ez, beintzat! Y, ta min aundi egin al zikan, aizkora madarikatu arekin?

        —Ba... sendatu zaidan.

        —Eskerrak, pizkor ibilli intzala, bestela...!

        —Bai, ire aitonak emandako makil oneri esker!

        —I, ta ez didak erakutsi, oraindik, sauri ori...!

        —Zertako nai dun ikusi?

        —Ona emen bestea... Zertarako? Ikusteko ba..., zertarako naiko diat ba?

        —Tira... begira ba...!

        Ta Erko'k bulargañeko atorra askatzen du.

        Ondo itxi gabeko sauriak, txira ubela zun erdian, eta printzezko uztai gorria inguruan.

        Ta Izartxo'k, arpegia zimurtuz eta begiak zabalduz:

        —Ene! Aundia izan uan gero, ta biotzaren erdi-erdian gañera! Lotsagabe zikiña!

        Eta polliki-polliki eskua luzaturik, txira ondoko azal-printzetan ikutu zun bere maitea, leun eta biozti. Tximist-adar antzeko zirrara batek jo zun, une berean, goi-berako tarte guzian. Ta gorri-gorri ta dardarati:

        —Ta ez duk nik sendatzea nai izan e? gaizto orrek!

        —Ain sorgintxoa izanik, gaiztotu egingo iñala berdin ere, uste nian da...!

        —Ergela...!

        —Ez diñat, orain, sendagai geyagorik bear ba...!

        —Nork zekik, oraindik! Nor fidatu, fidatu ere, Basurdi astakillo orrekin. Astakillo ez besteen astakillo! Ez al dik beste oztopo berriren bat jarriko...

        —Bai zera! Ederki zapalduta utzi zikan ire aitonaren makil onek.

        —Ba zekiak ez aula iñoiz ere azpiratuko agirian. Izkutu ta maltzurki erasotzen ba dik berriz ere, bañan?

        —Al guzti dun Kristo gure Jaunak alde-aurre zekizkin geroko guziak, eta ezin dizkiñan bere maiteak bertan-bera utzi.

        —Aa... bai... gure Kristo! Ez artaz oroitzen bear aña!

        Ta alako asmaketa bioztietan dabillen, Izartxo lar luzeen artean oartzeke sartuta ok aztaletan loturik, sekulako zarrast-aria egin, bere aragi zurietan.

        Ai! bizi bat atera zun neskak, eta Erko maiteki ondoraturik:

        —Zer sartu zain, or ankapetan barna?

        —Lar txar ok?

        —Itxoin, itxoin. Ez mugitu!

        Ta arin bertaratuz, eskuz polliki-polliki lar-aria kentzera doakio. Ez nolanai, ordea! Gonazpian biribildu bait-zayo larra, lotsa ez lotsa, gona luzea jasorik, dardarati ta leun itsasitako aragi zuritik kendu bear izan dio.

        Neska, bitartean, erlauntz artakoan bezela, jauzika ta zinkurinka.

        —Bai..., asi adi, orain, jolasean. Kenduko zaizkin, orrela, arantz zorrotz oik?

        —Ezin al abil polikiago?

        —Bai, polikiago ...! Goxoa zion au!

        —Orren gogor itsasi al zaidak?

        —Egoten al aiz geldiago, gonak urratu edo ta aztal guzia larrutzea nai ez ba dun!

        —Oraindik geyago?

        —Geyago bai. Orain bertan ordaindu bear ditun ire gaiztakeri guziak eta...

        —Kendu ba lasai...

        Ta Erko'k bukatu zunean azkenean eta begiak altxa, arpegi gorri ta begiak malkotan ikusten dizkio bere maiteari.

        —Bai al dakin zer gogoratzen zaidanan orain?

        —Ergelkeriren bat, beti bezela...!

        —Ostoak intzetan ditun larrosa gorri ederra dirudidala.

        —lxillik ago, ergela, ez besteen ergela!

        —Ta larrosa, lore guzien artean lorerik politena dan bezelaxe, iñoiz ikusi audan erarik politenean ere ikusten audala orain...

        —Bai, ni oñazetan ikustea gogo zaik iri, nunbait!

        —Goazen beko iturri ortara, aztaletako odol ori garbitzera, sorgiña!

        Uraren igurtziaz aztaletako zuri-gorria areagotzen joan zan da, Erko'k berriz:

        —Arpegia intzezko larrosa gorria...! Eta aztalak sagarraren lore zuri-gorria...!

        —Ta ik larretan esku latza, ta uretan otza...

        —Ala ere zerabilzkin Basurdi'k bere ardi setatsuak.

        —Basurdi, Basurdi...! Basurdi bera ere ez al duk naiko setatsu.

        —Eta ala izanda ere zer?

        —Zer, esaten duk, oraindik? Eta beste maltzurkeriren bat asmatzen ari bai-zaik...?

        —Ez al diñat, len ere esan, Kristo'ren eskuetan gaudela, eta ez dagola alango esku altsu ta maitekorrerik?

        —Ixo, ixo, Erko! Au nere burua...! Aantzi egiten beti...!

 

aurrekoa hurrengoa