www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXI
BASURDI'K EZ AMOR EMAN NAI

 

        Pozik irten zan Basurdi Sorgiñetxe'tik. Orain bai, zion bere buruari, orain bai nerea aizela, Erko gaiztoa. Nerea ez. Obeto esan: inguruko sorgin, gaizkille ta oker guziena.

        Ta laister jauziko dituk, ire buru gañera, iñungo tximist eta erauntsiak.

        Laister asiko ire billa, izkutuzko indar batek eraginda, iñungo otso ta suge, mamu ta piztiak.

        Laister asiko ire atzetik basajaun eta ireltxu galgarri, baso beltzetan eta bidekurutzetan eta xoko izkutuenetan.

        Laister asiko ere jazarka bertako ibaiak eta errekak eta mendiak.

        Eta zugaitzak ire buru gañean astinduko dizkitek bere adar lodiak. Eta sasi ta oteak ire aragi guri oyek larrutuko. Eta arriak ire oñak zulatuko. Eta, azkenean, ik ainbeste aldiz ostikatu dukan, lur ori erdiz-erdi ideki bai, ta bertan betiko iretsiko.

        Eta txixtuka jarrai zun gero, baso illunen barrena. Barruko oldoskun ayek pakean utzitzen ez bañan, eta... lengoetara jorik, sorgiñaren zortzi birao ayek berritu zitun ojuka, bada ezpada ere. Ta txixtuka, gero, berriz ere. Birauka gero... eta ala beti, bere txabolan sartu zan artio.

        Eta ala jarraitu zun, gero ere luzaro aski, bere artaldearekin larrean paketsu zebillela... Ez galdu nai, iñundik ere, birao ayen oyartsuna. Ura galdu ezkero, ayen indarra ere galtzen zala uste nunbait.

        Eta inguruko erreka txiki guzietara, ta bertako Bidasoa ibai aundiera joaten asi zan, Erko'ren gorpua itorik noiz ikusiko. Eta bide-kurutzetara ta basoetara, ango aritz edo gaztain aundi batean dilin-dan noiz ikusiko.

        Ta arritzekoa!, joan zitzayon, joan benetan, ekaitz eta tximisten bildur ura... Poz-esnetan jartzen zan, alakoetan, Erko ori laister ikatz eginda ikusi bear zula ta...

        Bañan, bai zera ikatz biurtu! Egunak joan eta egunak etorri, etzan Erko'ren gorpurik, iñun ere, ageri.

        Geyago oraindik. Erko bizirik, eta ondo bizirik zegoela, ta iñoiz baño obeto zebillela jakin zun, zoritxarrez jakin ere...

        Goiz artan bertan, Erlaitz'ko gañean ikusi omen zun bere morroi Zipotz'ak, Txurrumurru bere meatzetako lan ayetara zijoala...

        Ai Erlaitz, Erlaitz! Zorigaiztoko leku sorgintsua! An zun, oraindik, buru gañean, mendi artan, artutako ebaki-ondo larri ura. Sauria itxia zegoan bai, bañan, eguraldi aldatzetan, zaztateko onak sumatzen zitun, oraindik. Eta okerrago zun, besoko elbarri ura. Ezin bait zun beso ura, len bezin azkar eta eroso erabilli.

        Eta Erko arrayo arek egingo zitun algarak, beurek biok bakarrik zekiten, zoko artatik igarotzean.

        Lizardi'ra ere maiz joaten omen zan mutil etsaya. Aa...! Eta zer egingo ote zun gizon arek Lizardi'n. Zer esango ote zizkion an bere Izartxo'ri.

        Esana zion, onezkero, bai, Erlaitz'ko zera ura! Zeatz-meatz esana gañera! Eta gero, an bere kontura, eratsiko zitun zerak... Zer itzez jantzi ote zun zorigaiztoko egitea?... Maltzur, zital, odoltsu, urde, baldar, dollor, kakaputz... orrelako ta oyen antzeko itz goxo ta aipagarriaz, noski. Eta zer keiñu, zer esku arpegiari eragite, zer zirkiñaz lagundu ere ote zun jardun zitala?... Aa! Eta zer par-algarak egingo zituzten aren kontura...!

        Bai al zekin, jakin ere, berak, Basurdi'k alegia, zenbat iraun zun, an lurrean etzanda, kordegabe? Eta zer egin ote zun Erko'k, bitarte ortan?...

        Ai! Eta zergatik ez ote zun bera an bertan il? Orixe ere arrigarri zan ba... Etzion onez, noski, berari bizia barkatuko, ez. A! Jakin, jakin zital arek ere, ezin leitekiela kordegabe dagona iraindu, ez eta oñaztatu... Eta ala, bizia luze-erazi zion, beste eriotz lotsagarri ta gogorrago bat eman nayean...

        Eta alakoak asmatzen ibilliko zan, ura bai, seguro aski. Laister Olearso'n bilduko zan Batzarraren aurrean salatu naiko zun, nunbait. An, danen auman, zakur zorritsu bateren antzera, lotsagarriro il-erazteko...

        Ai... Basurdi, Basurdi bai al duk lotsik? Nun dituk arestixeko berriketa, arrokeri ta azkarkeri ayek, nun? Erko zorritsu orren parregarri gelditu bear al duk betiko?

        Xuxpertu bearrean ez al zikan kikilduko Txotxa arrayo arek? Sorgin ederra ziok atso madarikatu ori! Eta zozo onek, nere ardirik ederrenak eman berari...! Zozoa, ez besteen zozoa!

        Sartuko al din, Txotxa madarikatua, sartu aker aundi arek bere adarra, ire sayetz igar ortan...! Ostikoz joko al din, jo sabel erdi-erdian...! Kaka egingo al din, egin aren ipurdi beltza musukatzera uanean...! Eta kaka-pil ortan eortziko al aun betiko, eortzi, buruko zima guziak ostendu artio.

        Eta zer egin orain?

        Utsak izan dira nere orain-arteko egiñal guziak. Utsak ere sorgiñaren birao ta nastekeri guziak. Sorgiña al zan, izan agiz, Txotxa aizeputz ura? Eta ez al zidan Txurrumurru'ra joateko esan, an bizi dirala egiazko sorgiñak, sorgin eragilleak eta...

        Alaxe da bai...! Nola joan, bañan. ara? Erko'k nere aurka jarri bait ditu an danak. Ez daukat nik Txurrumurru'n ezer egitekorik. Erko'ren eremua da ura, nere etsayaren lan-tokia.

        Aa...! Artzaren nere eizeketa eder ura! Ezin nian laisterka eizatu ez, egia, ez eta burrukan ere; menderatu nian, bañan, azkeenean, maltzurka bazan ere. Erko au ere artzaren antzekoa da. Ezin atzitu izan dut burruka, ez eta laisterka ere... Bañan, atzituko dut bai, atzituko, arrayoak ezpaitu, naiz eta ortarako iñungo maltzurkeri guziak agertu bear baldin ba ditut ere...

        Datorren Batzar orren aurrea artu bai, ta bertan salatu bearra dut, Olearso'ko jaun guzien aurrean salatu, bai. Eta kostako zayo bai, bere burua garbitzen, kostako, nik edatutako sare oyek urratzen. Ez diat uste, Mendaur'ko usoak baño zori obea izango dunik.

 

* * *

 

        Etzun, bañan, Basurdi'k Batzar artan eser-lekurik. Ezta bear ere. Artan eseriko ziran bi etxeko-jaun erosiko zitun, eta ayen aotik mintzatuko zan bera, gogor mintzatuko gañera.

        Artu zitun, ba, bi ardi gizen eta lau gazta eder, eta Urgoiti ondoan dagon Altzi baserrira abiatu zan. Altzi ta Urgoiti aserre ziran aspaldi, mugarriak zirala ta etzirala. Ta aserre ontaz baliatu zan gure Basurdi.

        Ta etzun lan aundi izan Altzi'ko etxeko-jauna Urgoiti'ko Erko'ren aurka jartzen. Sekulakoak esan zitun an, mutil kristau aren aurka: Txurrumurru'ko ura esan batez ere: Erromatarren izenean... ayen izenean eta onean, an maitagarriak gordetako abereski ayek lapurtzen ari zala. Berak, Basurdi'k ederki ikusi zula, bein baño geyagotan ikusi ere. Eta berak ezin zezakela ango Batzarrean ezer ere azaldu, bertakoa ez zalako. Eta orregatik zetorrela Altzi'ra, gizon zintzo, ta erriaren onari begiratzen zekiena zalako... Ta etzala gauz aundi, bañan, utskeri ayek, arren, artzeko, berari egindako arrera on aren mesedez.

        Ta Altzi'ko jaunak: bayetz... eta egiñaletan sayatuko zala eginkizun aundi artan... Ba zekiala Urgoititarrak giza txarrak zirala. Etzula, bañan, iñoiz alako gauzik ayengandik entzun... Eta orain danak batean ordaindu bear izango zituztela, ta...

        Basurdi'ren poza Altzi'tik irten zanean. Altzi'ko jaunare'kin ez diat aski, bañan, —asi zan bere buruakin—, Urgoititarrekin aspaldi aserre dagola ta, ez diote agian, jaramon aundirik egingo... Beste jaun bat, eta jaun zintzo bat bear dut nik, gauzak itxura on artu, ta danak errax siñistu desaten...

        Artu ba, beste bi ardi ta lau gazta eder, eta Mendibil'go Kostorbe'ra joan zan, gure gizona. Kostorbe'ko jauna, jaun aguretsu agurgarri bat zan. Eizon bakuna. Etzakian zer zan gezurrik. Etzun iñoiz iñungo dollorkeririk egin.

        Eta asi zitzayon gure Basurdi: etzala Erko mutil gaiztoa... Bañan, zorigaiztoko Erroma artan Kristo zeritzan azti aundi batek sorgindu zula. Ta arek erakutsita edo, oitura arrotz eta txarrak ekarri zitula onara... Eta oitura oik sartu nai zitula Euskalerrian... Eta emengo siiiiste guziak ezesten zitula, gezur aundi batzuk dirala, esanik. Eta argatik, berak agian asko uste etzula ere, emengo sorgin guziak, Mari buruko dutela, gure buru gañetara erortzeko arrisku aundian zaudela ta...

        Arri ta lor entzun zion Kostorbeko jaunak, eta:

        —Bai. Basurdi, bai —erantzun zion—. Garrantz aundiko gauzak dituk oik... Danak Batzarrean azaldu bearrak dituk.

        Eta gero, Basurdi'ren ardi ta gaztei begira:

        -Toitzik ik. Ez didak orregatik ezer eman bearrik. Nere eginbearra duk ori.

 

aurrekoa hurrengoa