www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I
EZKURRETAN

 

        Izartxo basora doa, argi-xirrintaz apustu, bere anaitxo Xinko ta Xanko'ren lagun.

        Ke urdiña ageri da, beko etxe beltz guzietatik gora. Ollarren kukurruku alaiak eldu dira belarrietara,... eta etxeko-andreen purra-purra biziak,... eta arraitzen zirri-zarra gozoa,... eta gurdien juin-juin luzea...

        Orbel-usaya dario basoak, iratze-usaya...

        Ez du, oraindik, erabat argitu, ta Eguzki begira dago nexka pertxenta. Ez nai asi lanean lenago, iñundik ere!

        Odolduxe da sorkaldeko sauri-ondoa. Asi da gorritzen Larrun'go tontorra. Eta ona nun altxatzen dan polliki-polliki urrezko bola gorria.

        Eta lenengo argi-izpiak ikusi orduko, besoak eta burua apalik, makurtzen da nexka, eta jaun Eguzki agurtzen du irutan, itz ok esan bitartean:

        «Eguzki jaun ederra...! Zeruan zer berri?... Sorgiñen begia galdu,... gaiztoak kanpora,... onak barnera,... gaztañak eta ezkurrak magalera,... sugeak eta piztiak leizera...».

        Xinko ta Xanko, bitartean, larrean aron kardulatzaren loreak biltzen. Eta eskuxorta egin duteneko, arizti-egira doaz ariñikietan, eta ango tantai luzeenari itxasten diote gerrian, eguzkiari buruzki. Mari'k 'begizko ta gañerako oker guzietatik gordeko ditula uste bait dute, baldin eta eguzki-lore ok Eguzki, bere semeari, eskeintzen ba-diote.

        Eskur-biltze lan atsegiña dute gaur Lizardi'koak. Lizardi baitu izena, Izartxo'ren etxe politak.

        Gaztain-biltzen ari izan dira orain arte. Bizar zutiko morkotsaz gurdiak bete gurdiak ustu, etxeko garaya bete dute. Neguko jaki goxoa, naiz erre, naiz egosita jateko. Ezkurra ez dute orrela, gaztaina bezela, aletan jatekoa. Opilletan jaten dute ezkurra. Ta opil onen ao-goxokoa! Arto txiki ta garien taloak astel-egunetako utzirik, egun aundienetan erabiltzen dute beste opil berexi au.

        Errota-arri berexiaz irindu, ta eztiekin naasi, ta sagardoetan busti, ta orea egiñik errautsetan erretzen dute polliki-polliki.

        Opil goxook gaztaiñak baño gogozkoagoak izan Izartxo'k ba, ta ezkur gizen ayek biltzen asia da, zintzo aski.

        Nexkak aga luzearekin aritz-adarrak makillatzen ditu, ta mutikoek biltzeari ekiten diote, azpian, alai.

        Inguruko gaztaiñen adaburuak gorritzen asiak egon arren, aritzak musker ageri dira oraindik, ostoak mardul eta ezkurrak gogor.

        Ez du, ala ere, gerorako utzi nai Izartxo'k lan ori. Oroit da ondo, oroit aatikan, igaz gertatu zitzayona.

 

* * *

 

        Gaztain, intxaur eta urrak muskiltzen naiko lan, gerorako utzia zun nexkak ezkurren biltzea. Ego-aizeak jotzen zun gogor, egun ayetan. Eta amar egunetara luzatuz adarra, baso guzia gorritzen ari zun. Orbelak aldetan eta adaburuak kantetan, poz-esnetan zegoan gure nexka, aritz-iñarrosterik etzula aurtengoan izango ta.

        Alako illunar batean, ordurarte ez entzundako aize-bolada sumatu zun, goiko arizti zabalean. Zeruko odei guziak bat-batean lurrera jausi lirakoen antzekoa sumatu.

        Sorgin-usaya zerion, orduko, larreak, eta etzan basora ausartu, sorgiñen batek bertan eramango zulako bildurrez. Gau arek, gañera, beste gauak baño sorgintsuagoa zirudian. Moxoluen ujujuaz batera, sekulako ots nabarmenak entzun bait ziran uuu ta aaa.

        Oyean kixkur-kixkur egiñik, etzun nai orduko egun-sentia sumatu. Altxa zan, ba, bereala, ta basora abiatu, zer eta nola eta nundik izan ote liteken gaueko ixtillu ura.

        Eta ariztira ondoratu ala, egazti-aldrak ikusten ditu aritz batetik bestera egal motxetan. Iritxi da zugaztira, sartu da, noizbat, barrura; ta ona nun berritzen zayon barteko zalaparta; berritzen, aunditzen, luzatzen. Jaso gora begiak eta... Ene Andre Mari maitia! Zer da au! Zeru guzia, gora ta bera birundan ari diran, egazti-saillez beltz-beltz.

        Eta begi aurreko aundi ta berexi artaz arri-arriturik txaloka asten da nexka, ta usoak izuturik gora egal egiten, eta egoaldea artzen danak, txilio ta txilio. Egaztiak iges egin bada, ta bera jeisten ditu gazteak bere bi begiak, laster bildu bear ditun ezkurretara. Eta: Ene bada ta ni! Zer da au? Sorgiñezko egaztiak! Orratx nere ezkur guziak iretsi! Zerekin egin bear ditut nik orain ortzeguneko opillak?».

 

* * *

 

        Orregatik, geyago nekatu bear badu ere, goizago asi da aurten nexka zintzoa.

        Ariztiaren ederra! Ezkurdiaren joria! Pipa antzeko azal uts gutxi ageri dute aritz mardulak. (Basurdeak oraindik agertu ez diralako santzu ziurra). Ez dira oraindik ustu. Eta ñir-ñir dagite ezkur-buruak eguzkitan igerika, kozkaz ertzetutako osto tartetik.

        Eta agayaz astindutakoan, goitik bera datoz, kiski-kaska adar-ostoetan joaz; eta beko goroldizko oge biguñean goxoki sartzen dira.

        Azpiko Xinko ta Xanko'k buru gañean artzen dituzte maiz ezkur-eurien tanta lodiak, eta parrari ekiten diote alako bakoitzean, aserretu bearrean; eta kasketeko guziak banan-banan zenbatzen, nork geyago artu, apustu barregarrian.

        Ba dira buruan jotzen dituztenak baño okerragoak, orbel ustel, iratz busti ta ote tartean gordetzen diranak.

        Otartxoa betez eta otartxoa irauliz aspertu bañan, inguruko baxakaranetara doaz zalapartari.

        Baxakaran urdiñez bete-beterik ditu elorriak adar biurriak; eta mutikoak, bata bestearen ondotik, aoratzen ari dira ale txikiak, ta begitartea pixka bat zimurturik, kaxka-kaxka oskatzen.

        Ez luzaro. Sumatu ditu Izartxo'k, eta beregana deitzen ditu berriro, xamur-xamur esanaz: «Atozte, atozte, gixagaxuoik! Txintxo ba-zabiltzate, nik erakutsiko dizuet zuei bai, basondoko makatza goxoa».

        Lengo lekuratu dira umeak, makatz guri erdi-ustel goxoen usaira, ta gogotsu biurtu. Ezkur-bikotea belarri bakoitzean eta bestea aoan, ixil eta txintxo ari dira, une luzean.

        Irrintzi luzeak entzuten dira, noizik bein, mendi gañetik eta beko sakonetik. Artzai eta segalarien ojuak. Eta irrintzien artean zintzarri kalaxken ots motela, eta segalarien zirrist-zarrast neurtuak. Eta ok danak alayago biurtzen Lizardi'ko gazteen lana.

 

aurrekoa hurrengoa