www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIV
IZENA DUN GUZIAK IZANA ERE BA DU

 

        Batera ta bestera, geldirik ezin egonik, ibilli zun Kostorbe'k bere gerria, ardi-larru aren gañean. Eta lenengo auzi ura bukatu zala, bukatu azkenean ta, lurretik bereala altxa, ta asi zan bizi:

        —Gurdibidearen auzi ori baño auzi aundiago bat dakartzutet nik, jaunak... Gure siñisteak eta oiturak galdu-bidean jarri dizkigutela, jaunak...!

        —Nork jarri ditu ba?, —Lizar'ak.

        —Urgoiti'ko Erko'k.

        —Urgoiti'ko Erko'-k?... —esan zuten, ao batez, iya bertako jaun guziak, zutik jarrita, ta bertan ere zegoan Urgoiti'ko jaunari sor eta lor begira.

        Beti entzute onekoak izan ziran Urgoititarrak. Alaxe zan, ordun, bertako jaun Axarko jatorra ere. Eta areago gure Erko gaztea. Uraxe bai mutil ona, iñor onik ba zan. Kostorbe ere gizon zintzoa, bestalde, danak zalantzan geratu ziran, azkeneko itz ayek entzutean, zalantzan, eta Erko'rengatik zer pentsa etzekitelarik.

        —Itz gogorrak jalki dituzu, Kostorbe, —esan zion Aizarte'k— danak bait dakigu Erko mutil ona dala...

        —Nik eztakit Erko ori onelako edo orrelako danik, auxe bakarrik dakizutet, jaunak: gure siñiste ta oituren aurka jarri dala.

        —Nola ba ori...? Zer egin dizu ba orrek? —Lizar'ak.

        —Sorgiñik eztagola esaten dabil mutil txatxu ori... txaldankeri aundi bat dala, ayetan siñistea ta..., nik eztakit zer gauz geyago...!

        —Eta zer okerrik dago ortan, Kostorbe? Nork eztu naiko sorgin galgarri oyek betiko galdu izatea?... Aa...! Eta a zer gure poza, begizko ta sorgintsu guzi oyek norbaitek kendu al balizkiguke, betiko kendu ere...!

        —Izena dun guziak izana ere ba dizu, Lizar agurgarri.

        —Zer adierazi nai didazu orrekin?

        —Ba..., egia dala, zoritxarrez bada ere, egi sorgiñak bizi direnik.

        —Ta zer okerrik lekarke ori ukatzeak?

        —Zer okerrik, diozu, Lizar? Sorgin guziak gure gañera jauzirik, danak bertan galdurik utziko ginduzketela, beñolako Lañotxo ura ta aren lagunak galdurik utzi zituzten bezela.

        —Ezer okerrik etorri al zayo Erko'ri, ori esateagatik?

        —Ez. Erko ori, bañan, sorgindua edo, Erroman artutako nastekeri berexi batez antz-aldatua edo izan bear dizu, edo ta nik eztakit..., alako zerbait, beintzat. Eta, ala..., berari ez baño guri bai, nastekeri edo sorgintsu ori ezagutzen ez dugun eki bai etorri litzaizkiguke, baita etorriko ere, iñungo oker guziak.

        —Ez daukagu, ordun, Erko ori deusengatik ezestu ta gaiztetsi bearrik.

        —Ez zera...! Sorgintsu edo ta nastekeri orrek emengo sorgiñak aserre-erazten baditu,... ta ezin ba-dute aserre orren zigorra Erko'ren bizkar gañean astindu, gaxo gu, Lizar, gaxo...! Guk ikusi bear ditugun gorriak!

        —Ez, Kostorbe, ez. Emen bildurrez kikilduta geratu bearrean, edo ta Erko ori ondatu bearrean, deitu dezagun gurera mutil ori, deitu; ta sorgintsu edo ta nastekeri ori guri ere erakusteko eskatu dezayogun. Ori deritzat neri danetan zuzenena.

        —Bai..., ta egin naiko al du ori berak?

        —Zergatik ez du naiko, ba?

        —Eztakit ba nik...! Alako mutil berexia ere dala entzun dizut eta...?

        —Ez al da orren berekoi ta okerzale izango?

        —Ez jakin ba...! Ez bait dut ondo ezagutzen.

        —Zuk ezagutzen ez, eta nundik ikusi dituzu, ba, berri oi danak?

        —Basurdi, Mendaur'ko artzai zintzo orrek esan zizkidan oi danak, lengo batean...

        —Basurdi... gizatxar orrek? —Oyanguren'go jaunak—. Orain bertan onara eldu nintzala, atzoko mozkorra ezin egosirik sasi tartean auzpezka ta zurrungaka ikusi dut. Ez al zitzaizun erdi mozkorti, etxea sakaltzera joango, atzo nere emaztearengana joan zan bezela?

        —Ez, ez. Etzan mozkor eta asmo txarrez etorri, ardi ta gazta ederrak zakarzkin, esku-ikusiz, berekin, da.

        —Bai... zerbait ematearen itxura egin bear, gero beste zerbait obea iretsitzekio. Nere andreari ere «enetxo, polita, kurlinka. basollua, ta...» olako itz zuriz agurtu zizun... Zer asmokin, ordea...!

        —Bai ote?... Nik eztakit, ba... Ez bait ditut ondo ezagun, ez bata ta ez besterik, ez Erko ta ez Basurde'rik.

        —Zuk ez ba-dituzu ondo ezagun, nik bai, nik ezagutzen ditut biek ederki, —esan zun Aritz'ak, sartez.

        —Azaldu egiguzu, ba, ordun, zuk Erko'ren izkutu ori. Esan guri zer eta nolakoa dan mutil ori, esan bai parte onako izakia dan, esan izkutu arrigarri oyek guri ere azaldu, erakutsi ta emateko, prest ote dagon.

        —Zergatik ez bada, neri ere erakutsi dizkit eta?... Utzi dezagun ba, Basurdi madarikatu ori, ta goazen gure Erko mutil eder orrengana.

        Danak dakizuten bezela, Erka Erroman izan zan. An Kaiser'rekin beti zebillela, «anfiteatro», zei aundi bateri ematen zayo izen ori, «anfiteatro»'ko jayetara ere joan bear izaten zun.

        Zei aundi ortara eramaten zituzten, urkatzerako zituzten gaizkile guziak. Eta bertan bereala il-erazi bearrean, joku berexi au eratzen zizuten. Ezpataz edo sardez edo aztamakillaz jantzi bai, ta pizti bateren aurrean jartzen zituzten, zei aren erdian. Lenengo piztiak ondatzen zitun batzuetan. Bestetan ez. Eta alakoetan, beste pizti berriak: leoi, artza, zezen, katamotz eta olakoak botatzen zizkioten, bizia galdu-erazi artio.

        Etziran, bañan, eriotzera ondatutako gaizkille guziak era berekoak. Edozein giza bezela, biraoka, ojuka, negarti ta koldar iltzen ziran batzuk. Eta auxen zan arrigarria, jaunak, beste batzu irriparrez, onetsiz, etsayei barkatuz eta zoriontsu iltzen zirala.

        Ok, besteen alderantziz, era ta urte guziko gizakiak ziran gañera: gizon da emakume, zar da umetxo. Aundiago oraindik. Askotan, leoi ta zezenak eta... ayei jazartu bearrean, bere oñetan exeri ta esku ta oñak milikatzen zizkiela... ta surtara botata ere etzirala erretzen.

        Gauz arrigarri zala, agitz, ura ta, ea nortzuk ote zitezken gira ayek galdeka asi zan Erko bereala. Ta... kristauak ziraleko beste gaberik gaitzetsitu zituztela, erantzun zioten. Erko'k orrekin bakarrik pakean gelditu nai ez eta, galde oneri, galde orreri, ok ikasi zitun:

        Gezurrezkoak, aizeputz utsak zirala, guri ainbeste bildur ematen dizkiguten, sorgin, lami, basajaun, itxitxo ta abar...

        —Nork darabilzki, ordun, mundu ontako indar izkutu guziak: euriak, ekaitzak, illargia, eguzkia,... ta, —Kostorbe'k.

        —Izaki bat bakarrik omen dago gure buruen gañetik: Urtzi, Jaungoikoa, Jesukristo. Eta izaki onek ez omen du neurririk ez eta azkenik ere. Ta ona, oso ona omen da bera dan guzia. Ta aren esku al guzti dunetan omen dira gauz guziak.

        —Nork igorri zigun, ordun, igazko legorte ikaragarri ura?

        —Guk ere jotzen ditugu, maite ditugun semetxoak eta... legorte ura...?, ba berak, Urtzi'k, guk egindako okerren bat zigorkatu nairik, edo ta zerbait erakutsi nairik edo...

        —Zer erakutsi?

        —Nik eztakit, ba... gure semetxoak ere ez dakite askotan zergatik jotzen ditugun, eta zergatik agintzen dizkiegun gauz asko... Gauz bat dakite bañan: maite ditugula, ta naikoa dute orrekin.

        —Nola jakin, bañan, Urtzi'k maite gaitula?

        —Jesukristo deritzan Jaungoikoa gizon egin omen zan bein, guri, nolako zan, erakusteko.

        —Eta nolakoa zan?

        —Ona, ezin ainbesteko ona. Iñun topatu al izan zitun gaxo, eri, elbarritu guziak bertan sendatzen omen zitun; illak pizten; beartsuei laguntzen...

        —Ta iñork ikusi al du ori?, —Erbi'k.

        —lkusi...? Askok ikusi, Erbi. Millaka ibilli ziran berekin da. Ta gero, bera il da zerura joan zanean, mundu guzien barna, berri on ori.aldarrikatzera, zabaldu ziran asko.

        —Eztira onara asko etorri, ba...!

        —Zeñek esan dizu ezetz? Ainbeste errietan ibilli zan Done Pallo gure Kalagorri'n ere ibilli zan da...!

        —Itxoin, itxoin, bañan... Kristo ori il da gero, zerura joan zala esan duzu, ezta?

        —Bai, alaxe diote.

        —Nola il liteke, ba, Jaungoikoa?

        —Ez, nai ta nai ez, gu bezela. Berak ala nai zuelako, noski.

        —Bai... nai zuelako ilko zitzaizun...!

        —Etsayak atzitu zutela... gure maitearengatik bizia eman zula... Ez dakit, ez dakit... Ez dakizkit nik gauz oyek oraindik ondo. Obeto jakin nai dunak Erko berari galde lezayoke. Prest dago bera beti, nai dun guziari erakusteko.

        —Gauz oyek Erromako kristauak zioten, ezta? —Kostorbe'k.

        —Bai, ala dio Erko'k.

        —Eta orregatik bakarrik, il-erazi ote zituzten anpitratro artan?

        —Bai, ala dirudi. Ango jainko aizunen apaizak eraginda, noski. Kristauak azi ezkero, ayen irabaziak galtzen bai-zijoaizkien...

        —Ba... emen alako apaizik izaki ez eta...

        —Egia al zan, ba, Kristau ayek ziotena? —Erbi'k.

        —Suaren gañean eta piztien aurrean, ezta errax gezurrik esaten, baldin eta argatik, ayen ortz artean, bizia galtzera beartzen ba-zaye, —Arizti'k.

        —Eta ez al dira, gure artean ere, asko gorrotoz eta setaz gauz batean errotzen, eta naiz eta bere burueri kaltetan ari, artan iltzear gogortzen diranak...?

        —Bai, ezagun ditut nik olako batzu. Eta Basurdi, mozkor arrail ori, ayen artean... Ez dut, bañan, uste leoi ta katamotzak eskuak millikatzera etorri litzaizkioken.

        —Ikusi duzu, ba, Kostorbe, Erko orrek ez dakarkigula iñungo oker eta gaitzik, —Lizar'ak.

        —Gaitzik... diozu, Lizar? Ez al digu, aitzitik ere, oraindik palta zaigun zorion guzi ori ekarriko...! Biar bertan noa Erko mutil martzal orrengana, gauz eder guzi oyek obeto jakin nayean.

 

aurrekoa hurrengoa