www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa  

MARIAREN ILLARI OSAGARRIA

Madrid'ko Santo Tomas'ko elizan
Mariaren Kortekoai bere ejerzizioetan Zuzentzalleak
egunoro irakurten eizten ejenploak

 

 

LENENGO EGUNA

 

        Maria guziz santak santa Gertrudisi agertu ziozkan gauzen artean (eta oiek eziñ ipiñi litezke dudan) arkitzen da bat, Maria txit santa, ill guzian bera serbitzera eta onratzera prestatzen danarentzat txit pozkarriak diran itz oiez aditzera ematen dana. Ama laztanak esan zion, bada, zenbat itz kristau fededunak nere onran esaten dituzten, beste ainbeste urrezko lore dira; baña nik diran guziak obari eta irabazi andiaz pagatzeko, eta nere Seme jaungoikozkoaren eta Santu guzien aurrean bear bezela agertzeko bakarrik artzen ditut lore oriek. Alatan non, onen erara, persona berenkoiak, eta ala eztiranak, guziak irabazi eta bentaja berdiñak ateratzen dituzte Mariaren onran egiten diran lan oetan. Oietako batzuek Mariari atsegiñ egiteagatik bakarrik serbitzen dute Ama maite au; añ desitsatsiak eztiran besteak, Mariak lagunduko dielako uste eta konfianz utsez serbitzen dute, eta dudarik gabe au egiñgo du zurekiñ: asko da zuk ill onetan zere irabaziak Mariaren eskuetan ipintzea, zerren Ama añ on eta esku andikoaren eskuetan ezer ere galtzen eztan.

 

 

BIGARREN EGUNA

 

        Egia onen testigu izan zan Eskilio gaztetxoa, norzaz san Bernardoren Erlijioaren istoriak oroipen pozkarria egiten duen. Oraindik amabi urte ez al zeuzkan, ordurako biziera gaiztoa zeraman; baña gazte au Jaungoikoak beretzat nai zuen, eta gaitz andi batek artzea nai izan zuen, ainbesterañokoak, non guziak etsi, eta puntu batetik bestera erioren begira zegoen, noiz nai kordegabe geratuaz; eta orra nun begira zeuden guziak hill zala, uste zutenean, su eta garrez betetako leku batera eramana izan zan, eta andik iges zijoala, beste sala batean sartu, eta Zeruko Erregiña, Santu asko berekiñ zituela, an arkitu zuen. Eskilio bereala beraren oñetan auzpeztu zan, baña Birjiñak bekoki illunaz beregandik bota zuen, berriz surtara eraman zezatela, aginduaz. Doakabeak Santu aiei urrikaltasuna eskatu, eta Ama maitagarriak oiei esan zien: Gazte hura gaizto biurri bat zala, eta auk bere bizian Ave-Mari bat errezatu etziola, Santuak triste argatik erregutu zioten, onduko zala esanaz. Bizkitartean Eskiliok, laborriak artuta, deboziora oso eman, eta bere bizi guzian bera serbituko zuela, Maria txit santari agintzen zion. Orduan Ama biguñak, lenengotik txit zorrotz artu ondoan, igaroko bere itza gorde zegiola agindu, eta sugarretarako eman zitzaion epai edo sentenzia aonekiñ desegiñ zan. Onetan ezaguera etorri, eta bere gaitzetik sendatu zanean, Birjiña txit santa onratzeko beargaia batez ere daukan, San Bernardoren Erlijioan sartu zan, eta gero birtutean ainbesteraño goratu zan, nun santu izatera iritxi zan, orañ Ama amodiotsu onen gloriak kantatzen zeruan egonaz.

 

 

IRUGARREN EGUNA

 

        Antziñako denboretako jende guziak txit askoan iduki zuen Teofiloren gertakari gogoangarri, Teofilo beraren adiskide kutun, Constantinoplako Patriarkak berak bere begiaz ikusi eta kontatua. Geroago Metafrastes, san Pedro Damianbo, Autungo Obispo Honorio, Florenziako san Antonino eta beste zenbait gizon andi jakintsuk kontatzen dute. Justiniano Enperadore zala, Teofilo iritzi añ andian zegoen, nun Obispo izateko txit egoki eta berarizkotzat iduki zuten; baña onetarako esleitu bazuten ere, berak nai etzuelako, Ciciliako Adana deritzan erriko Eliz nagusiko Arcediano egiñ zuten. Andik laster, eliz artako diruak gaizki gastatzen zituelako gezurrezko asmazio itsusia somatu zioten, eta bere goimallatik lotsagarri bota zuten. Iñoiz ere lo ez-datzan etsaiak, deretx onez baliatua, judu zar gaizkiñ edo sorgiñ bat aurrean ipiñi zion. Onek bere sorgiñkeriaz goibeltasun eta barrungo illuntasunean Teofilo erori erazi, eta bere eskuz firmatutako txartel baten bidez bere anima demonioarei ematera beartu zuen. Guziaz ere bildur eta erkiñdadearen imurtzi miñak laster asko sentitu zituen, eta biotzeko damu eta pena andiaz ontasunaren Ama santaren kapilla batera joan, eta bere imajiñaren aurrean lurrean auzpeztu, eta, alabaña biotz damutu baten erreguak sekulan despreziatu etzituela, eta penitenzia egiñ nai duen pekatari bat iñoiz ere beregandik bota etzuela, bere urrikaltasunaren lengo edertasun eta malla goratua bigur zegiozkala erregutu zion. Au berrogei egunez eta arpegia lurrean zuela , eskatu zion; baña alaingo negar eta antsia tristeaz, nun bere Ama onaren erraiak oso samurtu zituen, eta berrogeigarren egunean, bere anima eskura emateko deabruari utzi zion paper edo txartela beñgoan bere aurrean ikusi zuen, eta bereala bere Obispoak Elizarekiñ eta Jaungoikoarekiñ ongi ipiñi zuen. Eta tratu gaizto aren bidez itsustutako anima hura edertzea Mariak añ ziñez eta benaz bere kontura artu zuen, non birtutearen gañean birtutea, eta graziaren gañean grazia montoituaz, bere biziera ederra zala bide, Santuen erroldean jarria ezatea merezitu zuen, eta oietako bat bezela beneratzen du Elizak Otsaillaren laugarren egunean.

 

 

LAUGARREN EGUNA

 

        Maria, berari jaiera eta debozio diotenen animen ezezik, gorputzen ere anparatzallea da. Quitoko lirio sonatu Jesus Paredes, beatifikatu edo doatsu egiteko egiñ ziran auzi-paperetan, kontentagaitzena ase eta iñolako dudarik gabe ipiñi litzakeen paper aietan kontatzen dira suerte oneko anima ark Aingeruen Erregiñ andi Maria txit santagandik artu zituen on eta mesede arrigarriak. Oraindik txit aur zala, eskuko beatz bat añ leku gaiztoan zeukan, non beatz arrek oñaze miñak emateaz gañera, andik miñ bezia sortuko zitzaiola uste zan. Jesus Paredesekiñ batera azitzen zan, eta gero mirariaren berri eman zuen neska txiki batek au ikusten zuen; eta errukiak mugituta gaitz hura andia eta ondore txarrekoa zakam eta sendagarriak ipiñtzen berealatik asi bear zuela, onginai andiaz aditzera eman zion. Ez ikaratu, Marianak (onela zeritzan munduan), arpegi alaiaz eranzun zion; nere miñak orrenbeste bear ezduta; eta zeruko argia izan bazukean bezela, gañera esan zion: orañ ikusiko dezu nola ni sendatzen naizen; eta bereala bere atsegiñ kontentu guzia zan Mariaren imajiña txiki baten aurrean belaunikatu zan, gorputzaren bear eta premietan ere nolako uste eta fedeaz beragana bidegiñ bear degun, txit ederki guri erakutsiaz, eta Ama maiteari bere eskaria egiñaz, umiltasun guziaz bere laguntz eskatu zion. Esan eta egiñ. Miñ zion beatza, iñolako matxura gabe, sendo eta ederki, eta sekulan enpatxurik izan ezpazukean bezela, puntu batean bere lekuan agertu zan. Mirari añ oi ez bezelako eta ustekabekoa ikustean, neska-txiki biak arrituak eta mirarituak geratu ziran; baña Marianak gertakaria ondo begiratu eta ezagutu zuenean, gauza guziaz aurretik bere ongille andiari esker gozo ugaritsuak eman, eta bereala gertakari aren gañean itz bat bera ere iñori, ez etxekoari eta ez kanpokoari, esan etzegiola, lagunari erregutu zion.

 

 

BOSTGARREN EGUNA

 

        Franziako errege Luis XIren alaba eta Luis XIIreb esposak, Mariaren birtuteetan pensatzen beti jardunaz ikasi zuen, anima batentzat zeñ ongarria dan munduaz aztu eta mundua utsean idukitzea. Bere ezkontza legeaz kontrakotzat eman ez al zan, bada, berri au belarrietaratu zitzaion bezela pake eta sosegu ederrean geratzeaz gañera, poz atsegiñaren señale andiak eman zituen, gero ere bere Jaungoiko onaren serbitzura modurik erosoenean emateko era eta zabaltasun osoan ikusten zalako. Bourgesko erri andira baztertu zan, non txit banaketan ezpazan, iñoren begietaratzen etzan, birtutezko lanetan eta beti bizi eta eragillea zan bere onginai eta karidadeak bururatzen ziozkan urrikaltasunezko lanetan denbora guzia emanaz, eta berari zor zaio 1581garren urtetik gure egunetaraño iraun duten Mariaren Anunziazio edo berriak ekartearen izenaz ezagutzen diran Erlijiosak ipintzea. Prinzesa santa onek Mariaren birtuteetan pensatzen añ ondo emandako denborak, baldiñ lurreko joan-etorrietan arazotu balitz, ustetzekoa etzan ondore bat eman zuen, au da, Franziako kristau-erriaren on eta probetxu andiaz eta kristau fededunen Aitaren poz atsegiñ guzizkoaz Jaungoikoaren Ama andia onratzeko, eta bere birtuteak imitatzeko Erlijio bat ipintzea. Aita Santu Leon Xak Angulemako Dukeari bialdu zion bulda batez Anunziazioko Erlijioari Mariaren amar birtute agirikoenen pest-egunak beren zortzi-urrenakiñ egiteko eskubidea eman zion; oek dira: garbitasun edo kastidadea, prudenzia, umiltasuna, siniste edo fedea, debozioa, obedienzia, pbreza, pazienzia, onginai edo karidadea, eta urrikaltasuna.

 

 

SEIGARREN EGUNA

 

        Pekatu mortalean erori eta Jaungoikoarekikoa galdu nai eztuenak, Maria guziz santari debozio egiazkoa izanaz, eskeñ begio bere serbitzuren bat, beti eta denbora guzietan. Onela iritxi zuen au Suizako Berna deritzan erri andian bizi zan donzella, guraso kristauen alaba batek. Museulu zeritzan Ministro fedegabe gaizto bigurri, bere liburu galgarrien bidez zori gaiztoko sona iritxi zuen batek gure Eliz egiazko bakarraren barrutietatik irtetera, eta berak sorgiñkeriaren izena ematen zion, baña donzellak larunbat oro Mariaren onran errezatu oi zuen Errosario santua uztera donzella au beartu nai zukean. Donzella aren esanera jarri etzan; eta egun batez Errosarioa errezatzen zegoela, txit nastua eta beregandik irtena bere burua barrundatu, eta gauza gaiztoagoren baten bildurrez, sazerdote santu batekiñ egotera Friburgora joateko buruzpidea artu zuen. On guziaren etsaiak, iru alditaraño bidean irten, eta mañaz eta indarrez donzellari eraso zion: gaiztoenak donzellari, itxuraz arrazoi indartsuak begietaratzen ziozkan; eta geroenean zalditik bota zuen; baña Jaungoikoaren Amak Satanas azpiratzeko balorea bere animan ixuri zion, onen katazka guzien damuz ere, Friburgora joan, sazerdotearekiñ egon, eta baza atera ondoan, desleialkeri eta erejiako pekatura amildu nai zukean gaizto biurriaren arte eta engañio galgarriai iges egiñgo zielako uste eta konfianza osoan, sosegu ederrean bere etxera biurtu zan, egiaz guzi au iritxi zuen bezela, kristau irazeki eta Mariaren deboto txit egiazkoa bezela biziaz eta hillaz.

 

 

ZAZPIGARREN EGUNA

 

        Txit ederki erakutsi zigun Erromako erri andiak, zer moduz urrutiratu edota gera erazi bear ditugun pekatuaren zigorrada edo kastiguak. 530en urtean, san Gregorio Andia Aita Santu zala, izurri edo peste eriozko batek ango jendearen geiena beste mundura zeraman. Suzko saiet eta dardoak zerutik jexten ikusten ziran, eta Jaungoikoa iñoiz ere baño aserreago zegoela, ikusten etzuen bezañ itsurik etzegoen. Aita santua penitenzia eta penitenzia predikatzen asi zan, Leteien izena eman zitzaien zazpi prozesio, bakoitza malla desberdiñetako personena, egiñ zitezela aginduaz, eta prozesio guzi oiek Santa Maria Andiena deritzan elizara zuzendu, eta negarrez eta intziriaz erregutzen ordu osoan egoten ziran, eta urrikaltasuna eskatzera mugitzen etzan bezal biotz gogorturik etzegoen. Orduko gertakariak eskribitu zituzten jakiñtsuak diote, orazio eta erregu aiek zirauten bitartean larogei personetaraño hillotz erori zirala. Orduan bederatzi biderretaraño Kirieleison kantatu zan, orazio laburra, gero san Gregorioren aginduz Mezan sartua. Guziaz ere gaitza aurrera zijoan, eta usiñ edo ao zabalka egitean person asko hiltzen ziran, eta, uste danez, usiñ egiten dutenai diosal egiteko eta ao-zabalka dagoenean gurutzearen señalea egiteko usadioa onetatik etorri zan. Kristauen erri nagusia, anima bat gabe, eremu egiña geratuko zala guziak uste zuten, eta ala, azkeneko erremedio eta salbazioko aingura bezela, prozesioan eraman zedilla san Gregoriok agindu zuen Ama Birjiñaren imajiña izan zan, Aita Santua bera, geienetan egiñ oi zuen bezela, eliz-lan guzietara joanaz. Kristauak prozesioan zijoazen bezela, zeruko musika soñu zoragarri bat aditzen zan, kantatuz Pazkoako antifona: Regina caeli laetare, alleluia, quia quem meruisti portare, alleluia, resurrexit sicut dixic, alleluia, eta Aita Santuak oni geitzen zion: Ora pro nobis Deum, alleluia. Au esaten zan garaian person askok ikusi zuten, izurri edo pestea laster geratuko zalako señalean Adrianoren torre gañean ezpata zorroan sartzen zuen Aingeru bat (geroztik torre hura Sant-Angeloren izenaz ezagutzen da) eta egiaz eta begiaz ala geratu zan.

 

 

ZORTZIGARREN EGUNA

 

        Sosegu zeñ ederrean hiltzen dan Mariaren maitatzalle egiazkoa! Jerusalengo eta Siciliako erregiñ, Varko eta Güeldresko Dukesa, eta gero Santa Clarako monja beartsua, eun eta bost urtean bizitu zan, irurogei eta emezortzi kortean, eta ogeita zazpi komentuan; baña, guzion zorra pagatu bearra etorri zitzaion. Bere bizian bi debozio guziz artuak izan zituen, bata Jesukristo gure Jaunaren Pasioari, eta bestea Maria Birjiñari. Ordurako kemenak joanta, Ostiral Santu egun-sentian, zeruko Esposoak Bera gugatik hill zan egunean bertan beregana eraman nai zuela, bere aizpa maite monjak uste izan zuten, eta onelako mesedegatik berarekiñ poz atsegiña artzera joan zitzaizkan, eta orra non agertzen dien, ezeztatu zirala, egia zala egun hura berak txit maite izan eta beneratu oi zuela; baña egun artan hilko etzalakoan seguru egon zitezela. Nere zorion guziak gañera, esan zuen, larunbatean etorri zaizkit. Egun onetan ezkondu nitzan nere senar on eta Errege Jaun Renatorekiñ; egun onetan sartu nitzan Loreton nere agindupeko guzien alabazen erdian; egun onetan mundua utzi, eta erlijioan profesatu nitzan, eta bigar, au da, larunbatean, joango naiz nere esposo eztitsu Jesusen laztan gozoak zeruan artzera. Eta egiaz ala gertatu zan, zerren bere anima sosegu andian Birjiñaren eskuetan uzteko bakarrik Jaungoikoak gorde bazukean bezela, bigaramoneraño bizitu zan, eta egun au etorri zanean, gorputzeko presondegitik zerura egatu zan, sekula guzietan Semearekiñ Amaren laudario eta alabanzak kantatzen diardutenakiñ batutzera.

 

 

BEDERATZIGARREN EGUNA

 

        Aita san Franziskoren lagun maite eta estimatuenetako Fr. Leoni begietaratu zitzaion beste geiagoren artean ondorengo ikuskaria. (Auriem, t. 2, pag 289). Begietara zitzaion zelai zabal batean azken juizioa, nora, juiziora deitzen zuen tronpeta izugarri baten otsera, konta al baño geiago jende batu, eta beste asko batuaz zijoazen. Onetan eskallera bi ipiñi zituzten, bata gorria eta bestea zuria: eskallera aiek lurretik zerurañokoal ziran; lenengoaren tontorrean Jesukristo zegoen, eta bere aldean Aita san Franzisko, nork andik igotzera bere semeak arpegi gozatsuaz animatzen zituen. Asi ziran onela egiten; baña batzuek irugarren mallatik erorten ziran, besteak laugarrenetik, besteak amargarrenetik. Orduan Guraso santua biziro estututa, beste eskalleratik asi zitezela, ojuka asi zitzaien, bada eskallera aren goienean Maria txit santa zegoen: erlijiosoak lasterka ara joan, eta Ama txit errukitsu onek eskua eman, eta zeruan sartzen zituen. Gure galdubear tristeak, baldiñ Andre miragarri onegana bidegiten ezpadegu, bada onen bidez iritxi bear dute beren salbazioa zuzentasunaren eskalleratik eta bide zuzenetik joan nai dutenak.

 

 

AMARGARREN EGUNA

 

        Infernua animez betetzea galerazteko, Maria txit santak guzizko indar eta eskua duela gure buruetan sar dediñ, gauza berarizko eta egokiagorik ezer ez, Santo Domingoren bizitza eskribitu zuten jakintsu guziak dioten bezela, Franziako Albis deritzan erri andiko gaizkindun baten barrundik Santu onek demonioai bortxaz atera erazi zien aitormen edo konfesioa baño. Gaizkindun au Carcasonan Santuari bere aurrera eraman zioten, eta bere biraumen edo konjuruak egiñ, eta zeruan bizi ziranetan bildurrik andiena nori zioten, eta beragatik gizonak nor geien maitatu eta onratu bear zuten, galdetu ondoan, burruka eta iskanbilla izugarria atereaz, deadartzar eta siñu itsusiaz beren amorru bizia agertu ondoan, eranzuen zioten: Adi zazute, kristauak, nai edo ez aitortu bear deguna; Jaungoikoaren Amak eskubide guzia dauka gure atzaparretatik bere serbitzariak ateratzeko. Eguzkiak lañoa bezela, Berak desegiten ditu gure sare eta lazo guziak; Berak galerazten dizkigu gure lan eta irabazi guziak. Gure damu gorri gaiztoan aitor degu, bere sebitzuan iraun duenetako ipor sekulan gurekiñ infernuratu eztala. Trinidade guziz Santuaren aurrean Berak ateratzen duen suspirio bakar batek indar eragilleagoa dauka, beste Santuen erregu-eskari guziak baño. Bakarrik Berari bildurrago gatzaizka, zeru guziari baño. Jakitzute, bere erreguen indar eragilleagatik kristau asko salbatzen dirala, eriotzeko orduan; eta Berak desegiñgo ezpalitu gure arte, lazo eta sareak, oraiñgotz lurraren gañean Elizari azken ondamena emango giñioala, eta Eliz onen seme-alaben fedea oso galduko genduela. Aitormen onek txit ondo merezi du munduko eliz guzietako liburutegietan ondo gordeta idukitzea, Jaungoikoarekiñ bere Ama santaren gloriako, animen onerako, eta infernuaren lotsa gaiztorako Carcasonan gordetzen dan bezela.

 

 

AMAIKAGARREN EGUNA

 

        Hungriako Errege san Esteban gloriatsua san Anselmok esan zuena egia zeñ andia zan, eziñ obeto agertzen duen testigu bat da, au da, Mariak bere begi urrikaltsuak zearkatzen diozkan hura salbatzea, eziñ datekean gauza bezela dala. Estebanek bere aurtasunetik au egiñ zuen, bestek ez bezelako biguntasun eta amodioaz, eta Errege izatera igo zanean, bere erreinu guziak Ama maite au erreinu guziko Erregiñ andiaren izenaz deitzea, eta alaiñ onratzea, nai izan zuen, non alkarren arteko izketetan iñoiz ere bere izena aotan artzea debekatu zuen, izen au beeratu etzediñ. Bere koroa, eta errege-zigorra, eta bere esku eta aginte guzia zeruko Erregiñaren eskuetan ipiñi zituen, bere serbitzari umillenetakotzat bere burua idukitzea nai izanaz. Enperadore eta prinzipe txit goseti Conradok Hungria eskuetaratzeko buruzpidea artu zuenean, Enperadorearen gerrariak erreinuko mugetan zirala, eta bereak supitoan arrapatzeko itoka zetozela, jakiñ ez al zuen, gizonezko ujol ari ataka isteko bear ziran neurri eta zuzenbideak eman, eta bereala Mariaren imajiña sagraduaren aurrean auzpeztu, eta orazio labur au egiñ zion: «Nere Erregiña, zure erreinuen zati bat onratzea nai badezu, erregutzen dizut, ondamen au zure anparo eta laguntzaganako nere konfianza laburrari egotzi eztakiola: Arzaiak merezitu badu kastigua, bakarrik berak ar dezala zigorrada». Zegoen lekutik jeiki, eta biotz andi errutsuaz gerrara irten zan; baña egun erdiko bidea egiñ az al zuen, Enperadorearen tropak erretiratuaz zijoazelako berria ekarri zioten, alabaña Alemaniara biur zitezela, agindu zitzaien, eta nola nai ere agindu au zerutik etorri zitzaien, bada Enperadoreak alakorik etzekien. Errege santuak berrogei ta bi urtean pake ederrean eta txit zuzen bere erreinua gobernatu, eta bere merezimentuak eriotz txit preziotsuaz Jaunak koroatu zituen, gure Ama maitearen Zeruetako jasoeraren egunean bertan, Birjiñak eraman zuen triunfoa esleituen artean zelebratzeko beti iduki zuen zale eta egarri bizia onela beteaz, eta egun añ zoragarrian aien kopurua geituaz.

 

 

AMABIGARREN EGUNA

 

        Maria guziz santari Jaungoikoaren Ama santaren izen zoragarria ukatzen Nestoriok izan zuen seta gogorra, ereje au aintzat ematera baño len Elizak berarekiñ agertu zuen firmetasuna, eta bere desleialkeriagatik oni zeruak gañeratu zion kastigu izugarria, bere Jaungoikoaganako eskergabea dan kristaua arrazoiz eta bidez bildur bear zaien gertakari eta ejenploak dira.

        Lege eta fede gabeko Patriarka onek bere dotriña galgarriak zabaltzen zituen lekuetan, au da, Constantinoplan eta bere inguruetan, Elizari egiten ziozkan galera eta ondamendi negargarriak belarrietara zitzaizkionean, Alejandriako Patriarka san Cirilok, beste andiagoak etorriko ziralako bildurrez, begiramentu eta errespeto andiko karta bat eskribitu zion; baña Nentoriok karta oni lotsagabekeri andiaz eta bere dotriña galgarrietan sendo egonaz eranzun zion. Enperadorea, eta Aita Santua Celestino berri oiek jakiteratu, eta Batzar edo Konzilioan Erroman batu, eta Konzilio onetako Gurasoak, guziak era batera, dotriña berri gorrotogarri hura gaiztotzat eman zuten, eta bereala Aita Santuak Nestoriori, bere erejiya desegiñ zezala, eta ezperen merezi zuen eskumikazioa emango ziola, esanaz eskribitu zion. Gañera Aita Sanduak bere ordekotzat bialdutako San Cirilori, Nestorioren kontra legeak agintzen zuten bezela obratzeko eskubide guziak eman ziozkan, eta Santuak probinzi artako Obispoen batzar edo konzilio bat deitu, eta joan ziran batzarre onetatik lau Obispo, Erromak erabaki zuenaren berri Nestoriori ematera. Guzia alperrik izan zan, eta Enperadoreak eskatu bear zizan zion, beste Konzilio andi bat Efesora dei zezala. Erri andi artan berreun eta geiago Obispo batu ziran Mariaren izeneko eliz andi ederrean, eta patu gaiztoko Nestorio ere ara joan zan. Eta au Konzilioa idiki zan bezela, bere dotriña eriozko eta blasfemi izugarriak an bertan berritu ondoan, bere jauregira biurtu zan, nun bera juiziora deitzera joan ziran iru Obispori sartzen guardian zeuden soldaduak utzi etziezaten. Orduan bertan Konzilioak Nestorio erejetzat eman zuen, eta Guraso santuak Batzarrean beren lanean ziarduten bitartean, Efesotar guziak orazioan, eta gertakari aien ondoreai begira zeuden, bña arratsean guzia bertan beera gertu zan, elizako ateak zabaldu, eta setan gogortutako Nestorioren kontra Batzarrak eman zuen epai edo sentenzia irakurri zanean. Laster asko zeruak sentenzi au ontzat eman zuen, bada Nestoriori zauri izugarri bat bialdu, eta bere blasfemiaren kastiguan bere mingaña ar likitxak jan, eta patu gaiztokoarekikoak egiñ zituzten.

 

 

AMAIRUGARREN EGUNA

 

        Zure lagun urkoari gaitzerako bide eman badiozu, zoaz Mariagan, eta iritxiko dezu barkazioa, Mariaren deboziotik besteak urrutiratzera al guziaz saiatzen zan Aviñongo gaitzbide-emalle nabarben batek iritxi zuen bezela. Au bera gaizto biurri izatez ez aserik, besteak saiatzen zan, Birjiña txit santaren kongregazioetara joatetik atzera eraziaz, eta kongregazioko oiez eta kongregaziokoaz gaizki itzegiñaz, eta farra eta burlegiñaz, eta, okerrago zana, urteetan aurreratua zalako, askok berari fede eman, eta bere konseju galgarriak artzen zituztela. Gizon au gaitz gogor batek artu zuen; baña erioa ortzetan bazeukan ere, ez bere uste eta iritziak mudatzen zituen, eta ez damuaren iñolako señalerik ematen zuen. Baña gero ere Ama Birjiñaren Sortze edo Konzepzio txit garbiaren eguna etorri zan, et kofradiakoak, egun onetan oi bezela, elizpest andiak egiten ziarduten, eta bizkitartean, nolanai ere Maria guziz Santaren bitartekotasunez, gaxoa bere buruagan, eta igaroko bere biziera gaiztoan pensatzen asi, eta bere uste eta iritzi gaiztoak bat batetan trukatzen asi ziran, alatan nun, arrezkero gauzak len ez bezela ikusten zituen. Onekiñ kongregazioari zuzenbidea ematen zion, eta berak len utsean zeukan Aita dei zezatela. Sacerdotea etorri zitzaion bezela, eriak, berarikiñ laztandu, barkazio eskatu, eta arren konfesa zezala erregutu zion, eta konfesatu ondoan, kongregazioan ar zezala, leiaz eskatu zion. Aita on arrek kongregazioan artu, eta hiltzen zegoen gizona animako gaitz eta gorputzeko eritasunetik denbora berean sendatua geratu zan, osasun ederrean, eta ustetzekoa danez, Jaungoikoarekiñ ongi jarria, oietik jeikiaz. (Auriem. t. 1, 2, pag. 66).

 

 

AMALAUGARREN EGUNA

 

        San Felipe Beniziok begietaratzen digu ikasbide edo ejenplo txit ederra graziari zeñ laster eranzun bear diogun, eta ala bear izan ezkero, esamesaren bildur guziak nola aienatu eta oñperatu bear ditugun erakusten digun ejenploa. XIIIen gizaldiaren aurren-aldean Florenziako zazpi merkatari txit aberats Serviten edo Mariaren serbitzariena deritzan Erlijioa ipintzeko, guziak alkar artu, eta erritik ordu ta erdira bezela dagoen Senarioko mendira joan ziran. Guziak alkarrekiñ bakar artan bizi ziran, guziak Bonfilio Monaldiren agindupean egonaz, eta onek, zenbait persona birtutekoiren eskariz komentu txiki bat Maria guziz santaren izeneko elizatxoarekiñ Florenziako ateetan fundatu zuen. Egun batez (eta Pazkoa asteko osteguna zan) Felipe Benicio meza enzuteko ustean elizatxo artan suertez sartu, eta antziña Espiritu Santuak san Felipe Beniciori zuzendu ziozkan itz: Aurrera, eta gurdi orretara iritxi zaite, oiek kantatzen aditu, eta itz oiek bere animan egiñ zuten mella alaingoa izan zan, eta Jaungoikoak famili sagradu artan Bera serbitzera deitzen zuela, añ ziñez eta benaz sinistu zuen, non gaztigu berriaren begira egon gabe, bere asmo erabakia an bertan egiñ, eta andik laster asmo au amets misteriotsu baten bidez ontzat emana, eta berak, bai bere edade andiak, nola bere jakinduria guzizkoak, nolata bere goimallak eta bere aideak begietaratzen ziozkaten aldapa, eragozpen eta begiramentu guziak ostikoperatu, eta biotz prestu deseagarriaz asmo au bereala bete zuen. Eta txit ondo merezi zuen ordañ saria gabe eziñ gera zitekean. Bere gogo eta borondateaz bestera kargurik asndienak Erlijioan idukiaz egiñ zuen biziera santuaren ondoren, beraren birtute eta jakinduri andiak alaiñ guziak arritzen zituen, nun Viterbon alkarganatuak zeuden Kardenalak Clemente IVren ondorengo Aita Santu bera esleitzeko begiaz jo zuten; baña Maria guziz santaren Zeruetarako jasoera edo Asunzioaren zortzigarren egunean bizitza egiazkora igarotzekoa iritxi, eta solaidu otzaren gañean autsaren gañean eratzan zezatela, agindu, eta bere Salbatzalle gurutzefikatuari begira gozotoro hill zan.

 

 

AMABOSTGARREN EGUNA

 

        Jakintsu andi batek kontatzen du, biziro sinistekoa dan, eta biotz prestu batek zenbateraño egiñ lezakean ezezik, gure Ama on Maria txit santaren maitagarritasuna ere erakusten digun gertakari bat; bada Ama onek berari egindako serbitzu txikiak, Jaungoikoaren adiskidetasun galdua ostera irabazi, eta betiko zori ona iristeko graziaz askotan ordañtzen ditu. Gazte noble eta bere buruaz txit pagatu bat iru Erlijioso lagun zituela, Genovatik Savonara itsasoz zijoan, eta nola emana baizan, garai artan amodiozko itz neurtu edo koplak zekaizkien liburu bat irakurriaz zijoan; eta bere hura irakurten alaingo atsegiñ kontentua artzen zuela, zion, non diru askogatik ere liburu hura emango etzukean. Erlijiosoetako batek esan zion: Gogo onez egiñgo ziñioke serbitzu bat Birjiña txit santari? Ori bai, Aita, gazteak eranzun zion: zernai gauza egiñgo det Mariaren onran. —Txit ondo, Erlijiosoak irauli zion: Mariari atsegiñ egiteko liburu ori apurtu eta itsasora bota zazu. Au adituta gazteak eranzun zuen: Orra non daukan— Ez, Erlijiosoak ostera esan zion zerorrek zere eskuz ofrendatu bear diozu Mariari doai au. Orduan gazteak kanibeta batez liburua erdibitu, eta orrien erdiak itsasora bota, eta beste erdiak Erlijiosoari eman ziozkan, nork ere, ziran guziak apurtu eta putzura bota zituen. Biotz prestuaz egindako lan au ordañ-sari gabe geratu etzan, alabaña andik denbora gutxiren buruan gazte hura Genovara biurtu, eta birtutezko biziera santu bat egitera Jaungoikoak deitu, eta Birjiña txit santak salbazioko portu seguru eta ditxaz betera, au da, Erlijiora, ekarri zuen. Oh zeñ atsegiñ Birjiña txit santari izango litzaiokean, liburu gaizto pozoniz beteak ark bezela leuzkakeanak, berari atsegiñ egiteagatik ark bezela desegitea! Arrazoiz eta bidez uste lezake onela egiten duenak, damutzeko eta biziera berri santu bat egiteko grazia. (Auriem, t. 2, pag. 115).)

 

 

AMASEIGARREN EGUNA

 

        Zerurako bide estutik zuzen eta zearkatu gabe beti ibilli nai duena, al guziaz izan bedi, Jesusen Konpañiaren poz atsegiñ, eta seme andi Berchmans doatsuaren antzeko. Bere lenengo urteetatik bere poz andiena Mariaren anditasunaz itzegitea oi zan, eta bere izketa guzietan onen gañeko zerbait sartu oi zuen, onetarako Mariaren laudario edo alabanzen gañean eskribitu zuten jakintsuen esaerak bilduta idukiaz. Ama jaungoikoagana bera bezela itsutua zegoenen batekiñ arkitzen zan guzian, oni Andre miragarri onen birtute eta pribilejioen gañeko gauzen bat begietaratzen zion, eta bere biotzaren zale eta deseoai zabaltasun guzia onela ematen zien; eta bere lagun gazte guziak gai onen gañean bere gisakoak baziran ere, iñolako duda gabe Berchmans izaten zan lanbide irazekiai sukaria eman ziozakean iñor arkitzen etzuenean, Aingeruen Erregiña onratzeko Konpañiakoak Erroman zedukaten kapilla batera baztertu, eta bere biotzeko biguntasunaren indarrez urtzen an oi zegoen, eta bere Amaren izenaz milla bider deitu, eta bere bear eta premiak agertuaz, arren salba zezala erregutzen zion. Eta egiaz eta begiaz salbazio au bentaja andiakiñ iritxi zuen Mariaren bidez, eta onek lagunduta, santutasunaren goi-mallara igotzeraño iritxiaz. Zenbat on eta grazia zerutik artu zituen, guziak Mariaren bitartez zirala, aoa betean aitortzen zuen, hill zan bezperan bere eskola-lagunetako bati agertu zion bezela, gañera geituaz itz biguñ oiek: «Nik maite det Maria, beti al guziaz maitatu det, eta bere mantupean jarrita, betiko bizitzaren uste eta esperanza osoan nago».

 

 

AMAZAZPIGARREN EGUNA

 

        Konta al baño geiago lazeri eta gaitz gogor eraman dituen Españiak berak denbora berean progatu du, nola zeruko Erregiñak berari egiten zaion serbitzu txikienetarakoa oparo pagatzen duen. Onela ikusi zan 1212en urtean, noiz sarrazeno edo moroen errege eta kristau-izenaren etsai amorratua gurutzearen adoratzalle guziak ondatu, eta desegiteko asmo eta usteetan ejerzitu andi izugarri batekiñ Granadatik sartu zan Aita Marianak kontatzen du, eta gañera, Gaztelako Errege Alfonso VIII gerra santu hura egiten zuten kristauen alde grazi eta induljenzi asko Aita Santu Inozenzio IIIgandik iritxi, eta Aragoiko eta Naparroako Erregeakiñ batu, eta Granadako erri andi Baeza alderonz joan zala. Uztaillaren 16an soldadu kristauak Sakramentu santuakiñ aldeaurrez prestatu eta Mezaren sakrifizio adoragarria enzun ondoan batalla andia eman zan. Gurutzea aurretik zijoan, eta erregeren estandartean Jaungoikoaren Ama bere Semetxoa besoetan zuela, pintatua zegoen, eta soldadu kristauai au ikuste utsez biotza zabaldu, eta guziak guzizko erru eta animoa artzen zuten. Pelea luzaroan zalanzan egon zan, eta oraindik lenengo aietan kristau buru zagiak amor eman bearrean ikusi ziran, baña beren Jeneralak alaingo erru eta biotza eman zien, eta alaingo izu-laborria etsaiaren tropai sartu zien, non beretako berreun ta geiago milla gizon ortzaz gora lurrean geratu ziran, kristauetatik ogeita bost edo ogeita amar milla baizik hill gabe. Batalla onetako gertakarien berri Errege berak Aita Santuari bialdu, eta jatzar artan parterik andiena izan zuen Toledoko Arzobispo D. Rodrigo Jimenezek an gertatutako guzia eskribitu zuen.

 

 

EMEZORTZIGARREN EGUNA

 

        Gure egunetako izkribatzalle batek, beste askoren gisa, Constantinoplako erri nagusian egiñ oi zan zeremoni modu batek nondik eta nola bere asiera izan zuen, billatuaz, Grecia-tarren Erlojua deritzan liburuan dio onela: «Apostolu santuak, Jesukristo hill ezkero, naiz lagunakiñ, naiz beren bakarrean bazkaltzen zutenean, lenengo lekua beti utsa uzten zuten, beren onra andiaz ainbeste bider berarekiñ bazkaldu zuten, Maisu maitearen oroipenean. Bazkariaren azkeneronz, geratzen zan ogia bearrekoai ematen ziezaten, kantatuaz itz oiek: Gloria bekio gure Jaun goiko Aita, Seme eta Espiritu Santuari. Andia da Trinidade txit Santuaren izena. Jesus Jauna, lagun zaguzu» Pazkoatik Espiritu Santuaren etorreraño gañera esaten zuten Piztu da gure Jauna. Gertatu zan, bada, Maria guziz santaren Iragoera edo Asunziorako guziak Jerusalena batu, eta Getsemanitik afaltegira biurtu ziranean gertakari artatik irugarren egunean) jan ondoan, usadio santu au egiten zeudela, Jaungoikoaren Ama argiz eta gloriaz inguratua airean agertzea, eta ustekabeko gertakari añ atsegiñgarrian guziak era batera deadar egiñ zuten: Panagia Deipara adjuva nos; da esatea: Jaungoikoaren Ama santa, lagun zaguzu. Eta Ama laztanak begitarte alai eta atsegiñaz eranzun zien: Sekula guzirako zuekiñ nago. Oh zeñ pozkarria dan promes au! Arren, Ama maitea, gurekiñ onela egizu, eta zere seme-alabakiñ beti egon zaite, au da, kristau fededun guziakiñ, zure Seme jaungoikozkoak bere anaien izen ederraz onratu nai izan zituen guziakiñ.

 

 

EMERETZIGARREN EGUNA

 

        Antziñako denboretan elizako kanta ederrak ipintzen zituen Venanzio Fortunatok ipiñi zuen O gloriosa Domina deritzan himno zoragarria ere, kanta onekiñ gure Erregiñ adoragarria biziro goratuaz, eta bere Seme jaungoikozkoarekiñ batera guk bera serbitzeko daukan eskapide eta deretxoa agertuaz. Au on egiteko Aita san Franciskoren Erlijio sagraduko gertakariak dakaizkien liburuan kontatzen da, ezen 1222en urtean, Erlijio sagradu oni asiera eman zitzaionetik amabostgarren egunean, Portugalko Alanger deritzan errian erlijioso oek ipiñi zuten komentuan orduan Guardian zegoenak himnoetako zeñ gogokoen Birjiña txit santari ote zitzaion jakiñ nairik, bere kontura zedukan talde txiki artako nobizio maiteenari agindu ziola, Jaungoikoaren Amari au galde zegiola. Birjiña txit santak O gloriosa Domina gogokoen zitzaiola eranzun, eta nobizioak ostera irauli zion: Ama laztana, esperatzera ere ni eziñ bentura nitekean mesede eta grazia bat egiñ didazun ezkero, arren utzi zadazu nere biotza estutzen didan pena bat zuri agertzen, eta da, nere buru-zagiak orri, nere amestzat artu, eta federik emango eztiola. Bada ondo, Ama ongilleak esan zion, berealatik kendu nai dizut zure barrungo naigabe eta kezka ori; eta eman nai dizut sospetxa guzitik libratuko zaituen señale eta prueba bat: zoaz Guardian zorrotz ori billatzera, eta ner izenean esan zaiozu, nere itza eta zurea on egiteko, datorrela orañ onera, bere fraile guziakiñ, eta oraindaño nere ezkerreko besoan egon dan oraindaño nere ezkerreko besoan egon dan nere Seme maite Jesus eskuikoan ikusiko duela. Au esan zuen bezela, nobizio birtutekoia begira zegoela, Ama txit santak beso batetik bestera Aurtxoa aldatu zuen, eta nobizioa poz atsegiñez zoratzeko zorian, zeru-lurretako Erregiñaren ontasuna zeruetaraño goratuaz.

 

 

OGEIGARREN EGUNA

 

        Jaungoikoagana biurtzea oraindaño luzatu duenak, edo biurtu ezkero berriz pekatu egiteratu danak, biotza erorteko biderik eztauka, bada adi beza Santo Domingoren bizitzan kontatzen dan gertakari sonatu au.

        Santuak bere santutasunaren usai ederrra Italiako bazter guzietan zabalduaz, bere predikuaren frutu ugaritsua arrapatzen zuen denboran, bere edertasun eta donario paregabeen bidez anima asko infernura amiltzen zituen, Florenciako neskatxa gazte batek Santuaren sermoi bat aditu, eta onen itzak alaingo mella gazte aren biotzean egiñ zuten, non, beregan eziñ kabituz, Santuaren oñetan auzpeztzera joan, eta arren konfesioa adi zegiola, erreguka asi zitzaion. Santo Domingok orduan bertan konfesioa aditu, eta alaiñ jaungoikozko suan neskatxa irazeki zuen, nun bereala negar miñari eman zitzaion. Bere ontze edo konbersioa oso eta egiazkoa izan zan; baña gaiztoena lo etzegoen; eta len añ luzaroan bere eskupean iduki zuen animaren gorputza orañ eskuperatu zuen. Infernuko etsaia urte bete osoan gorputz aren barrunbean egon ondoan, Santuak andik bota, eta gaizkiñ aidurrak animari saietsik argalenetik eraso, eta gaiztakerian lengo azkarri edo len baño areago neskatxa egiñ zuen. Santo Domingori onegatik biotza erori etzitzaion, eta, ondo progatuak bezela, graziaren indar eragillea zenbaterañokoa zan jakiñik, gaztea lotsez estalita bere oñetan aupeztzea iritxi, eta uste eta konfianza berriro sartu ziozkan, Jesus eta Mariaren izen sagraduak bere gordegarri eman ziozkan, eta geroenean, pekatari oiturazko, aldakor, onbear triste hura Jaungoikoagana biurtzeko gerora begira ez egotea, egiñ zuen, onetarako goitikako neurri eta bide jaungoikozko bat artuaz. Azken juizioa begietaratu zion, nun, juez guzien Jueza, onen aldean Birjiña txit santa, eta onen oñetan Santo Domingo bera, eta beste aldean bere pekatu izugarriak salatzen ziozkaten etsaiak zeuden. Oriek aditzean, gutxik egiñ zuen nola etsimen eta ernegazioak artu etzuten, zerren berealatik deadar bildurgarriak egiten asi zan; damu miñari onela eman zitzaion bezela, biotz on artu, eta penitenzia egiteko epe edo plazoren bat iritxi zegion, Urrikaltasunaren Amagana bidegitera Santuak animatzen zuela, begitandu zitzaion. Neskatxak onela egiñ eta Ama maite ongillearen amodiozko begiratu bat, eta pekatu guziak erabat kendu ziozkan damu egiazko bat, eta eriotzeraño onean irauteko grazia iritxi zituen.

 

 

OGEITABATGARREN EGUNA

 

        Jesusen Konpañiako Aita Poire, gizon jakintsu eta fede guzia zor zaionak eskribitzen du, berak ezagutu zuen letradu sonatu batek berari kontatu zion gertakari bat, Franzian gertatua. Letradu au emakume bategana oso itsutua zegoen, alatan nun, gauz onak egitera griñatua zalarik, eta grazia beti kolpeka ari zitzaiolarik, eriozko griña hura beregandik eziñ kendu zuen. Onetan Jaunak gaitz estu bat bialdu zion, eta gaitz au bere animaren osasun izan zan. Konfesio andi edo jeneral bat egiteko sazerdote bat eskatu, eta konfesio au egiten asi zanetik laster penitenteari biotza ixurtzen zitzaiola, konfesoreari iruditu zitzaion; baña bildurkizunik etzegoela, eta hura laster igaroko zala, gaxoak segurutu zion. Garai artan gaxoa, Birjiña txit santaren eta berak jaiera guzizkoa zion santu baten erdian gure Jauna bere oiaren barren-aldean ikusten zegoen. Juezak bekozko illunaz kondenazio epai edo sentenzia eman nai ziola, zirudien, eta orra non Birjiña txit santak, bere oñetan auzpeztu, eta pekatari triste aren asmo eta deseo onak, eta pekatua uzteko ematen zituen seguranzak agertu ziozkan. Ikusten eztezu, ene Ama, Salbatzalleak eranzun zion, oriek beti oi dituen ateraldi batzuek baño eztirala? Zenbat bider ori bera agiñdu, eta perilletik irten danean ostera pekatura biurtu dan! Gauza bearra da beñ edo beñ nere besoaren indarra orrek sentitzea. Itz oiek aditzean Ama ongilleak burua makurtu, eta eranzun zion onela: Egia da barkaziorik merezi eztuela; baña nik erregutzen dizut, barka zaiozula, beste guziaz gañera oraingoan ere, eta uste det naierara geratuko zerala. Au esan ondoan, begietatik galdu zitzaizkion, eta alaingo damu miñaz penitenteak bere konfesioa egiñ zuen, non sekulan alakorik beregan barrundatu etzuela, segurutzen zuen. Ordutik birjiñen Amak alatan biotza trukatu, eta garbitasun edo kastidadearen usai atsegiñgarriz alaiñ lurruindu zuen, non bere lokarri gaiztoetatik libre bereala geratu, eta aragiaren iñolako tentaziorik sekulan geiago sentitu etzuen.

 

 

OGEITA BIGARREN EGUNA

 

        Loretoko Etxe santuaren gertakarietan kontatzen da, ezen Veneciara zijoazen amar edo amabi txalupa Ama Birjiñaren egunetako baten bezperan Etxe santutik legua gutxira arkitzen zirala, eta txalupa aietako jende guziak bigaramonean Meza enzun, eta beretako batzuek Komunio sagradua Etxe santu artan artu nairik, guzien buru egiten zuena orretara ukatu zala, txalupak iñor gabe ikusi, eta Turqiako itsas-lapurrak atzaparrak egotzi zegiezten bildurrez. Onetan Antonio zeritzan mariñel bat Birjiña txit santaganako konfianzez beteta, bakarrik berak txalupa guziak gordetzera eskeñi zan, eta artarako txit gai zala añ ondo agertu zuen, nun, bere deseo zuzena koitu zuen. Bigaramon goizean, bada, beste guziak elizarako irten, eta txalupak zaitzen bera bakarrik geratu zan, eta orra non, luzarora begira egon gabe, itsas-lapurrenak zirala ezagutu zituen ontzi batzuek alderatzen, ikusi zituen eta Birjiña txit santari bere erregua ziñez eta benaz egiñ, eta beste guziak bera onratzera joan ziralako, bera bakarrik zegoelakoaz kontura zedilla, eskatu zion. Bere erregu-eskaria egiñ ondoan, aizkora bat eskuan artu, eta turkoak aldean zeukaten txaluparen zoko batean ezkutatu zan, eta andik laster txalupa alde batera makurtzen zala, eta an sartzera zijoan turko baten eskua txaluparen ertzean ikusita, alik gutxien iñork ikusi zezan, belauniko jarri, eta kolpe izugarri bat deskargatu, eta esku hura moztu, eta txaluparen barrura erori zan. Eskumotz geratu zan turkoak deadar añ izugarria egiñ zuen, nun bere lagun guziai zukaratzak sartu, eta txalupak jendez beteak zeudelakoan, ziran guziak igesari eman zitzaizkion. Orduan Antoniok burua goratu, eta itsas-lapurrak zerbait urruti ikusi zituenean, ostera belaunikatu, eta esku txit andiko bere anparatzalleari esker gozoak eman ziozkan. Bizkitartean Loretoko bere lagunak beren txalupetara zetozen, eta oiek turkoen ontziak urrutira ikusi, eta beren txalupak galdutzat, eta Antonio hiltzat zeuzkaten; baña au esku batean aizkora, eta bestean turkoaren eskua zituela ikusi, eta gertatu zan guzia bere aotik zutenean, arritu eta txundituak geratu ziran, eta guziak batera Mariari alabanzak ematera onek beartu zituen, eskerrak emateko Loretoko Leteia kantatuaz.

 

 

OGEITA IRUGARREN EGUNA

 

        Portugalko prinzesa Juanak txit ondo merezi du munduko erregiñ andienen artean leku onenetako berari ematea, prinzesa batek bear dituen prenda guziaz ornitua zegoelako ezezik, bere aita Alfonso Va eta anaia Juan II-na Afrikako moroakiñ gerran zebiltzan bitartean erreinua añ ongi gobernatu zuelako ere. Birjiña txit santari izan zion debozio eta beraganako uste eta konfianza bere koroa apañtzen zuten perla preziotsuenetako bat izan ziran; eta zenbait suertealditan perla onen balioa txit ondo ezagutzeko bidea izan zuen; baña batez ere bere gaztelua etsaietatik gorde zuen denboran. Lurreko prinzesa guzien ederrentzat zegoena zan; eta bera ikusteko suertea zutenak, aoa betean esaten zuten, ez gizonen arteak, ez pintatzalle onenak egiñ zezakeala grazi ederragoko gauza bat. Parerik etzuen bere edertasuna bere Esposo jaungoikozkoari konsagratzeko zeruko ixill-mandatu eta zale eta deseo irazeki bat beregan sentitu, eta ori egun señalatu batean, eta suertealdirik andi eta gloriatsuenean egiñ nai izan zuen. Biktori andiak irabazita Afrikatik zetorren bere Aitari ongietorria egitera bidera irteteko txit ederki apaiñdu , eta gala eta apañdurak bere edertasuna alaiñ geitzen zuten, non bera ikusten zuten guziak zerutik jetxitako aingeru baten pareko egiten zuten, eta batez ere bere Aita añ prendatua eta arritua geratu zan, nun bere alabak nai eta eskatzen zion guzia emateko prest zegoela zirudien. Baña nori buruak eman zegiokean prinzesa añ eder, lirañ eta munduko erregeen andienarentzat txit diña zan prinzesak, jende guziaren atsegiñ-kontentuzko egunean bakarrik Jaunaren serbitzura emateko baimen eta eskudanzia eskatuko zuela? Guziaz ere Erregeak, Jaungoikoaren bildurrekoak bezela, alabaren gogoa errespetatu, eta kontrarik egiteko biotzik izan etzuen; baña beregandik irtena bezela geratu, eta itz bat bera eziñ eranzun al izan zion. Bere alabak ixiltasun au ixilikako baimentzat artuta, al zuen ondoen bere gauzak zuzendu, eta lenbait len erlijioan sartzeko egiñkizun guziak berealatik egiñ zituen. Berarekiñ bere anaia prinzipe Juan, eta korteko Jaun andienak joan ziran komentura, eta ziran guziak lutoz jantzi ziran, lurra ematera bazijoazkion bezela.

 

 

OGEITA LAUGARREN EGUNA

 

        Baldiñ Portugalko errege Alfonso Vak aurrekoagandik ikasi zuen Mariaganako debozioaren bidez iritxi zituen on eta mesede guziak bat-banaka kontatu bear bagindu, sekulan ere sall oni azkena emango ez giñioke. Asko laztan onen laguntzarekin denbora aietako prinzipeen andienetako bat izan zala errege au, zerren buru txit argi eta azkarra izateaz, eta jakintasunai eta jakintsuai amodio andia agertzeaz gañera, jan-edanean txit begiratu eta kontuzkoa, bere biziaren guziz garbia, aserrea gozatzen erraza, koleratzen gaitza, guzientzat, baña batez ere katibu zeuden kristau beartsuentzat esku luze ongilleduna izan zan, eta azkeneko prenda onenetatik etorri zitzaion katibuen libratzallearen glori ankiko izena. Itz batean, kristau on bati bearrak zaizkion ongarri eta bentajakiñ, eta pekatu benialaren itzalerañokoari gorroto bizia izaterañoko konzienziako garbitasunarekiñ, errege andi eta garai bati bearrak zaizkion doaiak batutzen jakiñ zuen. Bera izan zan Aita Santu Calistoc turkoaren kontra eraiki zuen gurutzada andian sendo eta firmae irauin zuen errege bakarra, eta errege andi onek 1458en urtean lenengotik ogeita bost milla gizon besterik berekiñ etzituelarik, goi eta be eraso zion. Berberiako plaza portitz eta gogor Azellari erasotzeko, Birjiña txit santari egiñ zion orañ esango degun promesa: Baldiñ erri hura eskuetaratzen laguntzen bazion, gorputzaren tamañoko imajiña zillarrezko bat zaldiz eta arma guziaz ornitua eragiñ, eta bere izeneko eliza batean ipiñiko ziola, sekulako gogoangarri izan zediñ. Bi milla turko hillotz eta bost milla atzituak geratu ziran, eta etsaiari kenduta, beretzat ezer artu gabe, soldaduen artean zabaldu zituen ondasunen balioa zortzireun milla eta geiago ezkutu lodira igotzen zan; eta egiñ zuen promesa bete edo kunplituaz zillarrezko imajiñ hura Zarzako Ama Birjiñaren elizan ipiñi zuen. Azella artu zalako berria Tangerra iritxi ez al zan, itsumustuan ango jende guziak al zuten guzia beren ondasunetatik bildu, eta andik iges egiñ zuten, armak erabilli bearrik-gabe Alfonso an sartuaz.

 

 

OGEITA BOSTGARREN EGUNA

 

        Santa Brigidac zerutik izan zituen argi edo ixill-mandatuetan irakurten da, Maria guziz santak egun batez esan ziozkala itz oek:

        «Ni naiz zeruko Erregiña, urrikaltasunaren Ama, justuen atsegiñ kontentua, pekatariak Jaungoikoagana erakarten ditudana, nere bidez arintzen eta eramangarriago egiten eztan tormentu eta penarik purgatorioan ezta». Tormentu aietatik ateratzeko Mariak daukan esku andia bezela, aipatuko det eman san Pedro Damianok kontatzen duen gertakaria, Erromako erri andian añ sonatua izan zan gertakaria, non bere oroipenak beti iraun zezan, arri zurizko ol eder batean urrezko letretan ezarri, eta Porticoko Ama Birjiñaren elizako aldare nagusiaren aldamenean ipiñi zuten. Dio, bada, ezen, 1072.en urtean Erromako emakume batek Asunzio eguneko eliz-pestetara joan ziranean artean ikusi zuela aspaldi hilla zan beste emakume bere lagun bat. Ustekabeko enkontru arrez biziro arrituta, emakume ari begiratzez eziñ aspertu zan, eta ikusten zegoena eziñ siñistuz zegoen. Eliz-pestak egin ziranean, emakume onek, jende guziaren artetik sartu, lagun zanagana alderatu, eta galdetzen dio, ea lengo bere lagun hura bera zan, Huraxe bera, hillak eranzun zion Nola agertzen zera, bada, bizien artean besteak ostera esan zion, beste mundukoa zeralarik? Zer moduz zaude an? Zer billatzen dezu emen? Hillak oni eranzun zion: berari aditzera ematera zetorrela, nola purgatorioko penak eraman zituen, eta pest-egun andi aren bezpera gauean bera eta beste asko purgatoriotik ateratzea Jaungoikoaren Amak eskatu, eta konta al baño geiago anima atera zituela presondegi izugarri artatik. Hillaren itzai fede ematea adiskideari gaitz egiten zitzaion, eta orduan hillak esan zion: urte beteren buruan zure eriotzarekiñ on egiñgo ditut nere itzak, eta esan eta egiñ, urrengo urteko egun berean emakume au pake ederrean hill zan.

 

 

OGEITA SEIGARREN EGUNA

 

        Maria guziz santak berotasunik andienaz deseatu izan du beti, amodio azkengabeaz gizonak maite izan zituen eta oiekgatik aurtxo egiñ zan bere Seme jaungoikozkoa gizonak biziro maitatzea. Nola nai ere onetarako aldatu zituen, lora-baratz preziotsura bezela, mundutik erlijiora, munduan on eta mesederik ederrenen intz atsegiñaz bustitzen zituen landare esleitu oriek. Oetako bat Jesusen Konpañiako aingeruaren izenaz dei genzakean, eta Birjiña txit santak bere maiteena bezela zedukan Koskako san Estanislao zan. Poloniako etxe andi, noble eta aberats bateko jatorria zan; etxe artatik elizako Guraso sonatu, kapitan azkar, gobernari gañ-gañeko eta gizon andi asko irten ziran. Amairu urte zituenean eskolatzera Veneciara bialdu, eta eskol artan egiten zituen aurrerapenak txit begiratzekoak ziran; baña bere atsegiñ-kontentu andiena errosarioa eskuan idukitzea, edo Maria txit santaren laudario edo alabanzak zekaizkien libururen bat irakurtea, edota Ama eztitsu ono gogokoen zitzaiola zeritzan beste zerbait egitea oi zan. Onela arazotua zegoela, gaitz gogor batek eraso zion: eta gaitz hura Birjiña txit santak berariaz bialdu ziola, zirudien, bere onginai eta amorioa agertzeko, bada debozio eta jaiera txit andia zion santa Barbara, berari komunio sagradua eman zioten zenbait Aingeru berekiñ zituela, bera ikustera Ama maitatsuak aurrez bialdu, eta ondoren Maria bera bere ikusaldia egitera etorri, eta Ama onek amodiozko milla itz esanaz fiñez asko egiñ ziozkan, besteen artean besoetan zekarren bere Seme jaungoikozkoa oiaren gañean ipiñi zion, eta eriak atsegiñ-kontentu esan al baño andiagoaz bereetan artu zuen. Ama laztanak andik aldegiteko puntuan Jesusen Konpañian sar zedilla Estanislaori agertu zion, eta mutill-gazte aingeruzkoak au iristeko, neke eta aldapa gogorrak igaro bear izan zituen; asko izan bedi esatea artara egiña ezpazegoen ere, irureun eta geiago legoa bide oñez egiñ bear izan zituela, baña bere bularreko karobi biziak guzia errazten zion. Bera nor edo zeñ zan laster asko bere bizierak agertu zuen; bada erlijioan amar illabete baño gutxiagoan bizitu zalarik, biotz andiko eta aurreratuenak ozta iritxi oi duten bertutearen mallara igo zan.

 

 

OGEITA ZAZPIGARREN EGUNA

 

        Mariaren seme onetsi eta maiteenetako bat Aita san Franciskoren Erlijioko san Bernardino izan zan. Oraindik gazte zala, bestek ez bezelako bere modesti, eta kastidadeari zion amodio, eta bere oitura eder eta garbiakgatik Jesus gaztearen irudi bizia izateko Mariak bere begiak argan ipiñi zituela, zirudien. Baña mutill gazte birtutetsuan geien argi egiten zuena, Aingeruen Erregiñaganako amodio añ biguña zan, non bera izendatzen zan guzian bere arpegitik argi-errañu biziak irteten ziran. Batez ere Sena deritzan erriko ate baten gañean Camoliacoaren izenarekiñ dagoen Ama maitearen imajiña bati jaiera eta debozio guztizkoa zion. Bere hura ikustera egun oro joaten zan, eta belaun gorrien gañean lurrean belaunikatu eta bere serbitzuak eskeñtzen ziozkan, eta esaten zion, besterik ez bezela maite zuela bere, eta Jaungoikoaren urrena uste eta konfianza guzia beregan zeukala. Mariak serbitzu onen eta besteen ezagueraz bere baliamentu eta laguntza agindu, eta Jaungoikoaren eta gizonen begietan andi egiñ zuen. Ezagutzera eman zion, txit gogoan erorten zitzaiola bere debozioa, eta bere serbitzuai begiratuta, iritxi ziola mirariak egiteko doaia, Jaungoikoaren eta Ama beraren gloria aurreratu zitzan. Oraindik gañera bere predikutik frutu ugaritsua anteratzeko grazia iritxiko ziola, eta zeruan bere atsegiñ-kontentuen parte andi bat sekula guzian izango zuela agindu zion. Bere adiskide kutunenak berari aditu zioten, etzeritzala debozio aren egikaria, eta zeruko Erregiñak zion onginaiaren señale agiria etzan iñolako on eta mesede Jaungoikoagandik artu zuela; eta 1427 garren urtean Senan predikatzen ziardula, guzien aurrean esan zuen, bera Maria txit santaren jaiotz-egunean jaio zala, egun berean erlijioko habitua artu zuela, eta profesatu zala, eta egun artan hill uste zuela; azkeneko au ala gertatu ezpazan ere, zerren Maietzaren 20an hill zan, onetarako egun batzuez aurretik zeruko gaztigua artuta.

 

 

OGEITA ZORTZIGARREN EGUNA

 

        Henrique IIen prinzipe guziz birtutekoia Maria txit santaren añ debotoa zan nun bere izena aditze utsez biotza samurtzen zitzaion, eta Jaungoikoaren Ama guziz santaren izenean eskatzen zitzaion ezer ukatzen etzekien. Ama maitearen eta bere Seme jaungoikozkoaren antzeko izateko zalez, onek gure ikasbiderako egiten zituen penitenzien gisakoak egiñ nai izaten zituen, eta ala larunbat guzietan, Ostiral santu egunean egiñ oi dan barau modua bera egiten zuen, iñolako bizikorren aragirik jan gabe. Maria txit santaren pest-egunak debozio andiaz zelebratzen zituen. San Jorgeren elizan dagoen, Birjiña aurrean auzpeztuta luzaro egon oi zan. Bere esposa Gonzagako Margaritaren aginduz Loretoko kapilla santuan bezela eliz artan egun guzietan kantatzen zan Leteiera askotan joaten zan. Sinistekoa danez, biotz añ on eta errukitsua Ama amodiotsu onek eman zion, erreinaldi doatsu eta soseguzko bat iritxiaz. Bere sentiduaz baliatzeko lekurik ematen etzion sormiñ edo perlesia nai ainbat lan ematen zion, eta Maria guziz santak Tuolko Obispo Juan Porcelet berari bialdu, eta Obispo onek hiltzen zegoen Erregeari zerk mella andiena egiten zion zekienak bezela, Birjiñaganako debozioa ikutu zion, eta Loretoko leteiak Ama maite oni ematen diozkan izen onragarriak begietaratu ziozkan bezela, lozorro pisu batetik esnatu zuen, eta fede, esperanza eta karidadezko, kontriziozko, umiltasunezko eta Jaungoikoaren eskura egoteko aktoak beñ eta berriz egitera mugitu zuen, berari eta an arkitzen ziran guziai penazko negar goriak ixur-eraziaz. Beste mesederik eskatzen etzuen, ezpada San Jorgeko Ama Birjiñaren aldarearen oñean lurra eman zegiotela baña gauez eta iñólako anditasun eta ponpa gabe, prinzipeai, lurra ematerakoan, egiñ oi zaizten zeremoni andien diñatzat bere burua ez idukiaz.

 

 

OGEITA BEDERATZIGARREN EGUNA

 

        VIen gizaldiaren aurren-aldean Maria Egipciaca santa, amabiren bat urte zituenean bere aitaren etxetik iges egi, eta Alejandriako erri andira igaro zan non biziera gaizto nabarben batera emana amazazpi urtean bizitu zan. Egun batez, Gurutze santuaren eguna zetorrelako, egun aietako eliz-pestetara Jerusalena zijoan jendetza ontzietan sartzen ikusi, eta aiekin batu zan, eta erri sonatu artara ziranean, beste gañerakoak bezela, elizan sartzen asi zan; baña ikusten etzuen esku batek iru biderretaraño geraerazi zuen. Mirari hura zergatik zan ezagutzeko, buru-auste andirik bear izan etzuen. Damu bizi batez biotza josita, begiak goratu, eta elizako atalburuaren gañean Birjiña txit santaren imajiña bat ikusi, eta hura ikusi zuen bezela, bere burua eziñ eskuratuz, deadar egiñ zuen: Oh Birjiña guziz santa! alabaña pekatariak beragana erakarri eta ontzeko zure erraietan gizon egiñ zan aren Ama egiazkoa zera, nizaz errukitu, eta eliz onetan sartu al izatearen grazia iritxi zadazu, nere Salbatzallearen Gurutzea beste kristauakiñ batera ikusi eta adora dezadan. Nere erreguak enzutera makurtzen bazera, zeru-lurren aurrean berealatik agintzen dizut, nere biziera galdua sekula guzirako utzi, eta zuk erakusten didazun bidea jarraituko dedala. Orazio au egiñ zuen bezela, ezerk galerazi gabe elizan sartu, eta Jesukristo gure amodioz ainbeste eraman eta hill zan Gurutzea ikusteak bere ontze edo konbersioa oso bukatu zuen. Egur santua adoratu ondoan Mariari bere laguntza eskatu zion lekura biurtu, eta aditu zuen itz-ots bat ziotsana: Jordango ibaia zazu, eta pake eta sosegu egiazkoa arkituko dituzu. Ah nere Ama, deitu zuen berak itz-ots hura aditzean, arren ez nazazu utzi, eta au esanta, Jordanera joan, ibai hura igaro, eremuaren biotzeraño sartu, eta igarotzen ditu leku artan berrogei eta zazpi urte, penitenzi ikaragarriak egiñaz, eta oien buruan san Zozimo eremutarrak an topatu, eta andik laster Jaun andia eraman zion, eta Santu onek, urrengo urteko Garizuman Santa ikustera joan, eta hillotz topatu zuen, eta onra andiaz leku artan bertan lurra eman zion.

 

 

OGEITA AMARGARREN EGUNA

 

        Santa Brigidaren denboran gizon txit noble eta aberats bat, baña oitura galgarri eta bizio guzietara emana bizi zan. (Auriem. t. 1, pag. 182) Azkeneko gaitzak artu zuen, baña guziaz ere ezertan gutxiena eriotzerako prestatzean pensatzen zuen. Au jakiñ zuenean bereala, santa Brigida pekatari gogortu aren bularra biguñdu, eta onbear triste hura bide onera erakar zezala, erregutzen al guziaz jarri zan, eta añ askotan, eta alaingo leiaz Jaungoikoaren urrikaltasun ondogabearen ateetan deitu zuen, nun gero ere bere Majestade jaungoikozkoak itzegiñ zion esanaz, damu eta penitenziara eria mugierazitzera sazerdote bat joan zedilla. Zelo andiko sazerdote bat iru alditaraño au egitera saiatu zan, baña esan ziozkan gauza guziakgatik ezer aurreratzen etzuen arik eta laugarrenean, Jaungoikoaren graziak ikututa, bere gaiztakeriaz damutu, eta biotza oso trukatzea iritxi zueneraño, alatan, non, gaxoak deadarka esan zuen: Irurogei ta amar urte oietan konfesatu ez naiz, denbora añ luzean demonioaren morrontza gogorrean bizitu naiz, bera leialki serbituaz, eta areago dana, berarekiñ tratabide andia idukiaz; baña orañ oso trukatua barrunda naiz, konfesioa eskatzen det, eta Jaungoikoak barkatuko didalako uste eta esperanzan nago. Au esanta, negar ugariak txirrian zeriozkala, egun artan bertan lau biderretaraño konfesatu, bigaramonean Elizakoak egiñ, eta beste sei egun igaro ondoan hill zan. Begiak itxi ez al zitzaizkan, gure Jaunak, santa Brigidagana agertu, eta oni esan zion: gizon aren anima purgatoriora joan zala, eta luzaroan egon gabe, zeruratuko zala; Santa eziñ geiagoraño arritua geratu zan, añ gaizki bizitu zan gizon bat gero ere Jaungoikoaren adiskidetasunean hiltzeaz, eta au zergatik eta nola izan zan Jaunak agertu zion, esanaz: Jakizu, ene alaba, nere Ama maiteganako debozioak itxi diozkala orri infernuko ateak, zerren, berak beñere ziñez eta benaz maite izan ezpazuen ere, bere doloreai debozio zien, eta oriek bururatzen zitzaizkion guzian, edo beren izena aditze utsez, errukia agertzen zuen: onegatik topatu du salbatzeko bide-laster bat

 

 

OGEITA AMAIKAGARREN EGUNA

 

        Senako santa Catalinaren bizitza utsaldi gabeko mirari bat izan zan. Santa onek Jaungoikoa maitatzeko bear ainbat ezaguera eta argitasun izan baño len, bere Majestade jaungoikozkoagandik mesede eta grazia txit señalatuak artu zituen. Berak oiei leialtasunik andienaz eranzuten zeien, bere bakarrean orazioan egotean bere atsegiñ kontentuak idukiaz. Noizean beñ basotxo bakar batera joaten zan, bere edade laburrak agintzen zion eran nolerebait eremuetako guraso santuak bezela egiñ naiez. Leku artan baere aurtasunari etzegozkion erako gorputz-nekagarri eta penitenziak egiten zituen, eta bere biotzaren jabe beste iñor egiñ etzediñ, bere bizi guzian garbitasun edo kastidadea gordetzeko boto edo promesa egiñaz, biotz au Jaungoikoari ofrendatu zion.

 

Aurrak agertzen zion amodioaren señale hura Jesukristori gogoan txit sartu zitzaion; baña Jaun onek berealatik eta guziz ondo aren leialtasuna progatu nai izan zuen. Oraindik amabi urteetara baño len bere gurasoak beren hura ezkontzeko buruzpideak artu zituztenean, artara ez jartzeko somatu zituen, donzellatxoak alako estura larrian bere burua ikusita, bere Esposo jaungoikozkoagana bidegiñ, eta bere erregu-eskari eta penitenziak geitu zituen. Gaztetxoak bakar-lekuari zion amodio itsua galerazteko, gurasoak artzen etzuten neurri eta biderik etzan, alabaña amodio onek kentzen ziola ezkontzeko griña, uste zuten, deboziozko lan guziak debekatzeraño iritxi ziran, eta noizean beñ bere bakarrean egoteko eman zioten gela ere itxi zioten. Eta au asko ezpazan bezela, etxe guziko lanak bere gañera egotzi, eta serbitzari batek egiñ oi duen guzia eragiten zioten. Ala ere guzi hura alperrik izan zan. Berak dio: nere animaren erdian bertan nere bakar-lekua egiten, eta an berarekiñ itzegiten Jaunak erakutsi zidan, ezerk galeraziko etzidan barrungo pake eta sosegu bat denbora berean arkituaz.

Bere emezortzi urteetan Santo Domingoren irugarren Ordenako habitua jantzi, eta Jesukristoganako bere amodio ondogabea zala bide izan zituen ainbeste neke eta eramankizun añ andien damuz ere, berarekiñ irteteko lagundu zion Maria guziz santaganako uste eta konfianza andienera onekiñ igo zan; eta beti onela iraun zuen, arik eta 1380garren urtean bere 33ean suerte oneko bere espiritua eman zueneraño Erroman, non bere gorputz santua Minervako elizan Mariaren aldare baten azpian arkitzen dan.

 

 

ORAZIOA

 

        Guzia dezazukean Jaun, gaitzetik ona ateratzeko gaitzari leku ematen diozuna, arren enzun itzazu onenbeste galbide eta perillen artean eriotzeraño Zuri leial irauteko egiten dizkitzugun erregu umillak; Maria guziz santaren bitartekotzagatik iguzkutzu gañera beti eta gauza guzietan zure borondate txit santuak nai duen guzira egoteko indarrak. Amen.

 

        Orazio au berak bere eskuz eskribitu zuen Aita Santu Pio IXnak 1862en urteko Garagarrillaren 15an eman zituen letretan eun eguneko indulgenzia ematen die orazio bera egun oro errezatzen duten guziai.

 

AZKENA

aurrekoa