 |
OGEITA LAUGARREN EGUNA
Pekaru ariñ edo benialaren gañean pensatzeko bidea
Pekatu beniala gaitz txiki edo ariña da; au erraz eta aisa esan oi da; baña iñoiz ere ezta gaitz txikia, Jaungoikoa gogoan jotzea. Jaungoiko añ andi batek, Aita añ on batek, Esposo añ garbi batek, Erredimitzalle añ errukitsu batek merezi du, bear bada, berari txarkeri bat egitea?
Gutxi irudituko ote lizazuke mundu guzia auts biurtua geratzea, edo zeruak goitik bea jotzea? Bada paregabe gaitz andiagoa da pekatu benial bakar bat, zerren Jaungoikoari egiten zaion txarkeria dan. Supitoan eta oarkabean pekatu egitea, txarkeria da; baña gezur hura, desobedientzi hura pekatu benial bat dala, ezagutu, eta guziaz ere bere egiñ nai izatea, da esaten balitz bezela: Jaungoikoa baño pekatua gogokoago zat. Onela infernurik ezpalitz, erraztasun berarekiñ egingo zenduke zernai gaiztakeri, alabaña ikusten da kontu gutxiago egiten dezula Jainkoaz.
Baña aurrerontzean onela bazoaz, goiz edo berandu eroriko zera pekatu mortalean ere. Zenbat denboran bizi naiko duela uste dezu Jainkoak Bera añ gutxi maite duen anima batekin batua? Eta gero ezagutzen eztezu, egunetik egunera aulduaz dijoazela zure indarrak, eriotzak eta infernuak len bezela bildurtzen etzaituztela orañ, eta Jaungoikoa zugandik urrutiratuaz dijoala? Askotan pekatu mortalaren mugetan arkitzen zera, eta muga oriek igaro badituzu ere eztakizu. Nork daki askotan ala izango ote dan? Beti leize ondogabearen ertzean zaudela salbatu nai dezu?
EJENPLOA
Dala pensatu gabez, edo edade txikiagatik ariñak irudi litezkean zenbat uts edo paltak, guzi orrez ere Jaungoikoa eta bere Ama txit santa gogoan jotzen dituzte! Donaiko erri andian dagoen san Pedroren elizan kanpoko aldetik Mariaren imajiña bat zegoen, (Auriem. t. 1. pag 44) eta andik igarotzen ziran persona batzuek berari errezatzen geratu ziran garaian, mutiltxo batzuek zabaltasun guziaz jostatzen an asi ziran. Birjiña guziz santak berari zitzaion begiramentu laburra zeñ gaizki erorten zitzaion, agertu nai izan zuen, eta ala, imajiñak, mugitu, eta jostatzen zebiltzanai erriertan emateko bezela, besoa goratu zuen. Bertako batzuek, bear bada nabarbenenak, au ikusi, eta lagunai esan ziezaten: Eztezute ikusten, nola Birjiñak besoa goratu duen eta kastigatu nai gaituen, emen jostatzen geralako? Guziak izu laborriak artu, eta gertakari hura beren gurasoai kontatzera lasterka joan ziran, eta ordu erdi bat baño len leku artara jendetza andia batu, eta jende birtutekoi hura gazteen begiramentu txarraren barkazioa eskatzera ondorengo zortzi egunetan leku artara joan zan; eta Ama maiteak bere aserrea gozatu zitzaiola, aditzera emateko, egun aietan mirari asko egiñ zituen.
MARIAREN ONRAN
Elizan beste iñon ez bezelako modu on eta begiramentua, Mezak diraun artean begiak lurrera begira beti idukiaz.
ESKARIA
Oh Jaungoikoaren Ama, nere pekatu guzien barkazioa iritxi zadazu.
|
 |