www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO EGUNA

Maietzeko ill onetako debozioa
ongi egiteko dauden arrazoi eta bideak

 

        Kristau laztana, zeran zerala, atoz eta arretaz begira zazu, zeñ bearra zatzun salbatzeko Mariaren laguntza. Garbi eta gaizgabea zera? Baña zure garbitasuna galbide eta perill andian dago. Zu baño garbiago ziran zenbat pekatuaren osiñean erori eta sekulako galdu dira! Pekatari damutua zera? Baña zure iraupena segurua ezta. Oitura galgarri aiek, pekaturako bide eta labañarri aiek, lengo lagun gaizto aiek,guzi ori zuk ondo dakizu. Pekataria zera? Mariaren esku eta laguntzaren zeñ bear zeran Jaungoikoagana biurtzeko! Ori egiten beñ eta askotan asi zera, eta beñere zerearekiñ irten etzera. Mariagatik izan ezpalitz zer izango zan zuzaz?

        Guziaz ere, ill onetako debozioaren bidez iritxi zintzake bere laguntza eta zere salbazioa.

        Nola dateke Ama añ biguñ eta gozatsu batek berari jaiera eta debozio dion seme edo alaba enzungabe uztea? Errosario bategatik, barau bategatik, grazia guziz señalatu eta andiak egiñ dizte pekatari andiai, zer egiñgo eztu, bada, zugatik, ill osoa bere serbitzura ematen dezun orregatik!

        Baña ai zure galdubear tristea, baldiñ deretx eder au galtzen badadezu! Ai baldiñ debozio eder au egiten asi, eta egun batzuen buruan uzten badezu! Nork daki au izango bazatzu ere ontzeko Jaungoikoak ematen dizun azkeneko deretxa? Nork daki debozio onetan badago ere zuk azkeneraño onean irautea? Eta, azkenik, nork daki au izango bada ere zure biziaren azkeneko illa? Añ erraz eta aisa iritxi zentzake esku eta anparo añ indartsua, eta au egiñgabez imurtzi zeñ miñak eriotzeko orduan! Au ondo begiratu eta ausmartu, eta debozio au ongi egiteko buruzpidea ar zazu.

 

 

EJENPLOA

 

        Gutxiagatik eraman etzuen Mariaren kongregazioko batek bere desleialkeriaren zigorrada. Maiz joan oi zan Mariaren kofradietako batera, baña laster aspertu, eta guzia bertan beera uztera etorri zan. Ez erreguak eta ez gaztiguak ezer serbitu zioten; beste munduko anima baten gaztigua bear izan zuen. Gau batez, lo zetzala, kongregazioan ezagutu zuen Aita bat begien aurrean jarri, eta onek txit zorrotz itzegiñ zion, esanaz: Gazte alper nagia, kongregazioaren kontu añ andia daukan Birjiña guziz Santari zure berri eman zaio; bide zuzenean sartzen ezpazera jakiñaren gañean egon zaite, kastigu izugarri baten begira zaudela. Esnatu zan, baña guzi ura amets bat bezela artu, eta Aita ura bera beste gau batean agertu zitzaion, garratzkiago itzegiñaz; baña guzi onek ezer gutxi edo batere serbitu zuen, alabaña ametsak ezertan artu bear etzirala, esanaz, zabaltasun guzian bizi nai zuen. Person ura beregan sartzeko, beste ixill mandatu eta dei gogorragoak bear izan ziran, bada kongregazioa oso uzteaz gañera, Jaungoikoaren bildurra ere galdu zitzaion. Esan dan Aita irugarrenean ametsetan ikusi, eta onek bere esker beltz itsusia arpegian emateaz gañera, eskutik artu, eta elizara eraman zuela, iruditu zitzaion, non esan zion: Zer egiten dezu zuk, ondo konfesatzen etzeran orrek? Oraindaño ixillik gorde dezu onelako pekatu, eta pekatua izendatu zion. Gaztea laborriak artuta esnatu , eta igaro zitzaiona egia garbia zala, ikusita, bereala kongregaziora joan, damu bizi eragilleaz konfesatu, eta gero Jaunaren serbitzuan iraun zuen, eta Jaunak begi urrikaltsuaz begiratu zion.

 

 

MARIAREN ONRAN

 

        Mariaren imajiña bularrean erabilli, eta noizean beñ amodio andiaz bera estutuaz, esatea: Zuretzat, ene Ama, nere biotz guzia.

 

 

ESKARIA

 

        Nere biotzak eta nere ezpañak alaba zaitzate, Donzella guziz sagradua.

 

aurrekoa hurrengoa