www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa hurrengoa

BIZI BEDI MARIA

 

IKASBIDEA

 

        Maria guziz Santa bere debotoak egunean irutan onratu oi duten bezela, au da, goizean eguerdian eta arratsaldean, eta beste egunetan baño biziroago bera onratzeko larunbata autu duten bezela, gauza justu eta bidezkoa iruditu da urtearen illetako bat ere beraren onrarako esleitzea.

        Eta nola doai-eskeñi edo ofrendetan gauzik bikañena eraman bear baitan, onegatik aukeratu da beste ill guzien artean ederrena, au da, Maietzeko illa, bada ill onek bere lore zoragarri eta kanpoaren edertasunaz txit ederki gonbidatzen gaitu zeruko Erregiñ andiari birtutezko lanaz egindako koroa bat egitera.

        Debozio au zenbait modutara egiñaz atsegiñago izan dediñ, eta Ama maiteari gogokoago izan dakion, egiten da onela.

        Familiak errosarioa eta gañerako debozioak errezatu oi dituen leku artan, edota eliz edo oratorioren batean, ipiñiko da aurrean Mariaren imajiñ alik ederrena, bakoitzak aldezakean ongien apañduta, eta zenbait kandela eta lore, batez ere sasoi artakoak ipiñiaz. Txit on litzake etxekoak komunkiro alkarganatzen diran leku artan debozio an egitea, leku hura santifikatzeko, eta an egiñ oi dira gauza guziak Birjiña guziz santaren begien aurrean egiten balirta bezela egiteko.

        Maietzaren lenengo egunaren bezpera arratsaldean, esan dan aldaretxoan argiak piztu, eta leku artara etxekoak batu,eta debozio andiaz errezatuko da Errosarioa, edo beintzat Leteia eta gañera egiñ litezke familiak usatu oi dituen beste debozioak. Baña orazioak geitzeagatik debozioa gutxitu bear ezta, orazio oek lasterka errezatuaz, edo ta familia nekatu eta aspertu eraziaz , batez ere aurrak edo persona arazotuak an badaude.

        Orazio oek egiñ ondoan, ateratzen da suertean bakoitzak ill guzian egiñ bear duen lan on edo debozioa, lan au, espirituko lorea bezela, Mariari ofrendatzeko. Onetarako egiten dira zenbait txartel, ondoren ipiñiko ditugun, espirituko loreetako bat txartel bakoitzean ipiñiaz, eta bakoitzak ateratzen du suerteak ematen dion txartela, arrek dion birtutezko lana illaren egun guzietan egiteko. Gero, gisa onetan bertan artzen da bigarren listan ipiñiko ditugun loreetako bat, eta onek bigarren egunerako bakarrik serbituko du, eta bereala irakurtzen da Maietzaren lenengo egunerako señalatu dan pensabide edo konsiderazioa, bere ejenplo agur on, eta eskariarekiñ.

        Aurreneko arrats onez esan dana bera aditu bear da beste arrats guziaz, egun-oroko espirituko lorea suertean ateratzea utzita. Baña arrats guzi orietan al guziaz saiatu bear da, egun artarako señalatua dagokion birtutezko lana alik ongien egitera, nola ta ill guzikoak, meditazioak dakaizkien puntuak bakarrik beretzat balira bezela begiratuaz, eta señalatua dagokion eskaria egunean zenbait aldiz esanaz.

        Onez gañera, aste oro, edo beintzat amabostean beñ konfesatu eta komulgatzea, txit on da, lan au berotasun andiaz egiñaz.

        Etxetik irtetean Maria guziz Santaren eliz edo aldareren bat bisitatu gabe etxera biurtuklo ezta.

        Illak diraun bitartean bakoitzaren esan-egiñak alakoak izan bear dira, nun guzia Mariarena dala, txit ezagungo dan, Ama maite onen begi guziz garbiak gogoan joko ez dituen eran lan guziak egiñaz.

        Illaren azkenean eskeñtzen dio Mariari bakoitzak bere biotza, liburutxo onen azkenean arkitzen dan bezela.

 

 

MARIAREN ILL GUZIAN

EGIÑ LITEZKEAN ETA APIRILAREN AZKENEKO
EGUNEAN SUERTEAN ATERATZEN DIRAN BIRTUTEZKO

AMABI LAN EDO AKTO

 

        1. Jeikitzeko garaian laster eta nagitasun gabe jeikitzea, nagitasunezko egite batekin egunari asiera eman eztakion; bereala moldesi andiaz jantzi, eta esku-liburuak dakaizkien eguneroko debozio edo erregu-eskariak egitea.

        2. Egun guzietan Meza entzun eta Maria guziz Santaren Eliz-errezo txikia errezatzea.

        3. Egun oro ordu laurden batean liburu onen bat irakurtea, konturako, Mariaren Gloriak dakaizkiena edo onelako besteren bat, gañerako liburu jostagarriak irakurtetik gordeaz.

        4. Gogoko zaion gauz edo gozaldi edo atsegiñ zaion zerbait egun oro uztea, artu litekeana izanarren, konturako, fruta edo goxo-gauzen bat, edo gauz ikusgarriren bat, musika, paseoa,etc.

        5. Bearrean daudenai eskua luzatzea, bera zerbaiten bearrean geratiko bada ere, oiei limosna bat emanaz.

        6. Egun guzietan lanari ekiterako belaunikatu eta Ave-Maria bat errezatuaz, Birjiña txit Santari bere laguntza eskatzea.

        7. Etxetik irteterakoan eta etxean satzean, Maria guziz Santaren imajiña adoratzea, Ave-Maria batekiñ berari agurra egiñaz.

        8. Nagusiagoai eta buruagoai zuzen eta leial obeditzea, agintzen duten guzia laster eta gogoz egiñaz non eta Jainkoaren kontrakoa eztan.

        9. Besteaz gaizki ez itzegitea, eta iñoren utsaldi, ariñik ere, ez esatea; andiak ez agertzera egiñ gaitean.

        10. Ejenplo ona emanaz eta ongi itzegiñaz, lagun zabarren bati gauz onen bat eragitera egun oro saiatzea, konturako, elizen bat bisitatzera, Errosarioa errezatzera, Meza entzutera, sermoia aditzera, konfesatzera eta komulgatzera edo onelako beste gauz onetara.

        11. Janean bere buruari uko egitea, konturako, gogokoen zaion jakiren bat, edo bere zatiren bat utziaz, orduaz kanpora ez edanaz etc.

        12. Oartua dagoela pekatu ariñ edo benialik ez egitea.

 

 

MAIETZEKO ILLEAN

EGUN GUZIETAN SUERTEAN ATERATZEN DIRAN

BIRTUTEZKO BESTE LANAK

 

        1. Maria guziz santaren izen eztitsua esatean,edo liburuan topatzean burua makurtzea.

        2. Maria txit santari bizitzan jaiera eta debozio andiena izan zion purgatorioko animaren alde Meza bar ateratzea edo ta entzutea.

        3. Erlojuak jotzean Ave-Maria errezatzea.

        4. Goizean jazten eta arratsean erazten diarduenean, batek jaierarik andiena dion, Mariaren elizen bateronz, edo bere imajiñen bati begiratu, eta Ama maite oni bere bendizioa eskatzea.

        5. Gorroto digula deritzagun, edo txarkeriren bat egiñ digun person ari on edo mesederen bat egitea.

        6. Sentiduak, batez ere begiena arret andiaz gordetzea.

        7. Errosario santua errezatzea, onetarako zernai jostaket edo dibersio utziaz.

        8. Birjiña txit santari andiena izan dion animagatik Deprofundis deritzan salmoa iru bider, edo beste orazioren batzuek esatea.

        9. Debozio eta modesti andiaz Meza entzutea.

        10. Mariaren amorez iñolako gure egiñkizunetan, batez ere geien utsegiñ oi degun aietan ez utsegitea.

        11. Lagunai iñolako naigaberik ez ematea, eta berak ematen badigute, onez eramatea.

        12. Orazioan eta gañerako egiñkizunetan zuzen eta zintzo ibiltzea.

        13. Egunaren asieran gure esan-egiñ guziak eta gorputzaren sentiduak Birjiña txit Santari ofrendatzea.

        14. Ordu laurden batez adimentuzko orazio edo orazio mentala idukitzea.

        15. Mezan gogozko komunio edo komunio espirituala egitea.

Komunio au egiteko bost gauza bear dira: 1 egiñ bear dira fedezko aktoak: 2 adoraziozkoak:3 amodiozko edo kontriziozko edo damuzkoak: 4 asmo edo proposituzkoak eta 5 Jauna artzeko zale eta deseozkoak.

        16. Birjiña guziz santari atsegiñ agiteko soñekoren bat utzi, eta onen balioa bearrean daudenai ematea.

        17. Egunak diraun bitartean kontriziozko aktoak egiñ, eta Santo Kristo bati muñegitea.

        18. Nagitasuna bota eta goizean goiz jeikitzea.

        19. Gaaitzgabea bada ere, gogokoen zaion jostalde edo dibersioren bat uztea.

        20. Ordu laurden batez liburu onen bat irakurtea.

        21. Arratsean oiera baño len konzienzia begiratu edo examiñatzea.

        22. Bear edo premi estugabe orduaz kanpora ez jatea eta edatea.

        23. Bakoitzak bere nai edo borondateari egunean irutan, iru akto oiek Mariari ofrendatuaz.

        24. Janaren zati edo parte bat pobreai uztea.

        25. Presondegian daudenak edo gaizki datzanen bat ikustera joatea, edo ta naigabe eta penetan dagoenen bat konsolatzea.

        26. Pekatu mortalean daudenakgatik Birjiña guziz Santari biziro erreguzea.

        27. Birjiña txit Santaren amorez umiltasunezko lan agiriren bat egitea.

        28. Konfesorearen konsejuaz gorputz nekagarri edo mortifikazioren bat egitea.

        29. Espirituko gauzetan nagitasun guzia botatzea.

        30. Mariaren onran besoak zabaldu eta Gloria Patri zazpitan errezatzea.

        31. Maria onratzen izan dan nagitasunaren barkazioa berari eskatzea.

        Begira, irakurlea. Baldiñ lore oiek suerteetan ateratzeko erarik ezpadezu artzen da egunean bat beren errezkadan ipiñiak dauden eran. Baña suertean ateratzen badira, on izango da ogeita amaiken artean debozio au alkarrekin egiten duten personentzat egokien datozen aiek esleitzea, bakoitzak bereak txarteltxoetan eskribituaz urrengo egunerako, eta gau bakoitzean bat artuaz, goien esan dan bezela.

 

 

MAIETZEKO ILL EDERREKO

lore espiritualetan jarduteko modu txit egoki eta ongarria

 

        Gauza jakiña da,Mariari ill onetan egiten zaizkan agur on eta onren atsegiñgarriena, goien señalatu diran espirituzko loreetan leialki eta zintzo jardutea dala. Debozio au eriotzeko orduan pozkarriago izan dakigun, eskribi litezke papertxo batean lora oriek, onela.

        Nik (onelako edo alako) pekatari guziz andiak nere eriotzeko orduan Mariari aurrean ipintzeko bildu ditudan loreaz egiñdako arranbillote (onelako urtetako) Maietzaren lenengo egunean asi eta egiña.

        Gero paper artan bertan escribitzen dira illeko egunak modu onetan:

                Lenengo eguna.

                Bigarren eguna,.

                Irugarren eguna,

                etc., etc., etc.,

        Gauean ondo begiratzen da, ea suetean irten diran lore biak, au da, ill guzikoan, eta egunorokoan, agindua egiñ dan; eta egiñ bada, ipiñiko da baiezkoa egun beraren aldamenean, bi gurutze egiñaz, eta egiñ ezpada, be zero, bigaramonean obeto kunplitzeko asmo edo propositu sendoaz, edo bata egiñ eta bestea egiñ ezpada ipiñiko dira gurutze bat eta zero bat onela:.

        Lenengo eguna edo ta 0, 0 edo 0.

        Egunetik egunera lore berriak batuaz arranbillote on bat arkitzen da illaren azkenean. Garagarrillaren lenengo egunean ipiñi bear zaio lora sorta au aurrean Birjiña guziz Santari bere Seme jaungoikozkoaren odolez bustia dagoela kontu egiña, urrikaltasunezko Ama onek ordañsarituko duelako uste oso betean. Debozio au zintzo egiñ zuen gazte batek bere biotzean barrunda zuena, eta Birjiña Santagandik ordañsaria artuko zuelako uste eta esperantza osoa ara nola aditzera eman zituen:

                Nulla mihi, pia Virgo, dies sine floribus ibit.

                Derta quibus capiti dem placitura tuo,

                Quam lubet in mediis vitam traducere spinis,

                Tantus honor natis si venit inde rosis?

                Al tu pro tali (sic das sperare) corona,

                Serta feres servo non peritura tuo.

        EUSKERAZ:

        Oh! Donzella eztitsua! egun oro jarriko det lore zuri-gorrizko koroa ederra zure bekoki jaungoikozkoaren gañean eta erregalo izango zaizkit arantzak.

Bada oietatik sortzen dan arrosa garbiak ainbeste iristen ditu Zuri onrazko koroa ipintzean. Zuk ordañez, ala uste det, ene Ama, koroatuko dezu egunen batean nere bekoki umilla.

        Eta nork usteko eztu, Birjiña txit Santak bere eskuetan dauzkan gloriazko ainbeste koro ederretatik bat gordeko eztuela bere bizian leialtasunaz bere biotzaren zale eta deseo guziak Maietzeko loreakiñ berari eskeñi diozkanari?

 

 

LOREEN ASIERAN

 

                Atozte, guazen guztiok

                Laster Ama alabatzera:

                Maria onratzera

                Biotz alaiarekiñ.

 

                Donzella zoragarria,

                Ona seme-alabak,

                Belauniko emen danak

                Zer nai dezun egiñ.

 

                Atozte, goazen guztiok etc

 

                Lorerik ederrenak

                Nai dizkitzugu eman,

                Zer naizun, bada esan

                Guk dezagun jakiñ.

 

                Atozte, goazen guztiok,etc.

 

                Gure biotz ezoak

                Zuretzat dituzu,

                Eman bear diguzu

                Apañdua zerekiñ.

 

                Atozte, goazen guztiok,etc

 

                Borondate onak gaitu

                Gaur onera ekarri,

                Zuri begira jarri

                Begi zabalakiñ.

 

                Atozte, goazen guztiok, etc

 

                Zeñ pozik zeñ alaiak

                Gatozen egun oro,

                Izan gaitean gero

                Zeruan zurekiñ!

 

                Atozte, goazen guztiok,etc

 

                Oraingo lore ederrak

                Balira betiko,

                Edo bizi guziko

                Onlako usaiarekiñ.

 

                Atozte goazen guztiok, etc.

 

                Zenbat aldiz giñake

                Etorriko onera,

                Usai au gozatzera

                Zu ikustearekiñ!

 

                Atozte goazen guztiok, etc.

 

                Guk beintzak nai genduke,

                Gure Ama maitea,

                Zureak izatea

                Biotz osoarekiñ.

 

                Atozte goazen guztiok, etc.

 

                Artu gaitzazu, bada,

                Zure mantupean,

                Ala izan gaitean

                Beti alkarrekiñ. Amen

 

                Atozte goazen guztiok, etc.

 

 

aurrekoa hurrengoa