www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa hurrengoa

AMALAUGARREN EGUNA

Esamesaren bildurraren gañean

 

        Ondu nai zenduke, eta orretaratzen etzera. Nork edo zerk ori egitea galerazten dizu? Esamesaren bildur txar batek. Etxe artara sarriago ezpanoa, ara joatea konfesoreak debekatu didala, esango dute. Lagun gaizto aiek uzten baditut, eremu batera noala, usteko dute. Esaera loi lardats aiek esaten ezpaditut, biziro zogia ez naizela esango dute. Begiak modestiaz eta modu onean badarabilzkit, komedietara ezpanoa, gaitzerako bidea arkitu oi dan pausoetara joaten ezpanaiz , nizaz farra eta burlegiñ, eta bildurtia naizela, esango dute. Orrela beraz esames txar baten bildurragatik infernura joan bear dezu? Zorakeriaren guzizkoa!

        On izan nai zenduke, eta iñoiz ere orretara erabakitzen etzera: Zerk ori egitea galerazten dizu? Esamesaren bildur txar batek. Lagunakiko tratabidea, lagunarte galgarriak eta komedi eta ikuskari periltsuak uzten baditut, basati bat egiñ naizela, esango dute. Apañdura arroaz jazten ezpanaiz, nizaz konturik egiñgo ez dute. Ospitalera, elizara, jubileora maiz joaten ikusten banaute, itxura emalle bat naizela esango dute. Eta eztezu ezagutzen irudipen añ zoro oriegatik galtzen dezula bizitz onetan kristau on, eta bestean doatsu izatea?

        Bada Jesukristo gurutzefikatuaz lotsa bazera, Bera ere zuaz lotsa izango da: Nizaz eta nere dotriñaz lotsa danak, jakiñ beza, Birjiñaren Semea ere beraz lotsa izango dala. (Luc. 9, 26) Jauna, Jauna, esango diozu Juizioko egunean, ezagutzen ez nazu? kristaua naiz. Ezagutzen etzaitut, esango du Jesukristok. Nere señale edo marka eramateaz, Meza bat belauniko enzuteaz, nere izen santua esaten akitzean burua makurtzeaz, debozioaz ziñatzeaz,lotsa izan ziñan. Eta oral kristaua zerala diozu? Zoaz zere lagun gaizto, aragikoi, jostazaleakiñ: zuk mundua eta demonioa serbitu zinduen, berak ezagutzen zaituzte, nik ezagutzen etzaitut.

 

 

EJENPLOA

 

        Esamesaren bildur guzien artean galgarriena da gere utsegiñak konfesoreari agertzetik atzeratzen gaituena. Au ongi progatu zuen gizon batekAlemanian. (Auriem. t. 2, pag. 101) Bada gizon oni, pekatu txit itsusi batean erori, eta gero pekatu hura konfesatu-bearrak ematen zion lotsa alaingoa zan, non iñola ere eziñ artaratu zan. Bizkitartean bere konzienziaren imurtziak añ bizi eta gogorrak ziran, non aiek ematen ziozkaten naigabe eta estutasunak eziñ eraman zituen, bere salbazioaz etsi, eta bere burua ibaira botatzeko zorian zegoen. Egiaz eta begiaz orretara zijoan; baña ibai ertzera zanean, Jaungoikoaren urrikaltasunez geratu zan. Negarrez, berak zion bezela, de plenitudine potestatis, eta konfesatu bearrikgabe bere pekatuak barka zegiozkala. Jaungoikoari eskatuaz, bere etxera biurtu zan. Andik zenbait santuario eta elizetarako egiñ zituen promesak betetzera joan zan; baña guzia alperrik, zerren pake eta sosegurik iñon arkitzen etzuen. Jaungoikoak ber Ama guziz santaren bitartez pake au arkitzea nai izan zuen. Goibeltasun eta barrungo ilunaren kargapean makurtu, eta loak artu zuen gau batean, orra nun sentitzen duen espaldan kolpe bat, denbora berean esanaz: Zoaz konfesatzera. Luzapengabe oietik irten, eta an dijoa Jesusen Konpañiak Warastinen zedukan Kolejiora, aratzen zan bezañ laster konfesatzeko uste osoan; baña elizako ateetara zan bezela, lotsak berriro eraso, eta atzera biurtu zan. Ill batzuetan onela ibilli zan, arik eta beste gau batean beste gaztigu bat artu, eta asmo oraindik biziagoaz konfesatzera bigaramonean irten zaneraño; baña berriz ere lotsak azpiratu zuen. Egoera triste onetan zegoela, egiten du bere pekatuak konfesatzera baño len bere burua hiltzeko asmo erabakia; baña graziak txit biziro beartzen zuen, alatan non, egun guzian bere buruarekiñ burruka ibilli zan. Geroenean, ordurako illundu, eta bere etxera zijoala, Ama Birjiñaren imajiñ eder bat zegoen eliz batean sartu, eta bere gaitzen erremedioa Ama maiteari eskatu zion, eta pekatarien gordeleku eta naigabe-penetan daudenen poz-emallea dan Ama txit errukitsuak ditxagabe hura perill artan utzi nai izan etzuen, eta egiten zion serbitzu laburra ere ordañ-saritugabe utzi nai izan etzion; bada, bere Seme guziz santuagandik biktori osoa iritxi zion. Bereala bere biotza oso trukatua barrundatu; zegoen lekutik altxa, konfesore bat billatu, eta negar goriak ixuriaz, agertzen dio oni bere konzienzia, bere biziko pekatu guziak argi eta garbi esanaz. Absoluzioa artu zuen, eta onekiñ, alaingo pake, sosegu eta atsegiñ-kontentua bere animan sentitu zituen, nun munduko urre guzia irabazi bazukean, alaingorik artuko etzukeala, segurutzen zuen.

 

 

MARIAREN ONRAN

 

        Mariaren imajiña bat topatzen dezun guzian berari erreberenzia egiñ, eta erreza zaiozu Ave Maria bat, iñork ikusiko zaituelako bildurra badezu, bildur ori biotz prestuaz zeregandik botatuaz.

 

 

ESKARIA

 

        Maria santa, Jaungoikoaren Ama, erregu zazu gu pekatariokgatik.

 

aurrekoa hurrengoa