www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa hurrengoa

OGEIGARREN EGUNA

Jaungoikoagana biurtzea luzatzen dutenaz

 

        Esadazu, pekataria, Barrunda dituzu zeregan Jaungoikoagana biurtzeko zale eta deseoak? Ziñez eta benaz ondu nai zenduke? Au eziñ uka zenzake. Baña, ori noiz izango da? Gaur bertan? Ez orren laster. Orañ eziñ dezaket, joan-etorri bat nere kontura daukat, jendearen esamesen bildur naiz, oitura au eziñ azpiratu det, griña onek nai edo ez narama, aldapa asko topatzen ditut, gero egiñgo det. Noiz? Eragozpen hura kentzen danean, griña gaiztoa oztutzean, gaztetasuna igarotakoan, edo baldiñ egiten baditut ejerzizioak, datorren urtean edo Garizuman. Ah zenbat denbora dan ori bera diozula, eta zure zori gaiztoan oraindik ezer egiñ eztezu!

        Atoz ea, ori gerorako uzten dezu, eta badakizu, bear bada, Jaungoikoak itxeden naiko dizun? Eta ori eztakizula orrelako arriskuan ipintzen dezu ainbeste dijoakizun salbazioaren joan-etorria? Gizona, Jaungoikoak oraindaño itxeden dit. Berorregatik bildur izatekoa da, orrenbeste esker beltz, kunplitu gabeko ainbeste promes, eta bere urrikaltasunaz añ gaizki usatzeaz aspertuta, geiago itxedengo eztizula, Baña, Jaungoikoa añ ona da! Nai ainbat denboran izan da zuretzat ona; Nork daki, bere gogortasun eta justizi zorrotza zure kontra agertzeko eguna etorria bada ere? Gañera Jaungoikoa ona dalako Bera ofenditzen jarraitu bear dezu? Au esker beltz gorrotagarriena litzake.

        Infernuan dauden kristauen geienak zuk bezela luzatu zuten Jaungoikoagana biurtzea, eta beren deseo onakiñ leku artara erori ziran. Ondu nai eztet esango duen bezañ zentzu gaberik ezta. Baña orañ bertan ondu nai det ziñez eta benaz diotenak txit banakak dira. Au egun batetik besterako utziaz dijoaz, etotzen da eriotza, eta orduan ere gerorako uzten dute lan au, zerren egun artan, ordu artan gaitz artatik hill uste ezduten. Begira , bada, ea bizi guzian egiñ etzana azkeneko puntu eta instante aietan egiñalko dan, noiz geienetan Jaungoikoa, Beraz burlatu zutenaz burlatzen dan. Au ondo begiratu eta ausmartu zazu; begira onetan asko dijoakizula. Berealatik Jaungoikoagana biurtzen ezpazera, sekulan biurtuko etzerala bildur izatekoa da.

 

 

EJENPLOA

 

        Denboraz eta mugonez ontzera saiatu diranak ere, eriotzeko orduan bildur eta laborriak artzen baditu zer izango da Jaungoikoagana biurtzea tranze añ estu eta perill andikorako uzten dutenaz? Izan zan Jakobo zeritzan gizon bat, (Auriem. t. 2, pag. 317) lurreko ondasunak biltzeko kontuzko eta gosetia bezañ zabar eta utzia salbazioaren gañeko jon-etorrian. Eta areago zana, gutiziarekiñ batera, onek erakarri oi dituen galgarri edo bizio guziak zituen. Bakarrik gauz on bat zuen, eta au Mariaganako debozioa zan, alabaña beste debozioen artean bere errosario santua egun oro errezatzen zion. Egun oietako batean, bada, au egiteko asmoan bere oratorioan sartu, eta aditu zuen itz-ots bat ziona: Jakobo, bada zuk añ zorrotz eta zearo artzen diztetzu kontuak zere etxekoai zuk ere iguzkutzu niri eta nere Semeari. Itz oiek ezer askoan artu etzituen, oitura galduetara emanak dauden guziai gertatzen zaien bezela. Guziaz ere Ama errukitsuak gaztigu hura ostera berriturik, gizona beregan sartu, bere konzienzia arretaz begiratu, eta bere burua Jaungoikoarekiko zorretan guziz atzitua arkiturik, biziera trukatu eta bere bizitza añ garbi eta zuzen ipiñi zuen, non, len pekatu guziz astunak ere utsean zeuzkana gero txit kontuz zebillen, gauzarik ariñenak ere arretarik andienaz begiratuaz, eta beti buruan erabilliaz Jaungoikoaren esan zorrotz hura; Gauza zuzenak berak ere Nik juzkatuko ditut. Andik aurrera bizimodu eta prestaera añ ederraz bere azken-orduraño joan zan, eta orduan hiltzen zegoela, ikusi zuen, nola demonio asko Jaungoikoaren tribunalera zijoazen, bere bizi guzian berak egiñ zituen pekatu larri edo mortal guziak agertuaz, eta beren gauza bezela, hura zegietela, leiaz eskatuaz. Hiltzen zegoen tristea ikara larriak artua zegoen, bere salbazioa perill artan ikusita; baña onetan urrikaltasunaren Ama agertu eta onek san Miguel Aingeruari agindu zion, ipiñ zitzala pisuaren alde batean gizon arrek bere onran egiñ zituen lan edo obrak, eta bestean, konfesatuak zeuzkan, igaroko bizitzako pekatuak. Aingeruak ala egiñ, eta ala zorionean obra onak zeuzkan pisua beeratu zan, eta demonioak ango aldiak egiñ zituzten; gizona bere pekatuetatik libre eman zan, eta Birjiña txit amodiosuak berekiñ zerura eraman zuen.

 

 

MARIAREN ONRAN

 

        Pekatu mortalen bat orañ badaukazu, zoaz bereala ori konfesatzera; eta Jaungoikoarekiñ ongi zaudela baderitzazu, begira zere geien galerazten dizun, zeran guzi ori oso Berari ematea, eta ori luzapen gabe bereala kentzera al guziaz saia zaite.

 

 

ESKARIA

 

        Jesus, Jose eta Maria, orizkitzute biotz eta anima nerea.

 

aurrekoa hurrengoa