www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIKAGARREN EGUNA

Infernuko señalatuak zeñ asko diran

 

        Anima nerea, bera begiratu eta ikus itzazu infernuko leize-zuloak, eta jarri zaite an dauden kondenatuak kontatzen. Begira Mesias mundura baño lenagoko denboretako zenbat dauden. Hura Kain da: bi anaietatik bata salbatu eta bestea kondenatu zan. Beste aiek mundu guzia ondatu zuen ujol andian ito ziranetakoak dira; famili bakar bat berezita, guziak edo geientsuak kondenatu zirala, bildur izatekoa da. An dakuskitzun aiek Sodoma eta Gomorratarrak dira. Begira gañera jaungoiko gezurrezkoen zenbat adoratzalle, ejiptotar, amalezita, Canantar, Asiriatar, feniziatar, greziatar eta Erromatar dauden. Begira, orduan erri esleitua zan hebreatarrik ere zenbat dauden.

        Jesukristoren denborako beste kontal baño geiago ere ikusiko dituzu; Lege egiazkora etorri etziran jentill edo fedegabeak; beren seta gogorrean iraun zuten filosofo arroak; Jesukristo persegitu zuten juduak; Salbatzallearekiñ itzegiñ eta tratatu zutenetako asko; bere mirariak beren begiaz ikusi zituztenetako ez gutxi. An daude Judeako Eraentzalle edo Gobernari Pilatos. Apaiz nagusi Kaifas, Herodes Erregea, Jaunaren ikasle Judas, eta Jaungoikoaren aldean hiltzeko suertea izan zuten lapurretako bat.

        Konta itzazu, azkenik, Jesukristoren denboratik onuntz kondenatu diran animak. Ara an Ebanjelioari gerra bizia egiñ diotenak; mirariak ikusteko itsu egiñ diranak; Elizaren zenbat persegitzalle; lenengo iru gizaldietako Erromako Enperadoreak; eta munduan ainbeste ots atera zuten filosofo edo jakintsu andi, iztun eder eta koplari sonatuak.

Begira gañera zenbat kristau fededun dauden, fedea iduki zutelarik, zeruko argi eta ixill mandatuak barrundatu zituztelarik, Jaungoikoaren itza enzun zutelarik, eta Sakramentuak artu zituztelarik. Begira zenbat prinzipe eta jaun andi, zenbat Sazerdote eta Erlñijioso dauden, eta Obispoak ere palta eztira.

        Bear bada esango dezu: bada baldiñ pekatari guziak kondenatu bear badira nor joango da zerura? Ah konta al guziak baño geiago dira kondenatu diranak. Baña orrekiñ zer galtzen du Jaungoikoak? Zer galera izaten du zeruak? Ai, nere anima! zeñ eta gutxi diran, jarrai zaiezu justuai eta salbatuko zera.

 

 

EJENPLOA

 

        Ondorengo gertakariak argi eta garbi agertzen du zenbat Mariaganako debozioak balio duen. 1714-en urtean galgarri eta oitura gaiztoetara emandako bi gazte Flandesen estudiatzen zeuden. (Auriem. T. 1, pag. 47) Jan-edanen eta naierara jostatzen egun bat eman ondoan, emakume galduen etxean gaua igarotzeko ustean joan ziran. Beretako bat, atsedeteko ustean txit beranduan bere etxera biurtu zan; baña bestea bere gurari lizuna asetzeagatik, Babiloniako kalizaren kondarretarañokoa edateko ustean, bertan geratu zan. Lenengoa, bere etxera iritxi zanean, egun oro errezatu oi zuen Ave-Maria bat errezatu etzuelakoaz, konturatu zan; artarako gogo andirik ezpazeukan ere, erdilotan bederik bere hura errezatu zuen. Oieratu zan, eta nola añ nekatua bazegoen, bereala loak artu zuen; baña luzarora begira egongabe, bere gelako atean kolpe izugarriak aditu zituen. bereala esnatu, eta orra non atea idikigabe patu gaiztoko bere laguna itxura izugarri bildurgarrian bere aurrean ikusten duen. Izu-laborriak artu, eta atea itxia zegoela hura sartzeaz arritu, eta garraxi bat egiñ, eta esan zuen: Au zer da? Eta patu gaiztoko lagunak eranzun zion: Jakin bear dek, ezen Jaungoikoaren asmo zuzenen erara, hi eta ni gaur arratsean infernura amildu bearrak giñala; baña hi Ave-Maria errezatu diokan Birjiñak libratu au eriotzetik: ni berealatik kondenatua neagok. Onelako kaletan (kalea izendatuaz) zeagok demonioak hill duen nere gorputza. Eta egia orretan seguru ipintzeko su eta garrak botatzen zituen, eta suge izugarriak aginka puskatzen zioten kolkoa zabaldu eta erakutsi zion.

Orduan beñgoan begietatik galdu zitzaion. Beste au bereala oietik jeiki, eta ematen zaio negarrari, eta onela zegoela, san Franziskoren komentuan Maitinetarako jotzen zituzten ezkill0otzak aditu, eta ots aiek Jaungoikoaren deiak zituelako uste osoan, an dijoa korrika elizara, eta ango Erlijiosoen oñetan auzpeztu, eta leia eta alegiñ guziaz eskatzen die habitua, gertatu zitzaion guzia kontatuaz. Lenengo artan federik eman etzioten; baña berak señalatu zien kalera Erlijioso batzuek joan, eta guzi hura egia zala, ikusi zuten, baka patu gaiztoko lagun zanaren gorputz hill izugarri itsustua an topatu zuten. Orduan Erlijiosoak bestea berengana artu zuten, eta penitenziazko biziera gogorra Erlijioan asi, eta bere bizi guzian Mariari esker eta ezaguera txit ona gorde ziozkan, on eta mesede añ señalatu hura berari zor ziolako.

 

 

MARIAREN ONRAN

 

        Zere bizi guzian Mariaren onran egun oro egiñ bear dezun debozioa señala zazu, eta ori leialtasun guziaz egiteko boto edo promesa egizu, infernutik libra zaitzan.

 

 

ESKARIA

 

        Oh ene Ama, milla ta geiago esker dizkitzut, zeren infernutik libratu nazun.

 

aurrekoa hurrengoa