www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA BIGARREN EGUNA

Komunioko Sakramentuaren gañean

 

        Oh zenbat Jesukristok Aldareko Sakramentu adoragarrian onratzen eta goratzen nauen! Sakramentu onetan egiten da nere adiskide, eta ostalari, eta nere animaren esposo; ematen dit jateko bere aragia, eta edateko bere odola, eta mudatzen nau Bera izatera, era miragarrian. Eliz, aldare, kaliz eta patenak baño oraindik sagraduagoa da nere bularra, eta esan liteke zeru bat dala nere anima, zerren gloriako Erregea bertara datorren.

        Baña nik, ai eta zenbat Jaun au desonratzen dedan, Bera artzen dedan guzian! Izanik nere animaren esposoa epeltasunik andienaz artzen det Jaun au, edota bereala uzten det, bear bezela eskerrak eman gabe, edo, bear bada, beragandik iges egiñ eta uzten det. Desprezio andiagorik eziñ datekeala, dirudi. Eta menturaz au baño aurrerago igaro da nere saldukeria, pekatu mortalean ao sakrilegoan Bera artuaz, infernuko sugarretan berarizko bizilekua dan bular ats batean Bera artuaz.

        Baldiñ nere suerte onez iñoiz edo berriz ondo prestatzen banaiz, zer grazi eta mesede señalatu nere gañera ixurtzen dituen! Griña eragabeak ezitzeko grazia, munduaren lausenga engañagarriak ezagutzeko grazia, eta beretatik iges egiteko grazia. O bizitzako ogia, martiriak indartu, birjiñak santifikatu eta Santuak koroatu dituen ogia!

        Guziz zentzugabea naiz grazi añ maitagarriaz probetxatzen ezpanaiz, eta egiaz orañ, au ondo begiratzen dedanean ezagutzen det nere zentzu laburra. Nondik dator ni tentazioetan añ erorkor izatea, eta birtutearen bidean nik pauso bat bera aurrera iñoiz ere ez ematea? Sarriago eta berotasun andiagoz ez komulgatzetik, eta fedeak eskatzen duen begiramentu eta debozioaz elizetan ez egotetik. Gauza segurua da, Jauna artzearen diña ez naizela, baña zergatik saiatzen ez naiz, nere burua orretarako diña egitera, biziera on eta zuzen baten bidez?

 

 

 

EJENPLOA

        Birjiña txit santak beraizko konru eta arreta dauka bere debotoak sakramentu gabe hill ez ditezen, 1621en urtean bizi zan Lovainan, (Auriem. t. 2, pag. 262) Maria biziro maite zuen Sazerdote bat, eta au gaitz estu batek artu zuen. Gaitz hura eriozkoa zala, Medikuak uste etzuten; baña berak bere arreba bat deitu, eta Elizakoak erakarri zegiozkala, oni esan zion. Etxekoak orretara nai etzuten, peribulurik etzegoela esanaz. Ez ori egitea luzaerazi, esan zien gaxoak, bada urruti dagoela zuek uste dezuten erioa, txit aldean da; bi orduko bizia ozta geratzen zat. Etxekoak aditzen zutenaz arrituak bazeuden ere, añ azkenetan zegoela, eziñ sinistu zuten, eta mandatua añ laster parrokiara bialtzeko atzera zeuden. Sazerdote gajoak au ikusita, gertatzen zitzaiena argiroago azaldu zien, esanaz: Ez geiago luzatu, denbora laburraren epean hiltzera noa ta: Birjiña txit santa agertu zat, eta zerura joateko presta nadilla, eta orretarako lenago komulga nadilla, esan dit. Arreba parrokoa deitzera bereala joan, gaxoak debozio andiaz Sakramentuak artu, eta Birjiña guziz santak esan zion bezela, andik bi ordu justuetara bere ezaguera osoan hill zan.

 

 

MARIAREN ONRAN

 

        Gaur edo bigar eziñ komulga bazindezke, beintzat gogoz edo deseoz komulga zaite Mariaren onran, eta lengo komunioetan egiñgo zinduen utsaldi edo paltak nolerebait ordañtzeko asmo edo deseoaz.

 

 

ESKARIA

 

        Adoratzen eta bedeinkatzen zaitut, Jauna, Sakramentu txit santuan.

 

aurrekoa hurrengoa