www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa hurrengoa

AMARGARREN EGUNA

Infernuaren gañean

 

        Pekataria, ikusten dezu su eta garrez betatako presondegi izugarri hura? Zuretzat prestatua dago, baldiñ biziera berri on bat artzen ezpadezu. Ongi begira zaiozu; an erre eta kiskaliko da zure anima; an erre eta kiskaliko da pekatuan kulpagarri izan zan zure gorputza. Aotik, eztarritik, eta erraietaraño alere, sartuko zatzu sua; sutegian goritutako burnia bezela geratuko zera, eta demonioak zanpatuko zaituzte. Nola bizi zindezke infernuko galda bizi ikaragarri aietan, len kandela baten gar ariña beatz batean eziñ sofritu zenduen ori?

        Bizkitartean zer gauzak gogoratuko zzizkitzu sugar kiskalgarri aien artean? Ezer gutxi kostata, salba zindezkiala, eta nai izan etzenduela, pensatzea. Jaungoikoak zuri deitzeko eraratu zizkitzun, sermoi hura, ejerzizio aiek, liburu on hura, zeruko ixillmandatu eta argi hura izanzinduela, eta aiez baliatu nai izan etzenduela, konturatzea. Zure bizimodu eta estadu, edade, beargai eta kongregazioko lagun asko zeruan andik ikusten, eta zerori infernuan ikustea. Eta onekiñ amorratzea, ernegatzea, zere burua, zere guardako Aingerua, zere debozioko Santuak, Maria guziz santa eta Jesukristo bera madarikatzea. Oh bizitza zeñ doakabe eta hilgarria! Oh beargai zeñ patu gaiztokoa izango dan infernuko beargaia!

        Eta su-leize artan erorteratzen bazera, denbora luzerako izango ote da? Eun urterako? Geiagorako. Milla urterako izango ote da? Asko geiagorako. Zenbat denborarako izango da, baka? Jaungoikoa Jaungoiko dan arte guzirako; beti betirako sekula guzien sekuletaraño. Eta denbora añ luzean ariñgarri edo sosegu-antzen bat egongo ezta? Sekulan ere. Beatz bat mugitzea bederik itxi-idiki bateko arnas piska bat bederik izango eztet? Egundaño. Edolarik emango didate ur tanto bat? Badauka oberik. O sua, oh infernua, oh eternidadea!

 

 

EJENPLOA

        Zere salbazioa iristea ziñez eta benaz nai badezu, Birjiña guziz santari eska zaiozu, ezagutzera eman dizazula, zer eta nolakoa dan infernua. Toskanako Markes Hugo zabaltasun osoan bizi zan, bere galgarri eta oitura galduen damuz ere Maria txit santari debozio uxi bat ziolako, Ama onegandik artu zituen ainbeste isill mandatu eta gastiguaz iñolako konturik egiñ gabe. Egun batez Senario deritzan mendian eizean larrabere baten ondoren, eta bere artan pensatzen zijoala, ekaitz izugarri bat beñgoan sortu, eta turmoi, jasa eta tximista bildurgarriak eraso zioten. Itsumustuan arzulo batean sartu, eta orra nun topatzen dituen gizon itxuran, baña guziz beltz, itsusi eta izugarriak zirrn demonioak, gizonen gorputz-zatiak malluaz puskatzen. Hura ikusita Hugok, sorgiñak ziralakoan, garrasi bat egiñ zuen, eta denbora berean illunpe artatik irteten zan itz-ots bat aditu zuen, ziona: Orri ere eskuak egotzi eta ekar zadak; baña eranzun zioten: Bere garaian, zerren gure gañean alaingo esku eta indarra daukan ark ori egiteko lekurik oraindik ematen eztigun, Infernuko espiritu aiek esan zuten, orduraño Mariak gorde zuela Jaun hura betiko kondenaziotik. Markesa, itz oek adituta, beregandik irtena bezela geratu zan, eta bildur santuaren Amagana bere biotza itzuli, eta bere laguntza eskatu zion, eta gurutzearen señalea egiñ, eta etsaiak angoak egiñ zituzten. Ar-zulotik irten, eta Eujenio zeritzan eremutar baten etxetxora joan, eta gaua an igaro zuen, biziera berri ona artzeko asmoetan. Bigaramon goizean Florenziarako irten, eta igaro zitzaion eta Birjiña guziz santari zor zion guziaren berri Eustakio Obispoari eman, eta bere pekatu guziak konfesatu, agiriko penitenzia egiñ, eta bere bizimodu galdu galgarria utzi, eta ontzeari ziñez eta benaz berealatik eman zitzaion, begiak negarrez busti, eta ojuka esanaz: Hugo aurrerontzean ezta izango Hugo. Zazpi komentu berri egiñ, esku luze ongilleaz oiek bear zutenaz oparo ornitu, eta andik aurrera Mariaren seme egiazkoa bezela bizitu zan, eta gero bere esanegiñ guzietan prinzipe añ ona izan zan, nun prinzipe guziz garaiaren izenaz deitzea merezitu zuen.

 

 

MARIAREN ONRAN

 

        Elizan belauniko zaudenean, gogora ekarzu; zer tormentu izango da sekula guzien sekuletan infernuko sugarretan belauniko egotea?

 

 

ESKARIA

 

        Ama laztana, arren infernuko tormentuetatik libra gaitzazu.

 

aurrekoa hurrengoa