www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA IRUGARREN EGUNA

Zeruko ixill-mandatu eta argien gañean

 

        Milla modutako ixill-mandatu eta zeruko argiaz otsegiten dizu Jaungoikoak, dala barrungo bultzada indartsu, eta betiko egien ezaguera argiaz; dala adiskideren baten konsejuen, edo konfesore baten gaztiguen bidez; bai erri guziaren lazerien bidez;

bai predikarien ots indartsuaren bidez, bai liburu birtutekoaiak irakurtearenez. Jaungoikoagana biurtu dan pekatari bat, dirudi ojuka dagokizula: Truka zazu biziera ori. Supituko eriotz batek esaten dizula: Konfesa zaite. Barrunen beti daukazun sosegu txarrak: Utztazu oitura galgarri ori. Eta, bear bada, Birtutearen eztitasunetik zerbait iñoiz progatu badezu deadar egiñgo zenduen: Oh gauza zeñ gozo eta atsegiña dan Jaungoikoa serbitzea!

        Jaungoikoa nai ainbat eta geiago egiten du guri otsegiteaz, bere otsari obeditzea dagokigu guri. Jaunaren espiritua da egiaz argi ematen duen argia, ongirotzen duen intza, sendatzen duen medikua; baña sendatu nai duenari bakarrik ematen dio osasuna; intza artzeko zabaltzen diran biotzak bakarrik ongirotzen ditu; zuzentasunezko Eguzkia ikusteko beren gogoz begiak ixten ez dituzten animai bakarrik ematen die bere argia. Graziak beti salbazioa billatzen eta eskatzen du; baña berari gogor egiten diona salbatzen eztu; gu santu egiñ nai ginduke; baña ez bortxaz. Onen erara zer esango degu sermoietatik, konfesiotik, liburu onen irakurtzetik, igeska dabiltzanaz, zerren zorrotz itzegiten diezaten, edo damutzera mugierazitzen dituzten? Au desobeditzea ezezik, Espiritu Santuaren kontra altxatzea ere da.

        Jaungoikoak otsegiten digu: ai gure galdubear tristeak bere deiai eranzuten ezpadiegu! San Mateo, Jesukristoren deia aditu ez al zuen, Berari jarraitzeko bereala altxa zan, eta publikano edo petxa-biltzalle zana, apostolu egiñ zuten. San Pedro bere Maisu maitearen begiratu bakar batez negar miñari eman, penitenziara mugitu, eta santu andi izan zan. Baña Judas , ez gaztiguak, ez barrungo kezka eta imurtziak, ez ongite eta mesedeak bigundu zuten, eta zer suerte izan zuen? Zori gaiztoko eran hill, eta kondenatzea. Zeregandik bota zenduen lenengo argi hura, edo orañ bertan barrunda dezuna, badateke Jaungoikoak egiñ nai dizun azkeneko grazia señalatua izatea. Bizibide edo estaduren bat artzera Berak deitu eta bereala baietz eranzuten ezpadiozu, bear bada orrek gogoan jo eta geiago deituko eztizu. Zer izango da onen ondorea? Zuk autuko dezula, ez Jaungoikoak nai duen bizibidea, ezpada zuri bururatzen zatzuna; eta begira zer orduan zuzaz izango dan.

 

 

EJENPLOA

 

        Suerte onekoa, Jaungoikoaren deiari bereala eranzuten diona! Au txit ondo progatu zuen Bolonian Mariaren kongregazioko gazte batek. Egun batez kongregazioko buru-zagia billatzera joan, eta bere biziera zuzentzeko zeukan deseo irazikia oni agertu zion, bere konsejuaz lagun zegiola, denbora berean erregutuaz, zerren, nork daki, Aita, gañera esan zion, supitoan hilko banaiz ere? Itz oiek esatean agertu zuen bizitasun, eta ixuri zituen negarrak bere borondatea txit sendo eta eragillea zalako señale agiri eta segurua ziran. Konfesoreak konseju txit on eta osasungarriak eman ziozkan, eta, besteen artean, gutxienez jai egunetan konfesatzekoa. Guzia egiteko asmo erabakia egiñ, eta biotz andiaz bere biziera berriari asiera eman zion. Oraindik bi illabete igaro etziran, eta orra non, eri eta gaxoak sebitzen ospitalean egon, eta bearrekoen artean limosna andi bat zabaldu ondoan, bazkaldu, eta sala batean sartzeko ustean joan zan, eta oña atean ipiñi zuen bezela, txarraldiak eman, eta eseri, eta Jesusen eta Mariaren izen eztitsuak aoan zituela, bereala hill zan.

 

 

MARIAREN ONRAN

 

        Orañ hiltzeko bazeunde zer miñgarrien izango litzaizuke? Bada ori, dana dala, bereala zuzen zazu, Mariaren esku eta laguntza eskatuaz.

 

 

ESKARIA

 

        Erakus zadazu, Ama maitea, nola egiñgo dedan Zuk naizuna.

 

aurrekoa hurrengoa