www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa hurrengoa

EMEZORTZIGARREN EGUNA

Jaungoikoaren aurrean egotearen gañean

 

        Norekiñ zaudela uste dezu orañ? Jaungoikoarekiñ. Itzegiten zaudenean, lagunakiñ zabiltzanean, lanean diarduzunean, lo zatzanean, jaten zaudenean edo paseatzen zabiltzanean norekiñ zaude? Jaungoikoarekiñ. Eta pekatu egiten diarduzuenean? Orduan ere Jaungoikoarekiñ zaude. Jaungoikoa zure aurrean dago, zure inguruan, zure barrunen eta zure gorputzaren alde eta sentidu guzietan dago. Zuk egiten dezun guzia ikusten du, zure itzak aditzen ditu, zure zale eta deseoak ezagutzen ditu, zure gogorazio eta pensamentu guziak barruntzen ditu. Gau eta egun begira dagokizu, bakarrik naiz lagunakiñ zaudela, eta denbora eta leku guzietan begira dagokizu. Iñoiz ere eziñ esan zenzake: orañ pekatu egiñ nezake bildurgabe, iñork ikusten eznauta; bada Jaungoikoa beti begira dagokizu.

        Zer ausardi eta lotsagabekeria dan Jaungoikoari bere begien aurrean txarkeri edo ofensa egitea! Jaungoiko añ santu eta esku andiko baten, zure Erredimitzalle zure Aita, zure Jaun eta zure Juezaren aurrean! Eta nornai personen aurrean pekatu bat egiteko lotsa zeralarik, Jaungoikoaren aurrean egiteko lotsa ez izatea! Nola ezurretarañoko ikarak artzen etzaitu pekatu egitera zoazenean? Jaungoikoak bere bularrean eskribituak dauzka zure gaiztakeri guziak, eta oriek an irakurten diardu beti. Begira, bada, zer egiten dezun Jaungoikoa begira dagokizun pekataria.

        Bere tribunalaren aurrean kontuak ematera ager zaiteanean, zu salatuko zaituzten salatzalle eta testigu bearrik izango ezta. Nerau naiz, esango du Jaunak, Juez eta testigu. Nolakoa izango da zure lotsa eta bildurra zure kontra aserretuak dauden begi izugarri aiek zuri begira jartzean, eta zure lan añ lotsagarriak argi eta garbi ikusi zituztela gogoratzean! Zer itsumena kristauarena, bere salatzalle izango zaion demonioaren aurrean, arrezkero ezertan lagundu naiko eztion guardako Aingeruaren aurrean, eta, guziaz gañ, bere Juez zorrotz eta zuzen izango dan Jaungoikoaren aurrean pekatu egitea!

 

 

EJENPLOA

 

        Zere lanak beti zuzen egiñ nai badituzu, kontu egizu, egia dan bezela, denbora eta leku guzietan Jaungoikoaren aurrean, eta bere Ama txit santaren begien aurrean zaudela.

        Egun batez Dola deritzan erriko gazte bat Birjiña txit santaren kongregazio bateko buruzagiarekiñ topo egiñ (Auriem t. 1, pag 64) eta onek kongregazioan sar zedilla, modurik egokienean konsejatu zuen, eta gazteak, bear bada, askok egiten duten bezela, debozioz baño, munduarekikoa idukitzeagatik geiago artara jarriaz, ala egiñgo zuela, agindu zion, gero, Maria Birjiña errukitsuak, beste askori bezela, esku eman ezpalio, bere promes guziai aisa eta erraz utsemateko usteetan. Ama maiteak bada, berari agertu, eta esan zion: Esan dizutena egizu, orrekiñ atsegiñ egiñgo didazu eta nik sekulan utziko etzaitut.

        Ditx añ andiko ikuskari eta ainbeste balio zuen promesak eziñ utzi zezakeen gaztea arritu gabe eta poz atsegiñez bete gabe. Bere ergelkeri eta lengo biziera gaiztoaz guziak txit bildur ziran; baña geroenean prueba asko egiñ ondoan, kofradian artzea merezitu zuen. Gazteak ondoren zeraman biziera onak txantxetan etzebillela eta ziñez eta benaz ondu zala, argi eta garbi erakutsi zuen, bada aurrerontzean txit zuzen eta berotasun andiaz, eta len gaitzerako bide izugarria ematen zuena bere lagunen ispillu izanaz bizitu zan. Txit ongi begiratzekoa da Birjiña txit santak agindu zion Iñoiz ere utziko etzaitut hura, biotz guziak beregana erakartzeko, eta Mariaren kongregazioko guziak beren asmo santuetan sendo idukitzeko nai ainbat eta geiago dan promesa.

 

 

MARIAREN ONRAN

 

        Zernai lani asiera ematerako, eta are geiago tentazioa barrunda danean, zere barrunbean esazu: Jaungoikoa begira dagokit.

 

 

ESKARIA

 

        Itzul itzazu gugana zure begi urrikaltsu oriek.

 

aurrekoa hurrengoa