www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA AMAIKAGARREN EGUNA

Jesukristoren onginai eta amorioaren gañean

 

        Zure biotzak norbait maitatzera zaramazki? Ordu onean maita zazu, baña gauzarik maitagarrien, eta zure amodioa geien merezi duena, au da, Jesukristo, maita zazu. Begira, gizona bada ere, gizon guzien ederren eta garaiena dala: Speciosus forma proe filii hominum. Eta gañera Jaungoikoa da, eta beragatik neurrigabeko edertasuna eta grazia guziak dauzkana. Zenbat aldiz gauza preziotsu bati eder-etsitzen gatzaizka, konturako, soñeko bati, erloju bati, ederrak diralako beste gabe; eta Jesus txit maitagarriak gure kariño eta amodio guzia merezi bearko eztu? Non da gure zentzua?

        Maite eztegu Jesus, eta Jesusek maite gaitu: eta alañ maite gaitu, non sortu eta jaio zanetik gure ona beste ezer buruan erabilli etzuen. Zugatik egiñ zan aurtxo, egon zan seaskan, jardun zan lantegian, eta predikatzen neke eta eramankizunen artean; zugatik ainbeste tormentu eraman zituen; zugatik gurutze batean hill zan, eta zugatik bere odol guzia ixuri zuen. Oraindik gutxi deritzazu?

        Bada Berari asko iruditu etzitzaion, alabaña onenbeste amodiori geiago egotzi nai izan zion, bere gorputza janari eta bere odola edari zuri utziaz. Badateke, gizon eskergabea, zuri pestak egiten dizkitzun txakurtxo batek, edo graziren bat daukan aur batek zure lege eta gogoa irabaztea, eta amodio azkengabeaz maite zaituen Jesukristori eranzun bear eztiozula?

        Ez pensatu geiegizko libertadea dala Berari esatea: Jauna, asko nai dizut. Zuzen zuzen au da Berak nai duena. Zeñ eta pekataria zeran, au esan giozu, bada pekatari izatea ri esatetik atzeratzeko arrazoia ezta. Bera da zu artzeko lenen irten zatzuna; Berak botatzen dizkitzu besoak lepora, idikitzen dizu bere bular urrikaltsua, agertzen dizu biotza, eta esaten dizu, Bera maita dezazula biguntasun andiaz. Edo arrizkoa zera, edo eziñ dateke dei añ amodiotsuari ez erantzutea.

 

 

EJENPLOA

 

        Paradisoko Dominikak, norzaz len itzegiñ baitegun, (Auriem t. 2, pag. 323) larunbat egun batez lorez eotako bi koro, Jesus eta Mariari beren imajiñetan umiltasun andiaz aurrean ipiñi zizten, esanaz, arren usai egiñ zegiotela; eta mesede au iristen etzuela ikusi, eta eman oi zuen limosna bat oraindik eman etzuelako, izango zala, irudituta, bearreko bati deitu eta limosna hura emateko ustean baranda batera joan zan. Lenen ikusi zuena mutiltxo bat eskutik zuen andre bat izan zan: andre onek soñeko zar eta aroatuak bazekaizkien ere, bere arpegian grabetasun eta noblezi andia agertzen zuen: bereala mutiltxoak limosna eskatuaz besoak goratu zituen, eta amak ere ori bera egiñ zuen. Dominika oartu zan, aurrak eskuetan zauri edo llagak zeuzkala, eta errukiz biguñduta, esan zien: Pixka bat itxeden zadazute. Limosna batekiñ jetxi, eta itxia zegoen atea idiki baño len eskale aiek barrunen topatu, eta onez arritu, eta galdetzen die: Nork idiki dizute atea? Ai nere tristea, baldiñ nere amak au ikusten badu! Zaude ixillik, alaba, andreak eranzun zuen, iñork ikusi ezgaituta. Nola dabilke zure semea, Dominikak esan zion, oñetan dauzkan llaga oriekiñ? Oriek amodioak egiñ zizkion, eranzun zion andreak. Mutiltxoaren moldesi eta modestia ikustekoa zan, eta onek Dominika gajoa beregandik irten bezela zeukan, eta ala galdetu zion: erida oriek miñik ematen ezdizute? Eta mutiltxoak farra uxian eranzun zion: Zer? eta denbora berean imajiñ biak buruan zeuzkaten loreai begira arretaz jarri, eta berea amari aien eske asi zitzaion. Onek lore aiek eskuaz iritxi, eta semetxoari eman ziozkan. Zerk mugitzen zaitu, alaba, donzellarekiñ berriz itzegiñaz, oni esan zion, imajiñ oiek lorez koroatzera? —Jesusi eta bere Ama bedeinkatuari diedan amodioak. —Zenbat nai diezu? —Al nezakean guzia. —Zenbat zenzake? —Berak laguntzen didaten guzia. —Bada berak onela maitatuaz joan zaite, eta Jaungoikoak emango dizu ordañsaria. Dominika batari eta besteari begiratzez aspertzen etzan. —Zeri begiratzen diozu? andreak galdetu zion. —Zure semeari, donzellak eranzun zion, eta zerbait geiago alderatuta, zauri edo llagetatik irteten zan usai gozo zoragarri bat sentitu zuen. Orduan donzellak esan zion: Andrea usai onen ederreko zer ukendu edo balsamuz sendatzen diozkatzu aur oni bere llagak? —Karidadearen balsamuaz eranzun zion. —Eta ori nun saltzen da? —Fede, eta urrikaltasunaz eta lan onak egiñaz arkitzen da. Onetara ziranean, aurrak bularrean zeukan beste llaga bat garbitzeko Dominikak beste zapi bat artu zuen, eta llaga onek usai oraindik zoragarriagoa banatzen zuen baña garbitzeko lekurik amak eman etzion, eta aurra zerbait atzeratu zan. Atoz, aurra, atoz, donzellak esan zion ogia emango dizut eta. Onen janaria, amak esan zion, amodioa da; zuk oni atsegiñ egiñ nai badiozu, biziro maita zazu. Itz oiek aditzean, aurra bere poz atsegiña agertuaz Dominikarekiñ itzegiten asi zan. Asko nai diozu Jesusi? —Ainbeste nai diot, nun ez egunez eta ez gabez beste gauzarik buruan darabildan, ezpada Bera, eta beste ezer egiñ nai ez nuke, ezpada, Berari gogoko zaiona. Amodioak erakutsiko dizu nola egiñ Berari atsegiñ zaiona, aurrak esan zion. Guzi onetara eriden usai gozo zoragarria geituaz eta aziaz zijoan, alatan, non, Dominikak poz atsegiñez gañez eginta, deadar egiñ zuen: Aur baten llagak onelako usai gozo zoragarria badaukate, zer izango da gloriakoa? Ez arritu, Dominika, andreak esan zion, bada non ere dagoen Jaungoikoa , an dago usai eta lurruñ gozoenen asiera eta jaiet-burua. Eta itz oiek esan zituen bezela, ikuskari hura beñgoan trukatu zan; aurraren arpegiak eguzkiak bezela argi egiñ zuen, eta Ama ere argi txit ederrez jantzia agertu zan. Jesusek bere Amaren magaletik loreak artu, eta Dominikaren gañera oiek zabalduaz, esaten dio: Ar itzazu lore oek gero sekula guzian emango dizkidatzudanen señale eta prenda bezela. Au esan ondoan, begietatik galdu zitzaizkion, suerte oneko donzellaren biotza beren ondoren eramanaz.

 

 

MARIAREN ONRAN

 

        Jesus eta Mariaren Biotz sagraduen onran deboziozko gauzen bat egitea.

 

 

ESKARIA

 

        Oh nere Ama amodiotsua! irazeki zazu gauez eta egunez nere Salbatzalleaganako nere amodioaren sua.

 

aurrekoa hurrengoa