www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa hurrengoa

AMABOSTGARREN EGUNA

Gloriaren gañean

 

        Zer gogokoen zatzu mundu onetan? Nai dezuna egiteko esku eta zabaltasuna? Zerura joaten bazera, ibilli zindezke zere naierara illargian, eguzkian eta izarretan. Puntu batean zerutik lurrera jetxi, eta bestean igo zindeke. Leku itxi eta gordeenean ezerk galerazigabe, eta iñolako bildurgabe sar zindeke.

        Musika soñua? Aingeru eta Santuak zeruan beti aditzen eta gozatzen dutena eziñ ederrago eta zoragarriagoa da. Serafin batek zeruko otslankai edo instrumentu bati ukitzeaz beste gabe, Aita san Franzisko beregandik irten eta gozotoro kordegabetua utzi zuen.

        Gorputzeko edertasun eta liraintasunaren zalez zaude? Doatsu izatera irixten bazera, bi izarren parekoak izango dira zure begiak; eguzkiak bezela argi egiñgo du zure arpegiak; diamantea ez bezelako perlaz apañduak ikusiko dira zure eskuak, eta argitasun eta edertasunez jantzia egongo da zure gorputza.

        Jakiñ naiak zaramazki? salba zaite, eta Salomon baño jakintsuago, eta munduko filosofo guziak baño argitsuago izango zera; puntu batean eta izpirik nekatu gabe ikasiko dituzu jakiñkizun guziak.

        Kreaturen edertasunak zoratzen zaitu? Zenbat ederragoa Egillea dan! Glorian Bera arpegiz-arpegi ikusiko dezu, zoratzeko zorian egongo zera bere arpegi jaungoikozkoari begira eta Bera ikuste utsez berealatik doatsu izango zera. Gañera, Zer poz atsegiña izango dan Aingeruak ikustea, gure Aita Adan, Aitalen Abraham, Errege David, Apostoluak, Martiriak, zure Santu artuak,ikustea! Maria ikustea, Jesus ikustea!

        Aberats izan nai zenduke? Bada salba zaite, eta zeru guziaren eta munduko ondasun guzien Jaun eta Jabe, Jaungoiko beraren jabe izango zera. Bera zurea izango da, eta iñork eziñ kenduko dizu, eta ezergatik eziñ galdu al izango dezu. Bera zurea izango da, eta zu Berarena sekula guzien sekuletan.

        Beraz guziz zentzugabea da ondasun galkor eta ezerez bategatik gloria galtzeko bidean jartzen dana.

 

 

EJENPLOA

 

        Mariari egiñdako serbitzu labur bat iñoiz asko izan da pekataririk galduena ostera grazia berendu, eta gloria irixteko. Gazte noble eta bere buruaz txit pagatu bat iru erlijiosorekiñ Genovatik Savonara itsasoz zijoan, eta nola liburu zoro galgarrien irakurtera txit emana baizan, garai artan amodiozko itz neurtu edo koplak zekaizkien bat irakurten zijoan, eta arazo artan alaingo poz-atsegiña artzen zuela zion, nun dira zartada andi bategatik ere liburu hura salduko etzukean. Erlijiosoetako batek esan zion: Gogoz egiñgo ziñioke Birjiña txit santari serbitzu bat? Ori bai, Aita, gazteak eranzun zion, Birjiñaren onran zernai gauza egiñgo det. Bada ondo, erlijiosoak ostera esan zion, Birjiñari atsegiñ egiteagatik liburu ori apurtu eta itsasora bota zazu. Oni gazteak eranzun zion. Orra nun daukan— Ez, erlijiosoak ostera eraso zion: zere eskuaz ofrendatu bear diozu doai au Mariari. Orduan gazteak kanibeta batez liburua erdibitu, eta erdi bata itsasora bota, eta beste erdia erlijiosoari eman zion, eta onek ere orri guziak apurtu eta itsasora bota zituen. Biotz prestatuaz egiñdako lan au ordañ-sari gabe geratu etzan, zerren andik denbora gutxiren buruan gaztea Genovara biurtu, eta bertutezko biziera egitera Jaungoikoak deitu, eta Birjiña guziz santak Erlijioko gordeleku seguru eta suerte onekora erakarri zuen. Oh zeñ gogoko zeruko Erregiñ oni izango litzaiokean liburu galgarrien irakurtean gazte onen antzeko izan, eta berari atsegiñ egiteagatik liburu oriek beregandik botatzen ere ark bezela egitea! Onek arrazoiz eta bidez uste lezake pekatuen damua eta ontzeko grazia Mariaren baitartez iristea.

 

 

MARIAREN ONRAN

 

        Ikus zazu, ea zure liburu, estanpa edo paperetan añ garbia eztan zerbait ote daukazun, eta onelakorik arkitzen badezu, bereala surtara bota zazu, Birjiña txit santaren onran.

 

 

ESKARIA

 

        Zeruko atea, erregu zazu gugatik.

 

aurrekoa hurrengoa