www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Maietzeko illa
Gregorio Arrue
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Maietzeco ill edo virgina chit santari consagratutaco maietzeko illa, Gregorio Arrue. Pedro Gurrutxaga, 1888

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA BOSTGARREN EGUNA

Purgatoriaren gañean pensabidea

 

        Purgatorioan zer dago? Zer? Jaungoikoaren Justiziak irazekitako su bizia. An Jaungoikoa maite da, eta Jaungoikoak kastigatzen du; Bera ikusi nai, eta eziñ ikusi da; zerura joateko puntu edo garaiaren begira egon, eta noiz au iritxiko dan jakiñ ez; munduan dauden tormentu guziak baño paregabe portitzagoak daramazkite, baña bortxaz, iñolako irabazi eta ordañ-sari gabe. Egia bildurgarria! Presondegi bat bururatze utsak oso goibeltzen gaitu. Iñolaz ere purgatoriora joango gera, eta orrez konturik egiten eztegu.

        Zergatik dijoaz anima asko purgatoriora? Moja bat, zenbait itz alper koruan esan zituelako, joan zan; Erlijioso bat, salmoen azkenean Gloria Patri esatean burua makurtu etzuelako; donzella santa bat, ostiral egun batez alegiñ eragabeaz garbitu zalako; san Pelegriñ eta san Pascasio, kulpa txit ariñakgatik; san Valerio bere illoba bati geiegi nai izan ziolako; predikadore santu bat, berak eskribitzen zuenari eder zerizkiolako; eta onela beste asko eta asko. (Catan, Buen, muert. p. 2, disc. 26.) Zer izango da zuzaz, orrenbeste kolera, orrenbeste desobedientzi, elizetan egiten dituzun baldankeri, zure egiñkizunetako zabarkeri, itz alper, apañdura eragabe, eta urkoaganako onginai eta amodioaren paltarekiñ? Eta oraindik eztaukazu oriek kentzeko asmo egiazkorik?

        Zenbat denboran daude zenbait purgatorioan? Zenbatean egongo zera zu? Pekatu benial bakoitzari eman zaiogun egun bateko purgatorioa, eta kontu egiñ dezagun egunean ogeita amar uts edo palta egiten dituzula. Eta orrela, bizitzako egun bakoitzak ogeita amar eguneko purgatorioa mereziko du, urte bakoitzak ogeita amar urtekoa; berrogei ta amar urteko biziak, milla ta bosteun urtekoa, irurogeikoak milla ta zortzireunekoa. Jaungoiko santua! Zor zeñ andi eta ateratzen gaitza! Egotzi zaizkietzu pekatu ariñ edo benialai, egiñgo zinduen zenbait mortal, barkatuak, bai, baña penari dagokionez oso pagatu gabeak; zenbat euneko urte geiago purgatorioan! Baña zuk oriek erraz gutxitu zintzake bizitz onetan zenbait gorputz-nekagarri edo penitentzi, eta beste lan onak egiñaz eta induljentzi edo barkazioak irabaziaz. Eta añ zabar eta ajolkabe biziko zera?

 

 

EJENPLOA

        San Bernardoren Erlijioko Rainero doatsuari igaroko bere bizierak kezka andia ematen zion, zerren bere kulpak eta oiegatik zor zuen pena Jaunak barkatu ote ziozkan, etzekien, eta beti Ama Birjiñari erreguka zegokion, arren bere animaz kupi zedilla. Beñ batez orazioan zegoela, Jaungoikoagan gozotoro kordea galdu, eta ikusi zuen nola Ama Birjiña bere alde erreguka zegoen, Jaunari eskatuaz, eraman zezala aren anima purgatorioa ikutu gabe zerura, bere pekatu guziaz oso damutua zegoela, eta bear zan penitenzia egiñ zuelata: eta Semeak oni eranzun ziola: Ene Ama, guzia zure kontura uzten dizut. Nork ager lezake, onelako gauza bat aditzean Rainerioren poz atsegiña? Andik añ banakak libratzen diran purgatorioaren zer bildur iduki zezakean Maria txit santaren eskuetan zegoen ezkero bere joan-etorria? Onegatik bera bere biziera santuan izpirik lasaitu etzan, baizik oraindik berotasun andiagoaz saiatu zan lan onak egitera, Ama bedeinkatu arrek pena izugarri aietatik libratzea onela merezituaz, bera maite duten seme-alaba guziakiñ egiten duen bezela.

 

 

MARIAREN ONRAN

 

        Maria txit santari geien nai dion purgatorioko animagatik iru Aita gure errezatzea.

 

 

ESKARIA

 

        Erbesteko bizitza onen ondoren erakus zaguzu zure sabeleko frutu bedeinkatu Jesus.

 

aurrekoa hurrengoa