Garraren eta karroiaren margoak
Juan Karlos Lopez Mugartza

Euskaltzaindia / BBK, 1994

 

 

Ikuskizun bitxiena

zalantzarik gabe

azokara datozen emakume zigortuen irudia

 

oihal koloredunez jantzirik ikusten dituzu jendetzaren artean

arpegietan zauriak erakusten dituzte

eta kalparrak moztuta agertzen zaizkizu

 

Panegirikoak ospatzen diren bitartean

gurasoek

beren umeak aldentzen dituzte emagaldu hauetatik

baina neguko egunak heltzean

haurrei titia eman diezaieten

haiengana jotzen dute

eta lastozko seasketan sarturik uzten dituzte haien eskuetan

 

eguzkiaren lehenbiziko diztirak

gaueko gorputz likitsen urkinak erakusten ditu

burua altxatu gabe, orduan, atariraino lagunduko zaituzte

nekezia urdina gaindituz

pozik baleude bezala

eta amarrua ulertu arren ez zaizu axola

haien eite garbiari

betidanik,

beren zeregin zikina kontrajarri zaiola onartzen baituzu

artean, amodioaren ixilpeko zidorretan

andere hauen arimei hautsa datxezkie poliki

horregatik, irrifar bat botatzean,

begi herabetiak izkutatzen dituzte

esku txurietako erhien azpian

 

Garraren eta karroiaren margoak
Juan Karlos Lopez Mugartza

Euskaltzaindia / BBK, 1994