Itsasoetatik urrun
ibaietatik gora
ari dira dantzan ululariak uluka
beren gorputz hegalariek, aldizka,
basoaren agerruneko iluntasun haragigabetuan
iraganeko arrastiriak dakarzkidate gogora
eta zentzumenaren azal atsegina goxoki laztantzen ninduen
kobazuloetako urjauzien
doinua
une horretan
emaztekien intziri lizunek ekaitzak sortzen dituzte
eta mendi gailur maldatsuenetan
ilargi astroari
edertasuna ebasten diote
hortik asago
itsaslapurrek
gantzu eta sendagailu pozointsuak edaten
ematen dute eguna
hainbat lanen ondoren
itzulezinaren itzala nagusitzen zaien arren
haragiaren aberrira bidaiatu nahiko lukete
sasi eta hodeien artean eragindako loak hartuak
hala ere
azken eurijasaren egun zurbila hurko baitute
ez zaie inoiz iristen eguna
baina balizko erresuma boreal hartarako bidean
—ez badira ezabatuak kausitzen garaia baino lehen—
inpresio zahar
amets helezinak
eta ortzearen azpian ezagututako paisaia lainotuek
beste egun berri bat bizitzeko haina indar ematen diete