Garraren eta karroiaren margoak
Juan Karlos Lopez Mugartza

Euskaltzaindia / BBK, 1994

 

 

Iraileko oihanen artetik datorkit haizea

nere amets gaiztoen irudi aldakor eta krudelek

utopien herrira itzultzeko behar dudan odola

ohostu didate gaua bezain ilunak

 

sineskaitz eta bihozgogor bilakatu naute

 

arma hotsaren usain ustela

ziegetan elikatzen den heriotzarena

azken urteetako nekeziarekin bat datoz

eta ihesari emanak

begi gainean daukadan lokarri beltza

oparitu didate

 

izan nahi nuen, bide honetan, lehena

eta gezur itzel guztien gainean

pairatzaile bakarra

 

aldiz,

iragan egunen joan etorriek

egiaren frankotiratzaileen su epelaren azpian

nini ikaratien dizdir beldurtiaren aurrean

eroso sentitzen

erakutsi didate

eta ahaztu egin zait, saldu, dagoeneko,

gaizkiaren itzal haundian noizbait izan nuen itxaropena

 

Garraren eta karroiaren margoak
Juan Karlos Lopez Mugartza

Euskaltzaindia / BBK, 1994