Usoak, arazoarekin zerikusirik ez dutela,
hazi txipiak ari dira pikoka
umeak, bitartean, jolasean eta korrika
eguzkiaren azpian
arratsaldeko bostak aldean
hegohaizeak dakarren zurrumurrua dantzut eta
bat-batean, hoztu egin zait odola
ehundahamaika heinkel eta junker-berrogeitabiak
hiru ordu bostehun-kiloko-lehergailuen-azpian
milaseiehundaberrogeitalau hildako
zortzirehundalarogeitabederatzi zauriturik
ongia eta gaizkiaren lurretik baino haratago dago
gailendu den arrazoiaren indarra
udare eta sagar guztiak galdurik
gurditzarrak erretzen ari dira
eta metrailak ireki dituen sabel zatituen erraiak
ikusi izan ditut kearen artean
eta, orobat, ume hil jaioberriak
—begi irtenak, esku bat txabusinaren gainean
musu zurbila, txuri-txuria, hotza, geldirik
soin urdina ama hautsi baten gorpuaren ondoan—
gizon eta emakumeen laztura ikaragarrian nabaritu izan dut
beldur pairaezinak dakarren gelditasun fisiko, burmuinekoa
bihotz ukatuak nola diren errotik erauziak eta
indartsuena gailen dadin ahulen sakaila gupidagabea...
gorrotoz laidatzen duen aingeru beltza
dut maitale, hortik edan dizut
higidura ez da geldituko
makurrak zitalak eta hutsak deuserezean amildu eta
arrosaren gorria arantzen doluminarekin elkartu duenak
aro berri eta askeak sor ditzan arteraino