Alegi hauek ez dute moralik
gauerdian, elizdorreko ezkila jotzean,
uhuriaka hasten naiz ilargiari begira
zeruko ganga itzela da une horretan, eskuraezina
ikasbidez beteriko liburuek ez didate oraindik eman
hainbesteko grinaz bilatzen dudan erantzuna
seaskan kondatzen zizkidaten ipuinak
nahiaren lurrinaz apainduta, ekartzen ditut gogora
baina ez dut ahaztu behar
mendi hegaletan biluzik nabilela bidez bide
egunez, eguzkiaz eta
gauez, argizaiolaren argiaz
neri ere, bukaerarik gabeko bidai honetan
zenbait hariztiren artean
edo pagadietako itzaletan
askatasunaren kondaira ari zait kontu kontari
behin eta berriz
orbelaren erorketa bertikala galerazten duen haizea
eta neregan zerbaitek dio:
esna hadi, esna, ipuin sasiatseginkor horiek alboratu eta
ulertzen has hadiI