Iraileko oihan beltzetara itzuli naiz
eta ikusi dut zure zauria
berak dauzkan kolore argi guztiak ikusten dizkiat
garraztasun errainu
arrosa gorria
kristal keatuaren irazkinean zehar dakust
alegiazko lur gozo honen distir geldiezina
zure oroimena nere bila heldu delarik mintzatuko naiz
—mina egin niezazukeen arren—
argiro:
itxoiten zenuen benetako maitalea inoiz etorri ez zela diot
zure gaubelan bota genituen malkoak
denborak berak lehortu dituela
hala nola, amorruz,
apurtu nahi zutenen katearen hezea
arista guztien gainetik sortu eta
fidantzaz beterik
hedatu zenituen altzairuzko baso biribil eta elkartuak
jendeak kiskali ditu, gasolinaz, bazter guztietan
gurdiek utzitako hatzak zanpatzen ditudalarik
basamortu honen noraezean, zutaz oroitzean
zarata sortzen ez duen txoriaren hegalaldia aditzen diat