Garraren eta karroiaren margoak
Juan Karlos Lopez Mugartza

Euskaltzaindia / BBK, 1994

 

 

Megaran, izotz zurbilaren kolorea

guztiz argia da

gauean barne

Tirinte eta Piloseko jauregietan

zenbait margolarik

musker orein adarbakar eta animali desagertuak

edertasunezko sentipenak marrazteko erabiltzen dituzte

 

Megarako haizeak daraman lurrinak,

            gorputzak eta gogoak

            ezin hautsizko lotura dutela dio

            amodioa eta askatasuna

            gauza ber direla Megaran

 

Leinu zarpaileko zakil lehiatsuenek

portaera ezin hobea erakusten dute beroaldeko erresuma honetan

horregatik,

baso izkutuenetan, ibai ertzeetan

neskatilek jolasten dute, lasai, ilunabarra iritsi arte

 

halere, ez gaitezen honengatik engaina,

honek ez du gauza handirik esan nahi

 

hurbileko Kronion hiriko putetxe izurritsuenetan

Megarako gizonak,

beren azal zekenak erakusten duen zorne bereziaz,

likitsa itsaskorra,

txanda noiz tokatuko zaien zain daude

basati eta piztiak

 

Garraren eta karroiaren margoak
Juan Karlos Lopez Mugartza

Euskaltzaindia / BBK, 1994