Goizeko lehenengo orduetan
bukatu da akelarrea eta sorginak
hotzaren hotzez eta erdi biluzik
kobazuloetatik ateratzen hasi dira poliki
hiriko espaloietarantz
etxera noa neroni ere, zirkun-zarkun, behaztopa eginez
eta kaleko farolen azpian gozagaizki
abesten ari diren azken
hordien ondotik pasa naiz biraoka
galdara bakarreko inpernura sartuko nintzateke irekita balego
karriketako isurbideetan labezomorroak ditut ixileko lagunak
eta halaber, presaka datorren langilearen begirada itzurkorra
amorrua
keinu zakarrak nabaritu ditut paretik igarotzean
otamena nola estutzen zuen besapean
urratzear dago, eta gizakien begi bistatik izkutatzen delarik
parkeko jarleku ilun baten gainean, gibeleko izkin isolatuan,
lotan den gizagaineko erori baten itzala isladatzen da
arbuio berbera erakutsi
eta izerdi hotzaren karroiarengatik dardarez,
ator laxatu bat besterik ez dudalarik,
gizateria eta biok inoiz baino bakartiago gaudela iruditu zait