Garraren eta karroiaren margoak
Juan Karlos Lopez Mugartza

Euskaltzaindia / BBK, 1994

 

 

Itsasertzeko herrietan, arrantzale zaharrek

amets migratzaileen eraginpean

sare zulatuak josten dituzte arratsaldero

kaiaren berotasunean kolore hotzez jantzita

 

bigarren mailan, mineralezko etxe txuriak dakuskit

beren iragan ezorganikoa izkutatu nahiko luketela dirudi

beren izaera berezkoa, homogeneoa, begibistara agertuz

halaber, leihatilak eta ate urdinak nagusitzen dira zeruaren azpian

propietate fisiko ortoedrikoak, kristalezkoak, erakutsiz

 

une horretan, sor geratzen naiz eta segunduak

haien nahiera gelditu,

luzatu edo laburtzen direla esango nuke

inguruan klepsidra esferikoak sumatzen ditut

arrainen ezkatak eta su heliozentrikoak

grabitaterik gabeko unibertso batean amiltzen naiz orduan

eta irudi liluragarriak ikus ditzaket

burmuinaren barneko paradisu hauetan

 

Garraren eta karroiaren margoak
Juan Karlos Lopez Mugartza

Euskaltzaindia / BBK, 1994