|
Garraren eta karroiaren margoak
Ibilbide sideraletako gauen baretasunean egitur galaktikoen izarrak itzulika dabiltza gertagaitzezko erdialde baten inguruan
mila miloika parsek baino gehiagoko tamainetarantz abiaturik esne antzeko multzoak izar lurrunak gainditu behar dituzte ohiturak elikatzen duen bidai honek aurrera egin dezan
honela, mundua sortu zenetik gero, lerro magnetiko eta pigmentazio gorrixken amildegietan erori eta anabasa sailkatzen duenaren on eritziaz, izar hautsezko gunetan sartzen dira indar dinamikoak sortuz atomoak diametro infinitesimalak
gauaren iluna, mendez mende, beztu eta estali ohi da era berean
zenbait teleskopio indartsuk, halere, ageriko magnitude urrunen egoera puntukaria nabaritu dute ezerezaren lekutako ertzeetan: milaka argi-urtetara, orbitarik gabeko ostondo irekietan, eguzkiaren ingurutik at bizi diren izar dardartiak
izarbide exzentrikozko astro etxegabeak moldagaitzak jazarriak zeru horretako ortzemugetan batzen dira eta geriza eman behar baitiote elkarri laino mineralezko aterpe sendoak eraikitzen dituzte ixileko eremu askeak ahanzturatik, maitegabeziatik iheslari doazen izar arin erratuentzat
ahal baneza, mugalde haietara bidaiatu nahiko nuke oxigeno falta ikaragarriak sortzen duen itotasunari eta Orionen ezpataren ahoak kudeatzen duen huts eta garraztasunari kateatua kutsatua ikusten baitut, izartegi ixtikari honetan, neure burua
Garraren eta karroiaren margoak |