Tebas eta Meris lakuko lurretan
gizabanakoaren askatasuna
gogo zanpatuen gorputz-independentzia alegia
bereziki sakratua izan ohi zen faraoi haundien garaian
oinarrizko bizilege hau
Niloko kokodriloek zaintzen zuten fierki
horregatik maitatuak izateaz gainera
urruneko probintzi haietako biztanleek gurtuak izaten ziren
gaur,
gaua izarratua dagoenean,
ezin dut lorik egin
eta gezur harrotu guztiak gainditurik
mendi gailurretan bizitzera ohitu ez naizenez
ibai aske haietara itzuli nahiko nuke berriro
irakaspenaren sakontasuna
eta honen indarraren distira argiak izan arren
ondoko gizon eta emakumeen arimetan
izpirituan
haien gorputz lehorrei darien energian
zeihardura tamalgarriak sumatzen ditut gau likits guztietan
eta eskuekin urratu nahiko nituzke begiak
eta liluratik urrun
hortzez ausiki egiten dut burukoa amorru guztiaz