Airean egin nituen gazteluek
ankerki solas egin zidaten
urdintasunaren handian ito eta gero
nitrato organikozko ongarri bihurturik
txarkeria eta grina bajuenak
begi bekaiztien desira
eta amodiozko besarkadaren berotik urrun
giza saldo amorratuaren zorne zurbila
txingarren artean kukubilkaturik
sumatu nituen gaua iritsi zitzaidanean
halere, bakarminean bizitutako denbora luzearengatik
loalditik esnatu nahiko nuke
eta hatzaparkatu nere azal geziztatua
jasandako zigorrak naharoak izan diren arren
balizko garizelaietan bildu ditudan ale bakanek
jakintzaren zitua erakutsi eta, zagitariek,
zientzia guztien sekretuak azaldu nahi dizkidate
etengabeki eraldatzen ari den eter itxuragabean
olatuen apar distiratsuek isuri dituzte errekak
eta sare lazgarrietatik, uraren oxigenoak jasoak,
ihesari emandako arrainen jira bira alaiak dakuskidalarik
ezbizia, betirako, bizitzarekin kateatu dela onartzen dut