Garraren eta karroiaren margoak
Juan Karlos Lopez Mugartza

Euskaltzaindia / BBK, 1994

 

 

Lurbira osoan, atzo bezala, isladapen berriak piztu dira

eta suzko sareak jasotzen dituzten arrantzaleek

paradisuko ibai eta itxasoetako ertzetatik agurtzen naute

 

olatuen maitalea izateagatik

arantze itzuli zait, sarritan, ikutu dudan guztia

mendi gailurretako arrano erorien hegaladi minbera

garaituen larderia, eta

garaileen bekaizkeria ezagutu ditut negar malkoen haranean

 

alegia,

           beharraren hatzaparrak, aise eder eta aspaldi,

           noizbait fidagaitz,

           beti berjabe,

           bihurtu ninduen

 

ikasi behar izan dut hainbatetan

neure burua maitatzen

kutsu arrotzak ditut

eta erizpideak ez dizkizut bete

behar ez nituen lagunak izan ditudalako nago pozaren pozez

konpainia txarrak, buru makurra ez zuten mariņelak,

horiexek dituzu, horiek,

beste burmuinetatik lapurtu dudan nere jakituriaren urrea

 

Garraren eta karroiaren margoak
Juan Karlos Lopez Mugartza

Euskaltzaindia / BBK, 1994