Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

XENPELARREN NORTASUNA

 

 

      XIXgn. mendean, Europa aldean giza ekonomiak aldaketa izugarria egin zuan. Aspaldiko industria eskas, txiki ta aula indartzen asia zan, eta era berean, agrikulturaren malda beheraren asiera. Bi gertakizun abek gaurko egunontan agerian ditugu garbi.

      Jendearen artean, giza artean noski, beheko gizamaillatik sozial-klase berri bat sortu zan orduan, ots, erdiko klasea, burgesia. Klase berri onek behetik asi ta goi aldera jo zuan, komertzio ta industriagatik aberastuta. Antziñako baserritar-klaseak, aundiki ta nobleen pean zegolako, atzerakoia jarraitu zuan, bai politika ta relijioan, bai beste edozer arazoan.

      Burgesia, ordea, ezkertiarra zan. Frantziako matxinada nagusia ezkeroztik, frantzesak edatutako ideia berriak burgesak bereganatu egin zituzten. Labur esateko: burgesia liberala zan.

      Denbora artan uriak eta errixkak urrutiratuak zeuden; jendea elkarrengandik aldendua bizi zan, bide eskas, estu ta txarrengatik. Alde batetik bestera joateko, zaldigañean ibilli bear, idigurdiyan, zalpurdian edo dilijentzian, San Pernando kotxean izan ezik. Bideko leku bakartietan lapurrak ateratzen ziran. Biaje luze bat egiteko testamentu egiten zuten bidalariak. Mendearen erdian, trenak eta burnibideak azaltzen asi ziran Europako lurraldetan. Aurrerapen oni esker, erriak eta jendeak urbildu ziran.

      Aldaketa berdintsuak sortzen asiak ziran Españian ere, bañan etengabeko pronuntziamiento ta gerra zibil aiek, bearrezko aurrerapena trabatu zuten. Napoleonen kontrako Independentzi gerrak ereindako miseriatik ateratzen ez zioten utzi orduko kolpe ta matxinadak. Ala ta guztiz ere, nondik edo andik, Españiak ere progresoaren bidea artu ahal izan zuan, Europa ta Okzidente osoak bezela. Xenpelar jaio zan urtean 15 milloi biztanle zituan Españiak. Ogeita amalau urte ondoren, Xenpelar ill zanean, alegia, 25 milloi.

      Xenpelar bizi zan denboran trenbidea jarri zan Euskalerrian, Norteko trena. Lan ori egiteko Frantziatik etorritako injenieru ta beste teknikoen oitura arrotzak (aldrebesak, Xenpelarren ustez) bertso satirikuak sortuerazi zizkioten gure Errenteriko bertsolari tradiziozaleari.

      Euskalerri osoa basa-ekonomiaren pean zegon, baserritarra zan. Gure erria, karlista gerraren jokolari printzipalena izanik, ondatuta, porrokatuta gelditu zan lenengo gerra bukaturik. Gañera, jendeen artean kezka aundi bat bazan, alegia, Fueroen etorkizunarena. Gure lege zaharrak, oraindik bizirik izanda ere, eriotzez zaurituak zeudela somatzen zuten euskaldunak. Ala ere, itxaropen tanto bat ba zuten oraindik, Xenpelarrek bertso auetan adierazten duen bezela:

 

            Oraindik asuntua

            fandanguan dabil.

 

      Gure XXgn. mendearen arte bertsolarigintza ez da ondo ikusia izan Euskalerrian. Aundiak eta jakitunak gauza arrunt eta kaxkartzat jo dute. Ortaz Juan Ignacio de Iztuetak, bere Gipuzkoako dantza gogoangarriak liburuan albiste interesgarriak ematen dizkigu.

      XVIIIgn. mendean Iztuetak ikusitako bertso saioetan, aundiki ta sasiletrauak bertsolarien aurrean aurkezten ziran «ezpañac urratzeco zorian, eta alegiñezco siñuac egiten (burla, noski). Ez dira konturatzen —dio Iztuetak— gizagaxo oec, agirian gelditzen zaiozcatela beren ezjakiña ta prestuezkeria.»

      Iztuetaren garaian, bertsozaletasun aundia bazan, ala ere. Bein batean, Billabonako plazan Zabala amezketarrak eta Chabalategui hernanikoak jokatu zuten, lau milla ta geiago personaren aurrean, eta jokalariak bi orduz kantatu zuten. Eta biak egoki-egoki egin zutelako, juezak bildu baño len, plazako jendeak deadarrez bi bertsolariak berdiñean gelditzea eskatu zuten.

      Erriak ainbeste maite arren, intelectual eta jakintsuentzat bertsolarien saioak baserritarren solasak, ots, aldeanoen solasak besterik ez ziran. Konsideratu gabe, noski, erri xeak ere bere gogoari dagokion janaria bear duela, ta espiritu janari ori intelectualak ez baña bertsolariak eskeintzen diotela ugari. Mende ontan, zorionez, jakintsu batzuek aldaketa nabarmena egin dute. Ortan don Manuel Lekuona lenena izan da, nik dakidanez. Milla bederatzireun eta emezortzi (1918) gn. urtean, Vitoriako Obispo jaunaren aurrean auxe esan zuan:

      «Nos referimos a la poesia popular, la desdeñada poesia de los 'koplaris' o 'bertsolaris', tan injusta­mente despreciada de muchos de nuestros cultos».

      Gero, bere Literatura oral euskerica liburuan bertsolarigintzaren garrantzia azaltzen digu estudio bikain baten bidez. Liburu ortan Xenpelarren bertso batzuen garra ta mamia estudiatzen ditu poliki.

      Xenpelarretaz ere idatzi dutenak, beste bi apaizak ditugu: Bat, don Luis de Jauregi, Jautarkol olerkaria, biografi eder baten egillea, ta bestea don Antonio Zavala, jesuita. Onen Xenpelar biografi bikaina argitaldu berria da.

 

      Juan Franzisko Petriarena Xenpelar, 1835gn. urtean jaio zan, Errenteriko Senperelarre baserri umil batean, lenengo gerra karlista sutan zegola.

      Gaztetan morroi egon zan Egurrola baserrian. Eta gero Errenderiko Fabrika Aundira sartu zan lan egitera. 1869gn. urtean baztangaz (edo viruelaz) ill zan Errenterian, Magdalena kalean.

      Erriarentzat, Xenpelar bertsolari onenetakoa da. Bere izena, denborakin ahaztu bearrean, aunditzen eta zabaltzen ari da.

      Xenpelar, nola zen? Ondo ez dakigu. Jautarkolen liburuan zerbait esaten da aren gorputzez: «ez aundi ta ez txiki, bien arteko baizik, arpegia beltzerana, begiak biziak eta biurri xamarrak.»

      Aita Zavalak, bertso batzuengatik, Xenpelar gor­putzez txikia zala uste du. Bere garaiko bertsolari batek auxe kantatu zion:

 

            Kupel bat jarri dute

            atarian txutik

            gizon txikiak aundi

            ematiagatik

            zer esanen faltikan

            ez dago gugatik

            onoko txiki onek

            astinduko gaitik.

 

      Xenpelar erretratua pintatu bear izan nuanean Jautarkoli karta bat idatzi nion argibide geiagoren eske. Onen erantzuna jakingarria da. Auxe zion:

      «Xenpelar izatez pikaro xamarra zalakoan nago, ez gaiztoa zalako, satirikua zalako baizik. Nere ustez satirikuaren begi bizi ta biurri xamarrak zituan noski. Koldobika Mitxelenarekin ere gai ontaz itz egitea ondo letorkizuke. Nere liburuan diot, alegia, Xenpelar eskolatua izan balitz, beste Iparragirre edo ura baño aundiagoa izango zala, noski. Eta Mitxelenak Egan-en eman zuan kritikatxoan, oneri eldu zion eta maiteki esan zidan, Iparragirreren baño Quevedoren antza geiago topatzen ziola gure Xenpelarri. Bere izakera ta ateraldi zorrotzei begiratuz, gure lagunak arrazoi duala deritzait.»

      Bañan itzaldi onen elburu nagusia ez da Xenpelaren kanpoko itxuraz itz egitea, bere nortasunaz baizik. Eta ori bai, espirituz, izatez, Xenpelar nola zen ondo jakin dezakegu, bere bertsoak aztertzen baditugu.

      Bere lanak irakurrita, lenen agertzen zaiguna Xenpelarren gizatasuna da. Ain gazte ilda ere, gizon eldua zen. Rafael pintoreak ogeita amazaspi urtekin ill zanean, obra ugaria, ta batez ere eldua (zar eta trebe baten antzekoa) utzi zuan. Artista askok ez zuten ezer galduko gazterik ill baziran (artistak bezela esan nai dut).

      Gure Xenpelarrek ogeita amalau urte buruan, esan bear zuena esan zuan. Jesukristok berak ere, edade berdintsuekin, Aitak enkomendatu ziona bete zuan mundu ontan.

      Gizona zan, bai, gizon eldu ta prestua. Kontzientzikoa, bere tokian egoten zekiena. Fabrika Aundian enkargatua zela, Muxarrorekiko gertaera degu proba.

 

            Giza legea nola bear dan

            ezin erakutsi...

 

bota zion bere lagun pipa-zaleari. Beste bertsoan...

 

            Ez naiz ni gerraren zale

            baizik pakearen alde...

 

dio. An ere bere eldutasun eta zuurtasunaren agiri borobilla da. Lenengo gerra karlista asia zegon bera jaio zanean. Gerra bakatuta, Euskalerri ondatu bat, eroria, miseriaz betea, besterik ez zuan ikusten Xenpelar aurrak eta Xenpelar gazteak. Eta bigarren gerra, bestea bezin gogorra, edo gogorragoa, mamitzen ari zan... Ez da arritzeko, beraz, azpikari ta zirikatzallei ainbeste gorroto izatea. Bat edo beste garaiz garbitzeko akonsejatzen zuan bertso berrietan.

      (Magnetofonean entzuten dira iru bertso auek: Ia guriak egin du, Ez naiz ni gerraren zale, Gu gera iru probintzi).

      Zirraragarriak dira, benetan. Entzun ez ditugun bestetan, onelako esanak irakur ditezke:

 

            Umildadian elkarri

            errespetua ekarri

 

            ori deseo nuke nik

            ixuri gabe odolik

 

            ez da errez ibiltzen

            anaiak elkar iltzen

 

            Zer dan entenditu gabe

            ortan galduko gerade.

 

      Zer dan entenditu gabe! Gaurko egunerako balio duen sententzia.

      Jakingarria da Jautarkolek bertso aberi jarritako komentarioa. Auxe dio:

      «Jaungoikoak eraman ez ba zuan gaxotasunez, edo Iparragirre bezela atzerrira jo bearra izango zuan, edo-ta ilko zuten noski baño noskiago. Esan gero neri bertsolariak aintzakotzat artzekoak diran edo ez».

      Bere gizatasunaren beste agiria Errenteriko Sorondo aundiki ta aberatsari bota ziona da. Zuzentasunaz betea dago.

      Denbora artan, milla zortzireun ta berrogei ta emeretzi (1859) gn. urtean, Españak Marruekos Sultanari gerra deklaratu zion. Orduko general inportantenak abexek ziran: O'Donnell, gobiernoko buru ta Marruekos ejerzitoren Buruzagia; Etxague, Zabala, Ros de Olano, Prim... Azken onek Castillejos batalla irabazi zuan. Urrengo urtean españolak Tetuan uria artu ta Wad-Ras batallaren ondoan pakea firmatu zan, español eta moroen artean. Fueroen kontrato lege berriengatik Errenteriko mutil batzuek Afrikako gerra artara joan bear zutela-ta zirikatzeko gai ortaz bertso bat eskatu zion Sorondok. Seguru aski Sorondo liberala zen.

      Bañan Xenpelarrek Sorondori ziria bueltatu zion. Onelaxe:

 

            Lengo legeak galizera

            orain berriak jartzera

            asi gerade sartzera,

            Aundiak ere joan bear dute

            aurretik, gu giatzera,

            Ez dira etorko atzera

            sekulan bere etxera

            maizter-errentak artzera.

 

      Beste batean etxejabe arroxko bat zapaldu zuan. Peseta batengatik auzia zutela-ta, ona lenbizi etxejabearen bertsoa:

 

            Peseta bat guzia

            ik neri irabazia.

            Orregatikan al dabilkik, ba

            milla pantasia?

            Kriantza gabe azia,

            molde gaiztoan ezia.

            Alaere, i baño obeto zegok

            etxenagusia.

 

      Eta Xenpelarek, Jupiter tonante batek bezela:

 

            Kontzientzia garbia

            ote dadukak jarria?

            Gizonarentzat onra txarra

            dek lapurreria.

            Zurrupatuaz erria

            egin dek etxe berria...

 

      Bertso auek ere, ez al dute balio gaurko egunerako? (Magnetofonean bi bertsoak entzuten dira).

      Xenpelar relijio-zale porrokatua zela aditzera ematen dute bere bertso berri batzuek. Fede ta sinismena barne muiñetaraño sartua zuan-ta.

      Elizan bein batean entzundakoa, Azken juizioko eguna bertsoetan kontatzen digu.

 

            Tenplo santuan egondu naiz

            sermoi eder bat aditzen.

 

      Eta infernua, pintzelada tinko ta gotor batzuekin pintatzen du:

 

            Infernuan da kalabozo bat

            mortal ikaragarria,

            an sartzen danak ikasiko du

            tormentu oyen berria;

            Luzifer dago ango errege,

            ezpatarekin jarria,

            aren mendean egon bearra

            animak daukan larria.

 

      Eta zerua, pastel-kolorez eta goxo-goxo agertzen digu:

 

            Zeruak ditu amabi ate

            aingeru bana guardian,

            urrez murallak egiñak eta

            alaja fiñak erdian;

            gloriak daukan edertasuna

            musikaren alegrian...

 

      Pello Errota bertsolariaren alaba batek, Micaela Elizegi andreak, Aita Zavalari amets bat kontatu zion bein. Gaxoaldi batean, ametsetan noski, zeruko ateak ikusi omen zituan, ate bakoitzak aingeru bat ondoan zuala, ta dena urrezko arresi dizdirakor luzearen ondoan. Aita Zavala bereala konturatu zan Micaela Elizegik Xenpelaren Azken juizioko eguna milla aldiz entzungo zuela bere bizi luzean.

      Konfesiyuen gañean bertsoetan Xenpelar mo­ralista bezela azaltzen zaigu; bere gisa, noski,

 

            Elizarikan ikusi nai ez

            beti festara begiak.

 

            Gaztiak nola ibiltzen diran

            ba daki bertsolariyak.

 

            Pestara joan ta gau ta gauerdi

            beren buruak ondatzen.

 

Eta konfesatzean...

 

            Txikiak esan, aundiak utzi

            irutatik bat gordian,

            beste munduan ageriko da

            orrelakoak nor diran.

 

      Santuen bizitza xamur eta irudi egokiaz tajutuak baditu. Jautarkolek diona: erderazko antziñako romanceroan, lotsarik gabe, sartu zitezkenak.

      (Santa Barbararen martiriyua bertso eder eta triste batzuek musikakin entzungo ditugu...)

      Xenpelar, bertsolari geienak bezela, humorista zen. Denak badituzte bere gatza, bere maltzurkeri ta ateraldi zorrotzak. Ontan ere, Xenpelar lenenetakoa zan. Jakiña, literaturan alde aldakorrena humorismoa da. Atzoko humorismoak ez du far egiteko gogoa ematen gaur. Bañan legezkoa bada —Xenpelarrena dan bezela—, farra ez baña irifarra eginarazten digute orain.

      Gañera, Xenpelarrenak badu bentaja bat, alegia, satirikua dela, len don Luis Jauregi apaizari aditu diogunez. Ona emen Koldo Mitxelenaren itzak Egan aldizkarian:

      «Olerkari gain-gaiñekoa izango omen zen Xenpelar, egilleak dionez, eskolarik izan balu. Olerkaria, eztakit. Beste zerbait izango genduen agian: Quevedoren tankerako zain eta ezurra besterik etzuen prosalaria.»

      «Olerkaria ez dakit» dio Mitxelenak. Gero itzegingo degu ortaz.

      Satirikua zela, Jauregi ta Mitxelenarekin nago. Eta satirikua dan humorismoak bizi luzea du.

      Frantzeseri Xenpelarrek jarritako bertsoetan, «Frantzesaren ideak beti aldrebes» asten diran bertso oietan, kupida gabe zirikatzen du burnibideak egitera etorritako frantzes jendea.

      Ezagun-ezagunak izanda ere, merezi du bi edo iru bertso bederen musikakin entzutea.

      (Magnetofonean aditzen dira).

      Salbatore ermitan izeneko bertsoak humore landan onenetakoak dira nere iritziz. Salbatore ermita Errenteriko Larzabal baserriaren bertan ze­gon, kaxko batean. Bigarren gerra karlistan ermita erre zan eta bere arriekin baserri bat egin zuten, antxe bertan, izen berarekin, Salbatore. Aita Zavalak dionez «Errenteriarrak ermita bere kontu berrituko zutela esaten zuten. (Oyartzungo lurran zegon). Bañan oiartzuarrak etzuten nai izan. Orduko bikario zarrak onela esan omen zuan: 'Gazteak ez dute or pikardiya besterik ikasiko!'. Pikardiak ermita batean!»

      Asensiyo egunean erromeri bat ospatzen zan Salbatoren. Bein batean, Asensiyo eguna zalarik, ermitako atean bi dama ikusi zitun Xenpelarrek «elizarako erropa gabe», «ezin pasarik atian». Entzun dezagun ori.

      (Magnetofonean bertso bat entzuten da: Milla zortzireun...).

      «Ezin pasarik atian». Badakigu zergatik, jantzi zabalegia zutelako. Berak dion bezela:

 

            meriñake azpitik eta

            gañean traje arrua.

 

      Sartu ziran azkenean. Xenpelar an zegon, oro begi, farrez. Bi dama nobio on bana eskatzera joanak ziran-eta.

 

            Salbadoriak libra gaitzala

            neska zarraren gaitzetik!

 

oiu egiten du bertsolariak. Emendik aurrera bere kantuak, zeatzagoa, baita latzgarriagoa ere, jarraitzen du.

      Elizkizuna bukatuta, bi dama, arro-arro, zelaira dijoaz,

      Xenpelarrek denbora artako emakumeen moda kontatzen digu zeatz eta meatz.

      (Bigarren bertsoa entzuten da: Meriñake azpitik...)

      Baita dama aien itxura kontatu ere:

 

            Gorputz ederra, alta ta lirain

            zuri-gorria larrua

            batek sudurra galanta zuen

            a zer oliyo jarrua!

 

      Ironia aundiz komentatzen du:

 

            Arritzen giñan damatxo oiek

            kotxe gabe etortzia,

            gustatzen zaie aundi-mandien

            moda berriak artzia...

 

 

      Ba-dakit emengo denak zertaz ari geran pensatzen: alegia, gaurko neskaen modagatik, zer esango zuan gure Xenpelar moralistak? Segura aski, ermitako atetik gaurko neskak, miriñake ta beste trabarik gabe, errez pasatuko lirakela noski.

      Jauregi apaizak dionez Xenpelar ez zan makala etxeetako trapu zikiñak eguzkitan jartzeko. Mutil zarraren bizitza, Andre gaxuen penak eta beste batzuen artean Andre txarren bentajak, ejenplua bezela, bereizi dugu zenbait bertso politak entzuteko:

      (Magnetofonean entzuten dira iru bertso.)

      Humorea ez ezik, fantasia ere bazuan. Juxto ta Lonjinosen izenak gaur arte iraun dute, ez bertsolari bikañak ziralako, baizik eta itz-neurtuetan ari ahal izateko disparate utsak botatzen zituelako. Eta ez dezagun ahaztu disparaba ta fantasia iengusu propioak dirala.

      Aietako batek, Juxtok, eta Xenpelarrek Lezon izandako elkar leiaketan, lenengoak buru-lan aundirik ez zuan egin bear jendeari par egin arazteko. Xenpelarrek, ordea, bere ahal osoaz lan egin bear zuan, arrazoibidetik aldegiteko, ta aldrebeskeri risibleak asmatzeko. Fantasiarako zuan doaiari esker, bete ahal izan zuan eginbear zail ura.

      Xenpelar bere garaiaren abotsa da. Bertsolari bat bere garaiaren abots eta testigu ez bada, bertso­lari osoa ez da, nere uste apalez. Iparragirre benetako bertsolaria ez dela entzun det eta esan didate maiz, inprobisadoria ez zalako. Ala ere, bere erriaren samiñ, neke ta naiak beste iñork baiño argiago ta ozenago esan zuan. Bertsoak egiten ez zen bertsolaria, poeta baizik, ots, bertsoak preparatzen zituen olerkari bat. Bañan bizi-jokaeran, erriaren aurrean, bertsolari jator bat bezela portatu zan.

      Bilintxek ordea, Indalezio Bizkarrondo Bilintxek, ba zuan bertsoak bat-batean asmatzeko doaia, naiz berezko olerkaria izan. Bañan bertsolari-gogoa ez zuan. Erriarenak baiño naiago zuan arek bere barrungo kezkak jaulkitzea.

      Iparragirre ta Bilintxen ondoan jarrita, gure Xen­pelar, bertsolari oso-osoa ageri zaigu, alde guzietatik.

      Bearrezko degu emen Xenpelarrek Iparragirrekin izandako elkar ikusi ta eztabaida aipatzea. Elkarrekin ibiltzea eskeiñi omen zion bein Iparragirrek, bera soñua jotzen eta bestea bertsoak asmatzen.

      Xenpelarrek ezetz erantzun.

      Iparragirre, ibilkari, abenturazale orietako euskalduna zan, gure itxasaldeko gizonen antzo. Xenpelarrek, berriz, baserritar izakera zuan, etxeari, erriari, lurrari itxatxita zegona. Bere sagardotegiko lagun eta billerak, bere zeregin eta eguneroko oiturak utzi bear, arlote zakar arekin erriz-erri, diru-eske, ibiltzeko? Bai zera! Urretxoar arloteak, orduan, ezetzko erantzunagatik minduta, bere doñu berrieri itzak jartzeko kapaz ez zela bota zion Xenpelarri.

      Erronka bezela, Iparragirreren beraren doñu berezi batekin erantzun zion errenteriarrak:

 

            Atoz gure kalera

            baserritar legera

            musika oiek utzita...

 

      Bañan guk, ogeigarren mendeko euskaldunok, ar dezagun Iparragirreren irudimenezko kitarra, ta Xenpelarri barkamena eskatuz, goazen entzutera bertso illezkor aiek.

      (Magnetofon).

      Ederrak, bai, bañan bai tamalgarria benetan Xenpelarren ezetzko erantzun ura. Biak elkartuta, Iparragirre ta Xenpelar, Euskalerriko folklorea aberatsagoa izango litzake orain.

      Gertaera ontan Xenpelarren arrotasuna (arrokeria ez esateko) nabari dago. Bertsolarigintza errespetoko ofiziyoa da beretzat.

 

            Ni enazu ibiltzen —dio

            kantuz dirua biltzen

            komediante moduan.

 

      Relijioso sutsu ta pakezale porrokatua zela esan degu len. Eta politika soroan, Xenpelarren ideak nolakoak ziran? Eun urte igaro arren, oraindik zailla degu, iñor minberatu gabe, ortaz lasai itzegitea. Gai irristakorra da, labainkorra.

      Joaquin Irizar arkitecto jaunaren liburutegian, Xenpelar il zen urteko amasei bertsoko papera billatu zuan don Antonio Zavalak. Milla zortzireun ta irurogei ta emeretzign. urtekoa da beraz. Bertsoak iru burutapen dituzte: fueroak, pakea ta jesuita ta apaizen auziak. Denbora artan, izan ere, Gobiernoak jesuitak erbestera biali zituen. Apaizen aldetik, gobiernoak nai zuen, alegia, apaizak beren lanak debalde egitea. Entzun ditzagun bi bertso:

 

            Debaldekua dela

            aur bataiatzia,

            gañera, iltzen dana

            enterratutzia,

            ezpazaie tokatzen

            jornalik artzia,

            alferrik da orduan

            estudiatutzia.

 

            Barbero, mediku ta

            letraduai galde

            ia ote dabiltzan

            jornalikan gabe,

            lanian trabajatzen

            gorputza debalde,

            iñor ezta alferrik

            enpeñatu zale.

 

      Arrigarria da auzi batzuek noiztandik datozten ikustea. Ain zuzen, klero-jornalaren problema au bizirik, azalean degu egunotan. Eta baleike gaurko kristau asko Xenpelarrekin ados ez izatea. Fuerosengatik auxe dio:

 

            Araba ta Bizkaiak

            legezko indarrak,

            Gipuzkoan ez gaude

            laguntzalle txarrak,

            ona iru probintzi

            kantabriatarrak,

            sostenitu ditzagun

            lengo fuero zarrak.

 

            Liberalak diote

            egoteko umill,

            lengo lege zarrikan

            eztutela nai ill,

            gu tontuak bagiña

            oiek beti abill,

            oraindik asuntua

            fandanguan dabill.

 

      Liberalen kontrakoa zala agerian dago. Jautarkolen liburuan beste bertso agergarri au irakur diteke:

 

            Orain ikusten dira

            zenbait tuno bakar

            kalietañ ijuka

            «Viva la libertá!»

            Neonek galdetu det:

            Gauz onek zer dakar?

            Gezurra esan didate

            amabitik amar.

 

      Denbora artan, Euskalerrian amabitik... amar, karlistak ziran, ots, liberalen aurkakoak. Kalietan Viva la libertá ijuka zebiltzan tuno aiek, nortzuk ote zitezkean, liberalak ez ezik?

      Madriden liberalak agintzen zuten. Erregiña Isabel bigarrena erbestera bidalita, tronoan Serrano Generala eserita zegoan, Regente bezela. Bañan egiazko errege bat bear zan. Kezka au Xenpelarrek azaltzen du:

 

            Kortian jarri bedi

            gizon bat umilla,

            berari entregatu

            ezpata ta silla...

 

      Ze Printzipea zuen Xenpelarrek buruan au esan zunean? Amadeo de Saboya, italiar gixajo ura? Ez dirudi. Ezta bere izena aditu ere agian. Carlos de Borbon, ots, Carlos Maria Isidro (Carlos Bosgarrena) lenen Pretendiente izan zanaren illobatxoa, gero Carlos Zaspigarrena deitu ziotena? Baleike au izatea. Seguru aski, Xenpelar karlista zen, bere orduko errikide geienak bezala. Ez, baña, ondo ikusi dugunez, beste gerra baten zai zeuden aietako bat. Xenpelarrek, Iparragirrek bezela, politikaren aurrean Erria jarri zuen. Aien nai nagusia Erriarentzako pake ta zoriona zan, dudarik gabe. Orregatik beste bertsoan auxe irakurtzen degu:

 

            Orra nik klaro esan

            nere ditamena:

            umiltzia nai nuke

            gaizki dabillena;

            gerrak askorentzat du

            ondorian pena;

            pakian konponizia

            litzake onena.

 

      Oraindik Xenpelarren nortasunaren arpegi ta fazeta bat ikutu gabe degu. Aren poesitasuna. Poeta al zan Xenpelar? Dakigunez, bertsolari askori, etorrera erreza izan arren, eta ofizioa ondo jakin arren, goi aldetiko poesi atsa falta zaie. Egiazko poetak —auxe da lana— gutxi dira.

      Xenpelarren bertsoak ondo aztertuta, bere itzekin esango dizuet:

 

            Orra nik klaro esan

            nere ditamena...

 

      Aren bertso batzuek gizatasun eta ausartasuna darizkiote. Besteak fede sakona, ta kementasun eta arrokeria. Besteak fantasia, ta geienak humorea. Xenpelarrengan ezin ditezke arkitu lizunkeri, gordinkeri ta sabelkeria. Moralista baitzen, eta moral irakaslea. Baita filosofo xamarra ere.

      Bañan bere doai aundiena, nere ustez, esateko zuan zeatztasun, laburtasun eta zorrotztasunean dago. Pintore batek bezela, ta batzuetan grabadore batek bezin xuxen eta zeatz, zekiena ta ikusten zuena kontatzen digu. Ortan datza, ain zuzen —eta danentzako zuen grazi berezian ere— aren olerti kutsua, aren poesitasuna. Egiazko poeta baitzan. (Azkenean aitortzen dut.)

      Pasayako errian zezen bat, jenioz bizia, ñola portatu zan aditzera ematen digu zenbait bertso goxoetan. «Kantatutzera noa —dio— bixtan ikusia». Orixe da Xenpelar! Pintore realista bat, pintzelada gutxi bañan zabal eta prezisuekin, bixtan zuena, orduko

      ambiente ta giroa gure begien aurrean jartzen dizkiguna.

      (Entzun ditzagun musikakin Santio-egun artan ospatutako zezen pestaren goraberak).

      Eun urte igaro dirala-ta, Xenpelar gero ta aundiagoa agertzen ari zaigu. Orren eun urteko muga ospatzeko festak ikusita, lagun batek auxe galdetzen zion bere buruari: Zer ari da gertatzen geren artean bertsolari ezjakin ta umil bat orrela goraltzeko? Erantzuna ez da zailla: Xenpelar, bertsolari ta poeta izanez gañera, errimaitalea zan. Eta orain ordaintzen ari zaio. Bere sorterrian kale edo plazatxo bati Xenpelar izena jarri diote. Ain zuzen, Fueroen Plazan ondokoari.

      Itxuraz eta izatez apurtzen ari zaigun lurralde maite onek gorde dezala, beintzat, Lehenaren oroia!

      Gañera, galdera au egin dezake: ezer ezatik salbatzen ari geran arripitxi abek, ez al ditezke izan Etorkizun argitsu baten oiñarriak? Nork daki!

 

1969-70

 

Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970