|
Ibar ixillean
IRUNDIK JOAN ETA IRUNERA ETORRI
Parisen egonaldi motxa egin ondoren Bruxel aldera joan giñan ango Exposizioa ikusteko. Maiatza lehena zan exposizioko esian lenbiziko aldiz sartu giñanean. Suerte txarra! 700.000 lagun sartu ziran egun artan. Bai, ez da gezur; periodikoak ala ezan zuten urrengo egunean. Noski, maiatzako lehen egunean, Bruxel kaleetatik desfilatzeko, Belgicako bazter guzitik etorria zan jendetza ura, eta desfile ordu arte, nora joan? Denak Exposiziora. Txingurritegi artan ibiltzea oso zailla izan genuen; pabelloiak bete-beteak ziran, eta restoranak ez da esan bearrik. Illerak baziran pabelloi batzuetan eta restoran guzietan sartzeko. Azkenean, Argentinako restoranean lekua billatu ahal izan genuen. Aragi puxka izugarri aundia eman ziguten (eskualdun baten txapela bezain zabala), baita gure poltsa galanki arindu ere. Eta bazkalondoan, beroagatik eta ainbeste iblitzeagatik lertu egiñik, alde egin genuen Exposiziotik. Arratsaldean desfilea ikusi genuen. Bañan ez osoa, lautatik zortziak arte iraun baizuen. Lenbizikan motoristak igaro ziran, gero agure pensiondunak, oso apaiñak eta lasai eserita autobus ederretan, gero desfileko burua, Belgicako ministro lendakariakin eta guzi, eta atzetik Belgicako erri eta uri guzietako alderdiren adarrak. Hungriako representazio bat ere igaro zan. Lau ordu iraun omen zuen desfileak. Beste bi egun geio izan genituen Exposizioa ikusteko. Laburki kondatuko dizut gure iritzea. Rusiako pabellonara joateko irrikitan giñan-eta, ara lenbizikan. Bronzezko eskultura aundiak sarreran; Leninena, batez ere, oso aundia da. Sputnik antzeko tramunkulua ikusteko naiko lan, ainbeste jendeakin inguruan. Pabelloi osoa ez genuen ikusi, bañan pintura erakusketan kuadro bat ikusi gabe ez nuen utzi. Ematen du pinturan atzeratu xamarrak dabiltzala, Moreno Carbonero garaian edo... Neretzat ederrena Frantziako pabelloia. Kanpotik ikusita oso eder ematen du bere arkitektura ausart eta liraiñak. Eta barrenean danaz, zer esan? Aurre-aurrean dagon erri baten agiria dala. Ango liburuak! Munduan ederrenak. Iñglaterrako eta Checoeslovaquiakoa ere oso ederki daude. Ipar Amerikakoa ariña, alaia, umoreduna. Vaticanoko etxea oso eder eta ausarta. Kapilla dekorazioak, arrunt modernak. Ongi dago, pentsatu nuen, bañan... zergatik galerazi zituzten, ba, Lara eta Oteizaren Arantzazurakoak? Españiko etxea ere ikustera joan giñan. Ladrillezko etxe polit bat da, apata baña ongi antolatua. Sarreran neska-mutil txarro batzuek. Barrenean bar bat eta zerbitzariak. Gañerontzekoa, utsa. «Ederki ziok!» esanaz, alde egin genuen andik. Orain jakin dugunez betetzen ari dira, poliki-poliki, etxe ura. Bada ordua, gizonak! Gauza ikusgarri asko bada Exposizioan, bañan ura dena ondo astertzeko denbora luzea bear da, eta guk iru egun bakarrik egin genituen Bruxelen. Alemaniako Düsseldorfera joan giñan gero, an baidute egiten, lau urtez bein, guretzat garrantzi aundiko Grafikako Feria. Erromantiko kutsua duen uri aundia duzu Düsseldorf. Rhin ibaia erditik dijoakio zabal, ugaritsu, ederra. Nazio aunitzeko barkuak dabiltza Rhin ibaian, industriazko uri batetik besterat meak eta beste zamak karriatzen; turistentzako barku apaiñak ere badira. «Alemaniako Paris txiki» deitzen diote Düsseldorferi, bere emakume eder eta dotore, bere denda aberats eta uriaren giro eleganteagatik. Baita ere pintura merkatu sonatua dalako. Alemanak, Düsseldorftarrak beintzat, oso alai eta ajolakabez bizi dira. Gaueko juergazaleak dituzu. Orrek ez du esan nai langilleak ez diranik, ez, oso langille baidira, iñor baño langilleagoak agian, bañan badirudi lanean irabazten duten guzia, alaiki erretzen dutela. Donostiko leku zarrean tabernak bezela, an kabaretak eta garagardotegiak (zerbezeriak). Bat bestearen segidan. Gau batean, uri erditik pasiatzen ari giñala, taldetxo bat ondoratu zitzaigun, eta ille zuriko gizon me batek galdetu zigun, erderaz: «Ez al nazute ezagutzen? Ni naiz El chato, gaztetan zuen etxean aprendiza izana». Ongi ezagutu genuen, baita besarkatu ere. Orain Venezuelan bizi da, aberastuta, lantegi baten jabe. Presentatu zigun bere sozioa, Astigarragako gizon sendo bat, jaioterritik kanpo ogei ta bi urtean egon arren, euskel azentoa joan ez zaiona. Ba zan aien tartean Venezuelan aberastutako katalan bat ere, umore onekoa. Talde ura Europatik zear zebillen, Düsseldorfetik Sueziara joateko asmoakin, Munduko Futbol Txapelketa ikustera. Venezuelako taldea Grafikako Ferian arkitu genuen berriz beste batean. Stand baten barra joan giñan denok, kopatxo bat artzera. Ango neskamea interprete ere ba-zan. Katalanak ea zenbat izkuntz zekien galdetu zion, eta gero: —Katalanez ba al dakizu? —Ez. —Eta euskeraz? —Ere ez. —Ba, lenbailen ikasi bear dituzu bi oriek. Geroan inportanzi aundiko izkuntzak izango dira-ta... Neskatxa pentsakor gelditu zan, broma konprenitu gabe. Beste egunean, Ferian bertan, bilbotar gazte alai eta atsegin batzuek ezagutu genituen. Euskeraz pixkat zekien aietako batek gertaera au kontatu zigun: Bilbotarrak galduak zebiltzan Düsseldorfen, eta guardia batenganatu ziran, uriaren erdira nondik joan bear zuten galdetzeko. Itz egin zioten frantzesez, inglesez eta beste izkuntzetan, baña guardiak ez zien konprenitzen. Azkenean bilbotar euskaldunak, aserre, euskeraz galdegin zion, eta... arrigarria dana, guardiak euskeraz erantzun. Galdetu zioten gero ea nola zekien euskeraz, bañan ortaz guardiak ez zun ezer esan nai. Gertaera au egizkoa danentz ez dakit nik, bañan entzun nuenean gogora etorri zitzaidan Venezuelako katalan aren profezia... txantxetan esandako profezia. Igandeko meza ibai ondoko eliza zar batean entzun genuen. Dorre gotikoa duen eliza ura Düsseldorf-estanpa zarretan azaltzen da. Azken gerratean, uriak jaso zituen bonbardeo ikaragarrietan, dorrea zutik gelditu zan txiripaz, eta an dago oraindik Rhin ondoan, lengo uri zarraren aztarna bakana. Mezaren erdian apaiza itzuli zan kristauenganuntz sermoia egiteko. Lenen illerako aulkietan eserita ziran aurreri itz egiten zien bereziki apaizak, eta, aurrak erantzuten zioten. Ez dakit zertaz mintzatzen ziran, bañan apaizaren taktika ura gustatu zitzaigun. Tamalez sermoiaren aria kanpoko iskanbilla izugarri batek autsi zuen. Martxa militarrak jotzen ari ziran, tenploko atadi ondo-ondoan. Bonbo danbadak kañoi otsak ziruditen. Elizako aurrak, urdurituta, alperrik entzuten zituzten apaizaren itzak, aientzat sermoiak galdu baizuen interes guzia. Gero kalean jakin genuen zein ziran musikalariak. Urtean bein eiztariko, basozaingo eta beste alako soziedadeak elkartzen omen dira kaleetatik desfilatzeko. Bere uniformez jantziak joaten dira, bularrak kondekorazioaz beteak, Soziedade bakoitzak bere musikako banda darama eta nor-geiagoka dabiltza zarata ateratzen. Goizetik edaten asitako garagardoaz eta musika ernegarriaz arro-arro desfilatzen dira. Alemanak basoari dioten maitasunaz, eta basoak nola zaintzen ditutenaz, eta alemanen beste doai eta birtuteaz itz egingo nuke pozik, bañan lantxo au geiegi ez luzatzeko bukatzera noa. Alemaniatik Suizara jetxi giñan, eta andik, Frantziatik zear, etxera.
El Bidasoa, 1958
Ibar ixillean |