|
Ibar ixillean
ITZ-AURRE
Anthon Valverde —ezizenez Ayalde— izen eredu bat da gure artean. Izen eredu edo-ta eredu izen. Guztiontzako entzungarri dan izena. Euskera, berri-berritik ikasi, eta gaur apainki idaztera ere iritxi dan euskaldun berri degu Ayalde. Askok dakigu nola izan diran, Anthon Valverderen lenengo bide-urratze ta urratsak gai ontan. Donosti Zaarreko ikastola ixil batean —Ikastola Eredu, bera ere— ixil-ixillik ikasten ziarduanean izan nuan nik Valverderen lenengo aditzea ta ezaguera. Ixil-ixillik, egunik uts egin gabe, txintxo-txintxo, barru-pentsakor, Ikastolara joaten zanean. Orduan ezagutu nuan. Buru-belarri, zoratuaren gisa, euskal aditza barru-barrutik aztertzen ziarduan egun aietan. Pentsatzen det, pentsatu, nolako pozez joango zan orduan Ikastolatik etxera, gabero, amar-amarterdi inguruan —beste asko Barretik bezela, bera Ikastolatik— bere emazteari, eskolau txikiak amari bezela, bere eguneko poza adieraztera, gero ta aurreragoko ikasketak biotzean sortzen zioten poz barrukoia, bere emazte euskaldun jatorraren biotzean ixurtzera. Emaztea izan bait du Ayaldek bere bigarren —lenengo?— Irakasle, euskal ikasbidean, euskal katiximan. Lamsfus'tar Maria Dolorex... Nolako oroitzapen goxoz naasiak, iñolaz ere, gure adiskidearentzako, bere euskal ikasketaen oroitzapen etxekoiak! Urteen buruan, gure euskaldun berriak bere euskaltzaletasunaren agergarri, esku-erakutsi eder bi eskeiñi izan dizkigu. Garratza lenengoa; goxoagoa bigarrena. Goxoagoa; bañan ez goxo-gexa, garratz-puntta baizik. Gure Ayalde ez da izan bein ere idazle goxo-gexa oietakoa, paper txuria makinan sartu izan duanean. Ayalderen kupeletegiko ardoa, ez da ardo goxo; ardo zaar garratz baizik. Ayaldek ez du esku pallakatzalle; esku astintzalle baizik, zenbait gauzaetan lozorroan bizi ez gaitezen... Beste gauzatxoa. Askotan guk ezer esatekorik gabe idazten degu. Ayaldek ez. Esatekorik ez duanean, ixillik egongo zaigu. Idazten badu, zerbait esangarri esateko izango da. Euskeraren gaurko egoera ez bada, gure paisajea izango da; paisajea ez bada, artea; artea ez bada, beste zerbait, bañan beti ere «zerbait», eta «zerbait gure». Esatekoari buruz, gaiari buruz, ori. Esateko erari bagagozkio, berriz, zer esan, Ayalderen estiloari buruz? Estilo berria; bañan, ala berean, argia. Berria azalez, estilo laburra, ritmo ondo neurtu batean. Bañan estilo argia benetan. Estilista fiña degu Ayalde. Oyartzuni zor diola, dio berak, izaera ori. «Antze ta Literaturan naizen pittin ñau, Oyartzuneri zor diot». Ezer bada-ta, nik uste, gure paisaje oyartzuarrari, Ayaldek, argitasuna zor dio. Oyartzungo paisajea, bere lerro garbiz da olakoxe argia. Itz-lauzko lanez gañera, liburuak baditu olerki batzuek ere. Xorta polita. Olerki berri. Gai ontan ere egin ditu egilleak bere saioak —bere saiotxoak—. Olerki berri, bai mamiz, bai azalez. Bakoitza bere arian, egoki. Ez diogu esan irakurleari, gure Ayalde, idazlez gaiñera, pintatzalle dala: pintore. Pintore, bai olioz, bai guatxez, bai akuarelaz: akuarela fin, garden, garbi... Akuarela fin, garden, garbi ditu baita bere olerkiak ere. Ez bait da ori meritu txikia olerkari batengan. Emen ematen dizkigun dozenatxoan, aukera egin bear-ta, neretzat nik iru aukeratuko nituzke: «Loreskin-tantak», «Urte berri on!» eta «Hendayako ezkila». Bukatzeko: liburu polit, liburu irakurgarria, Ayalderena, Bein esku artean artu ezkero, eskutik ezin utzi diran aietakoa. Zuk ikus orain, irakurle.
Lekuona'tar Manuel Euskaltzainburuak
Ibar ixillean |