Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

PULTSO ETA BIXTA

 

      Gaur arratsaldean pintatzera joan naiz. Gurdibide estu eta arritsu batetik automobillan sartu naiz astiro-astiro, Souta izeneko (edo Soroeta obe) baserriaren ondoan gelditzeko. Leku goxo eta paketsua!

      Baserriaren itzalean egon naiz luzaro pintatzen. Zaspiak aldera, lana bukatuta, kaballetia plegatu eta dena bildu ondoren, Soutako mutilla datorkit irrifarrez.

      —Horaindik pultso ona dezu, eh? —bota egin dit.

      —Pultso ona Ŧhoraindikŧ? —erantzun diot serio xamar.

      —Alegia, horrelako lanak egiteko pultso ona behar dala uste nuen...

      —Ez, gizona. Beste ofizioetarako nik ez dizut esango pultso ona behar ez danikan, baņan pintatzeko ez degu hain beharrezkoa. Begira, motel: nik pintore zahar bat ezagutu dut, eskuak beti dardaraz zituela, eta halaere pintore oso ona zela. (Ascensio Martiarena nuen gogan hau esatean.)

      —Nik uste nuen pultsoa...

      —Ez. Eta geiago ere esango dizut. Frantziako pintore batek elbarrituta eta erreumaz jota zegoenak, eskuak gogortuak, itxiak zituen, beatzak mugitu eta luzatu eziņik. Ba, artista haundi hari pintzelak eskumuturrean lotzen zizkioten, eta era hortan kuadro ederrak lortzen zituen (Auguste Renoir nuen gogoan).

      —Harritzekoa! Orduan bixta ona behar izango da noski...

      —Bixta ona izatea ez da gauza txarra. Baņan egitaz diozut, bixta ere ez da gauza inportantiena pintura lanetan. Beste pintore zahar bat ere ezagutu dut okerra zala, eta zoritxarrez, ikusten zuen begi bakar hura oso aula zuela. Hala ere pintore ona eta trebea zan. (Ricardo Barojataz ari nintzan.)

      —Ez pultso ta ez bixta. Zer behar du, ba, pintore batek ondo pintatzeko?

      —Burua, burua... —erantzuten diot baserritar gazteari, nere kaxkoa poliki jotzen.

      Mutillak ez dit ondo konprenditu. Ixillik gelditu da. Eta nik segitzen dut:

      —Baņan burua baiņo lehen, beste gauza inportanteagoa behar du pintoreak. Ba ahal dakizu zer? Bihotza.

      —Ah, bai —dio mutillak alaiki eta pixu haundi batez arinduta bezela—. Bihotza, jakiņa!, osasuna, indarra...

      —Ez, indarra ez. Bihotza, sendimendua. Bertsolariak bezela. Esan, bertsoak botatzeko, zer dute bertsolariak beharrezkoena, burua ala sendimendua? Beraz horien antzera, artistak ere lenen bihotza behar dute, gero burua, eta gero nai dezuna.

      Mutil gizajoa, hain gaztea izaki, hain inoxentea, txundituta gelditzen da, nere esan nahasiak entzunda. Laņopean galdutako usoa dirudi. Berarentzat, burua burua izango da beti. Eta bihotza, bihotza. Iņork ez dio burutikan kenduko pultso ona eta bixta zorrotza dirala gauza beharrezkoenak ondo pintatzeko.

      Baņan baleike gaur gauean mutilla, loak menderatu arte, arratsaldean neri entzundako hitz arro eta nabarrak ausnartzen egotea.

 

Zeruko Argia, 1967

 

 

Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970