Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

LARRAUNEN HUIZIN

 

 

      Tolosatik Iruñarako bidean, Azpiroz portua igarota, beste bide estuagoa artu bear da Leiza eta beste zenbait erri jator billatzeko. Bidetxo ortatik arkitzen dan lenbiziko erria Huizi da.

      Errira sartu baiño len, begi aurrean nuen ikuspena ondo ikusteko, bide ertzean gelditu nintzen. Orixek bere poeman dion bezela, Huizik «eper kabia iduri». Bidetik artalde bat, ardi guziak zintzarria lepoan, guganaruntz zetorren. Bixta polita hura! Zerua urdin, etxadia zuri, dena eguzkipean dir-dir. Agerpen xamur eta ikusgarria, benetan.

      Elizondoko plazan zenbait mutil pilotaz jostatzen ari ziran, pareta bakarreko frontoian. Bertako belardian agure bat aurzai ikusi nuen. Agure ari asi nintzaion galdezka.

      —Jauna, Nikolas Ormaetxea ezagutu al zenun?

      —Bai, ongi ezagutu ere. Or bean ageri dan lenbiziko etxe aundi ortan bizi zen Nikolas.

      Agure eta biok Orixen biziaz aritu giñan: Orexan jaio zala, aurraldi batean bere amak iru aur eman zituela, bi eme lenen eta Nikolas irugarren, eta nola...

 

            ama gaixoak

            aurraldi batez

            titi baiño aur geiago...

 

      Nikolas azitzeko Huizira ekarri zutela.

      —Bai, or bean bizi zen, Errekalde etxean.

      Gero, Euskaldunak olerkiaz itz egin nion, baiña ortaz agureak ez zekien ezer, ez eta inporta ere. Baiña nik poemaren zeatzak aztertu nairik...

      —Erriko pestak Samigeletan, ez al da?

      —Bai, Samigeletan. Emen, zelai ontan, pesta guziak egiten dira, dantzak, aizkolariak... dena.

      —Zubietako Pontxo txistularia nondik etortzen zen?

      Izen au entzunda agureari begiak pixkortu.

      —Zubietako Pontxo! Urte oro Samigeletik mendiz mendi etortzen zen. Zubieta mendi oien atzean dago. Alde ortatik jeisten zen txistua jotzen. Erriko aur guziak, ze poza, ze algarak!

      Agureak txistulari basati aren urteroko etorbidea erakusten dit. Gogora datozkit «Pestaburu» bertsoak:

 

            Danbolin soinua da Amazkaren bera

            —Zubietako Pontxo urteroz errira—

            kabia aizatzen diten txorien antzera

            etxe baña garbituz aurrak atarira.

 

      Ontan eta olakoetan ari giñala, agureak nigandik alde egin bear izan zuen, begipean zuen aurtxoa eskapo egin baizitzaion. Orduan ni Errekalde etxea bertatik ikustera joan nintzen. Etxeto izugarri aundia degu Errekalde, bi bizitzakoa orain. Alde batean larraina du, eta andik mandiora sartzen da arrizko zubi batetik. (Emen azalduko dan nere zirriborroan ikus diteke zubitxoa). Pareta batean labratua dago: «Ave Maria Purisima. Me fecit, 1841». Etxe barrendikan soiñu marranta entzun nuen, agian irrati zar baten soiñua.

      Erriko plazan berriz, euskeraren osasunaz kexkatu nintzen pixkat. Auxe baita edozein euskeltzale zintzoaren betebearra. Nola dago euskera Huizin? Itz gutxitan esango dizuet. Zar eta gazteak, euskaldunak. Aurrak, ordea, ez. Aur guziak erderaz. Errekalde aldera zijoan neskatil bati euskeraz galdera bat egin nion. Ulertu zidan baiña erantzuna erderaz. Beste gauza bat. Pilotalekuan euskeraz ari ziran mutil batzueri, elizatik ateratako apaiz gazte batek erderaz itz egin zien. Badakit garrantzi aundirik ez duela, bañan neri susmo txarra eman zidan. Eta onekin bukatzen dut nere erreportaje trakets au.

 

Zeruko Argia, 1965

 

Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970