Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

IZUGARRI BATEN JARDUNA

 

      Ni naiz onbretxaparo, txoriak uxatzeko mozorro bat. Ezurrak zurezkoak ditut, ez ezurrezkoak. Aragi bearrean, lasto. Nere jantziak... ai, nere jantziak! Etxeko zarpa guziak gaixo onentzat.

      Igandetan, etxeko alaba apain-apain jantzita kalera dijoala, bekaitzez betea nauzute. Pozik aterako nintzaioke bidera, eta bere soñeko polita, brau! kenduko nioke, «Au neretzat, arrayo» esanaz. Bañan ezin, ezin, onbretxaparo, txoriak aizatzeko mozorro bat, besterik enaizelako...

      Astegunetan etxekoak soro-lanetan oi dabiltza nere ondoan. Aien soñeko zarrak ikusteak amorrazten nau. Adabakiz betetako eta pixa ta gorotzaz zikindutako nagusiaren galtzak, laister neretzat noski. Ezkontza denborako amonaren gona, koipe ta aurren kaka dariola, laister neretzat. Neretzat zatar zikin guziak! Esango nieke: «Arren, etxekoak, zaldunjantzi garbi eta apaiña nai nuke urtean bein geiago ez badare, erriko pestetan edo, nagusiaren egunean edo...». Au eskatuko nieke, bai, bañan ezin, ezin, onbretxaparo naizelako.

      Nik beste izenak ere ba ditut: kuzu, txorimalo, izugarri, «espantapajaros» (au kaletarrek diote) eta ola. Lurralde ontan, nere zarpak gizonezkoak badira, «onbre-txaparo» deitzen didate, eta emakumezkoak badira, berriz, «andretxaparo».

      Txori-uxatzalle ni, omen. Auxe da lana. Lagun bakarrak ditudan txoriak nik izutu bear... Azia eta landare aleak jaten ditutela txoriek, eta neri zer? Jan dezatela nai duten guzia, gosez baldin badira.

      Lenengo egunetan txoriak beldur oi dira nire itzalaz, bañan ni presuna ez naizela konturatzean lagunik ausartena bialtzen didate probalari. Saltoka datorkit ondora, eta mokoakin ale bat arturik, irentsi baño len, begira gelditzen zait, nere asmoak igertzeko. Nik biotz-biotzetikan esango nioke: «Jan zak, mutil, jan lasai, eta datozela lagunak, danentzat badek eta...». Bañan ezin, ezin, maite oriek uxatzeko, ain zuzen, mozorroa naizelako.

      Udaberri batean paeta-txoriek kabia egin zuten nigan. Ura izan det nere bizialdi pozgarriena. Paetatxoriak egunez zelaiz zelai zebiltzan lapurretan, eta illunabarrean nigana zetozen lo egitera. Aien jardun eta berriketak alaitzen ninduten; gabak ain luze eta tristeak ezitzazkidan iruditzen laguntasun arekin. Umeak sortu ziralarik, nire barrungo beroa —lasto tartean zuurki gordetako bero eskaxa— prestatzen nuen, txoritxoak bizkortzeko.

      Etxekoek kabia ikusirikan «Jesus, Maria ta Jose, ikustekoa ta ez siñistekoa» esan zuten. Egun auetan inguruko jendea, kaletarrak eta guzi, kabia ikustera etorri zan. Eta denak parrez joan. Bañan etxekoek, gaizto oriek, kabia eta nire erraietako umeak kendu zizkidaten.

      Ni enaiz oso zarra, baña ondatu xamarra nago. Neguan ganbaran uzten naute, ezur utsik, xaguak lagun. Udaberrian garia edo artoa ereinda bereala, onera ekartzen naute, eta emen utzi, gan ta egun, lurrean tente, besoak zabal, euri, kaskabar otz eta beroak jasotzen. Ezurrak usteltzen asiak ditut, eta orrek bukaeraren asiera dela esan nai du. Negu batean, ganbarara bearrean, surtara.

      Gutxi dakit, baña zerbait ikusi det soro ontatik, eta ikusi duana, ikasia ez izanda ere, ezta guztiz motela.

      Nik badakit mundu zabalean ni bezelako izugarri asko dela.

      Eta ni ez bezelakoak ere bai. Badirala mugitzen eta ibiltzen diranak, eta jantzi apaiñak dituztenak. Olako izugarriek, txoriak bearrean, lagunak uxatzen dituzte, azia eta aleak berentzat bakarrik daitezen.

      Asko ikusia naiz, bai, soro ontatik. Itzegingo banuke... kontatuko banizueke... Bañan ezin, ezin, onbretxaparo, txoriak aizatzeko zomorro bat, besterik ez naizelako...

 

Egan, 1958

 

Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970