|
Ibar ixillean
OTEITZA
Gure gerlaren aurretik ezagutu nuen artista hau, Jorge Oteitza Enbil, Orioko semea. Donostian bi urtetik bein Certamen de Artistas Noveles deitutako arte txapelketa bat ospatzen zan, gipuzkoar artista gazteentzat. Urte batean Oteitzak txapelketa hartara eskultur-lan bat bidali zuan, Adan y Eva izendatua. Bi tximinoen buruak besterik ez ziran Adan eta Eba haiek. Eskulturaren be-aldeko zulo edo leiotxo batean, paperan idatzitako matematika formula bat zan, gizona tximinotik datorrela adierazi nahiean. Papera irakurtzen zuten ikusleak par-algara egiten zuten, bañan eskultur-lan hura oso ederki egiña zegola iruditu zitzaidan neri. (Denbora hartan ni mukizu bat nintzan, artezaletzen asia). Matxinada baiño lentxeago Oteitzak eta lagunak (Balenziaga, Lekuona...) Ameriketara jo zuten. Han egindako lan eta saioak, hango ibillaldiak, estado batetik bestera, hemen kontatzea luzeegia izango litzake. Oteitzak Ameriketan bere arte ta langintza osotu zituela degu jakiñgarriena; baita bere berba ta idaztien bidez, hango artistak sutu, mugitu ta urduritu zituela ere. 1949 gn. urtean hemen degu berriz Oriotarra. Lenbizi Madriden bizi zan, gero Irunen. Irungo Frantzirako Abenidan berak eta Basterretxea pintoreak etxe bat ereikitzen dute bi familientzat, eta han bertan bakoitzaren lantegia jarri. Garrantzidun sari batzuek irabazi zituan, etorri ta bereala. Garai hartan gure eskultoreak hutsaren kezka dauka. Erabiltzen dituan materialak (zura, harria, burnia) hutsari itxura emateko dira. Beste eraz esanda: materialak utzitako kanpoko edo barrengo hutsuneak dira Oteitzarentzat eskulturaren muiña. El Bidasoa astekarian «Utsa» izeneko olerki batean hauxe nion:
Munduz-mundu ibilli ondoren aingura bota duk azkenik emen... ... Or labratzen duk aidea, Utsari itxura emanez arri eta burni tartean...
Arantzazu eliza berrirako konkursoak 1950gn. urtean sortu ziran. Eskulturarena Oteitzak irabazi. Lanean jarri zan gogotsu ta asmo onenaz, bañan agintze gogor batek hango eskultur eta pintura lanak debekatu zituan. Orduarte egindako iru edo lau harrizko apostoluak lurrean etzanda gelditu ziran zenbait urtetan, bide-bazterrean. Bruxel Exposizioan Vaticanoak bere pabelloian Arte berrizalea erakusten zuan bitarte, Arantzazuko lan berrizalea galerazia zegon. Protesta bezela Androcanto y sigo poema idatzi zuan Oteitzak. Gero Sao Paulo Bienaleko Lenen Saria irabazten du. Oteitzaren izena lenengo mailletara igotzen da. Bañan bere kemena ez zan lehengokoa. Arantzazu istilluetaz edo —ezin sendatutako zauria ba zuan— aspertu eta naskatua zegon. Gañera hutsaren atzetik hainbeste ibilli ta horra azkenik hutsa bihurtu dena. Oteitzaren gogoa ez da sinplea, ez da, benetan, elementala. Bere barruan gertatzen dana ez da errez somatzen. Zergatik horrela utzi bere lanak, izen aundia lortu ondoren? Zergatik zinema egiten eta liburuak idazten asi, eskultura zearo utzirik? Hauxe da orduan berak ziona: eskultura beste eraz ere egiten da. Idaztea ere eskultura egitea da. Quosque tandem...? liburua argitaltzen du. Bonba bat, gaztediarentzat batez ere. Liburu hori irakurri ez, irentsi egin dute gazteak. Quosque tandem...?-ek polemika azia dauka. Neronek ere len aipatutako olerkitxoan Oteitza zirikatu nuen pixka bat, liburuaren teoria nagusiagatik:
Ez cromlech ez dolmenetan ez arri koxkor zarretan...
nion, euskeraren landara erakartzeko asmoakin. Bañan Oteitza ez da erakartzen, berak bereganatzen ditu besteak. Urteak joan, urteak etorri, Arantzazuko bidea artzen du berriro. Eliza agintariak besteak dira; giroa ere aldatu egin da. Trabarik gabe gure artistak apostolu berriak sortzen ditu Debako harriatik. Amalabak bere tokian daude betiko. «Ama eta semea» taldea ere goiko lekuan dago. Lan ederra. Gaitza ere bai. Hauxe izan da, neretzat, Oteitzak bere buruakin izandako borroka gogorrena. Eta bere nahimenak irabazitako garaipen aundiena. Arantzazuko egonaldi hontan Jorgek gizarteari dion itzala nabarian jarri du. Bixitatzen zioten guzieri bere lanak erakusten zizkien gogo onenaz, eta gañera, nahi zuenari eskultur-ofizioa erakusten zion. Idazle, bertsolari, txirrindulari, boxeadore, estudianteak... nahi izan duten guziak han ikasi dituzte eskulturaren lenen asteak. Oteitza, trebe ta ofizioa ondo dakiena ez ezik, benetako artista ere bada. Bere lan guzieri grazia ta zera bereizi hori ematen dizkie. Artearen aurrea, vanguardia non dagoen zai izan da beti. Euskalherriaren maitale sutsua izanik, bere Herria altxa nahi du Artearen bidez. Bere aspaldiko asmakizun baten merioz, ots, Universidad de investigaciones esteticas (edo antzekoa), deitzen dion Ikastola nagusi horren merioz, artista gazteak sortu, gidatu eta aurre-aurrean jarri nahi lituke. Ametsa? Bai, amets hutsa denbora luzerako. Horrelako aziak ez bait dira nolanahi itxatxitzen gure lur zakar hontan. Jorge Oteitza gizon me ta txiki xamarra da. Izatez eta jenioz bizia. Atsegiña batzuetan, gehienetan, bañan aserratzen danean, beldurgarria. Fantasiaz eta poesiaz, aberatsa. Bere emazte Ixiar, bihotz oneko emakume azkar eta zentzudun horrengan dauzka Oteitzak laguntza eta babes seguruenak.
1970
Ibar ixillean |