|
Ibar ixillean
ARRATS GORRI
Zerk goibeltzen zaitu, maitea arratsero aizea ta txoriak atertuz gero? Lizardi. «Arrats gorri»
Xaguzar baserriko morroia nauzute. Belarra ebakia det ta etxeratu bear; ganadua zai dago-ta... Egualdi zakarra gaur, egoaize gaiztoa. Zeruko odei gorri oriek... Ez dakit ongi zergatik, baña, olako arratsetan, gerraren lenengo egunak burura etortzen zaizkit beti. Lenengo egun aiek... bai, orain laister emeretzi urte. Mutil koskorra ni denbora artan; emen bertan dagon auzo batean, karreteran ondoan, bizi giñan. Pamili ederra gurea: aitona, gurasoak, ta lau anai-arreba. Udarako illunabar batean, kamioi bat gelditu zan gure etxe aurrean. Kamioi gañean milizianoak, gizon ta emakumeak, denak buzo urdiñez jantziak, pusilak ta eskopetak bizkarrean; pistolak gerrian. Jetxi ta etxean sartu ziran jan ta edatera. Gure aitak ezetz, taberna ez zala gure etxea. Besteak baietz, gerra denboran geundela ta... ez apuratzeko... Frente Popularek egindako bale-ekin ordainduko zigutela guzia. Zer egin, ba? Mai luze bat antolatu genun sukaldean. Gose aundiakin, arrautz prejituak, urdai azpikoa, ardoa ta sagardoa irentsi zituzten milizianoak. Aparia bukatuta, gure aita ta anai zarrenaren gañetik begiak kendu gabe, aietako batek esan zun: —Biar etorriko gera berriz auzo ontara, baserritarrak gurekin eramateko. Zer uste dezute, ba? Gu «bularra ematen» ari geran bitartean zuek or lasai? Tira, gertuak euki eskopetak! Biar arte. Salú! Berri txar ura bereala zabaldu zan auzoan. Aita, anaia ta beste auzolagunak iges egitea erabaki zuten. Biaramonean, egunsentiakin, mendiratu ziran.
Zaldi orizka gañean emen dator eriotza... Aita Erroman Bera. «Eriotz gabeukatza».
Mendi-mendian izkutatua dagon baserri zarrean —Axari gorri, izenez— gorde ziran aita ta lagunak. An pasa zituzten egun batzuek. Bizi tristia ura! Janaria gutxi, oia txarra (ganbaran egiten zuten lo, lasto gañean. Naiko biguna bazan lastoa, baña... arkakusuz betea omen zegon). Eta txarrena: pasa zuten bildurra, ez bakarrik bere buruagatik, baita ere etxean utzi zuten familiagatik. Gau batean, apari exkasa bukatu ondoren —eta ganbarako arkakusutaz pensatzen asi ziranean— danba, danba! atean. Baserritar ezaguna zan... —Naparra.aldetik —esan zien gizonak— soldaduak datoz mendiz mendi. Neronek ikusi urrundik. Txapel gorriak zeuzkaten batzuek. Urrengo goizean tiroketa batek esnatu zitun lagunak. Gallur batera igo ta andik, teatroan baleude bezela, burruka ikaragarria ikusi zuten. Bertako mendi arkaitsuan, Arkale mendian, zeuden gudariak. Milizianoak alde batetik, Panplonako Guardia de Asaltoak bestetik. Egun guzian iraun zun burrukak. Batzuetan aurrera alde batekoak, bestetan atzera. Pusilak ta pistolak —baita ere guardiak zuten ametrallador batek— naiko lana eman zioten egun artan ibar oiartzunari! Illunabarrean, ixiltasun aundia. Guardiak jabeak. Lurrean sakabanatuak, eri ta illotzak. Bitartean, egun artantxe, auzoan sartu ziran txapelgorriak. Gure ama, mutil aien kanta alaiak, aien bularretan zeramazkiten gurutz ta medallak ikustean, lasaitu zan ta biali niñun Axari gorrira paper batekin esanaz: —Zatozte denak. Soldaduak sartu dira. Bentako balkoian lengo bandera española jarri dute. Aita ta lagun geienak etxeko bidea artu zuten. Besteak, berriz, Frantzi aldera jo. Bidezior batetik karreterara atera giñanean, iru illotz arkitu genitun. Il berriak, noski, odol preskua azpian zutela oraindik. Eskuan banderatxo gorri beltza zun batek. Ontan, txapelgorriak ondoratu zitzaizkigun. Mutil gazteak ziran, baña tartean bazan zar bat edo beste. Illotzak erakusten aietako batek esan zigun: —Llevaban un cañoncico pa tiralnos desde la lomica. Jotak kanta ta kanta mutillak lagundu giñuten auzoraño. Gure ama, etxeko atean zegon eta aurreraxeago, benta ondoan, militar aundi bat. Jaun ura —ille motz, lepo lodi, makutsik, kaltzetiñak ligakin elduak galtza gañetik— eorlegi koronela zan. Beregaua joan giñan. Beorlegi jaunak galdera batzuek egin ezkero, besoak altxatzeko ta «Arriba España» esateko agindu zigun. Ala egin genun ta libre denak.
Nork eraman du Kataliñ jostatzera izarrekin? «Kataliñ». On Nemesio Etxaniz
Auzotik ez urrun soldaduak trintxerak egin zituzten ta karretera ebaki. Andik aurrera ezin pasa, beste aldean etsaia baizuten... Bertan genuen menditxo arkaitsuan ere —Arkalen— aterpe ta txabolak egin zituzten. Txabol batzueri izen parregarriak jarri: «Palace Hotel», «Fonda del piojo» eta abar. Gauetan menditik zetozen gudari oiuak tristura ematen zidaten. «Zentinela alerta...!», aitzen zan bertan. Ta urrutiagotik: «Alerta está...!». Ta oraindik, urrun-urrundik; «Alerta está...!» Oiuak entzutean, inguruko zakurrak zaunka ta uluka. San Markos ta Guadalupeko fuertiak, tartean duten Arkalemendiaren kontra, asi ziran kañoi tiroka. Lenbiziko egunetan ez zan bala batere mendira iritxi, baña, pixkanaka pixkanaka, tiroak zuzendu zituzten ta erdi-erdian jo. Soldaduak orduan larri, aterpetan sartuak egun guzian. Auzotarrok ere ez giñan lasai ibilli; bonba batzuek oso bertan erortzen ziran eta mendian jotzen zutenean, ikaragarrizko arrikadak izaten genitun. Laister, jakiña, asi zan odol jario ugari. Soldaduak beste auzoan zuten ospitalera eraman zituzten illak eta zaurituak, kamioneta batean. Bein, bi aideoplano sabelgorri, txikiak ta abia aundiakoak, etorri ziran. Goian jira ta bira ibilli ezkero, beeratu ziran ia etxeko tximiniak ikutzeraño. Jende guzia begira kanpoan. Ontan, gauz txiki batzuek, eguzki argiz dir-dir, azkatu zituzten egazkiñek. Bereala dunbadak eta mendian ke moltso lodiak. Arkale bonbardeatzen ari ziran. Kalean geundenok estalpe baten billa korrika. Batzuek bere burua lurrera bota ta auzbera gelditu ziran, burua gordeta esku tartean. Gure etxean familia bildu zan baña laister Kataliñ —arreba bat— falta zitzaigula konturatu giñan. —Mendian dago beizai —zion aitonak— eta, agian, bonbak erori diran zelaian. Naigabea igarririk, denok Kataliñ billa atera giñan eta, ara! orduantxe zekarten gaxoa menditik bera, burniz josia. Kamionetan igo zuten ta ospitalera eraman. Aita ta ni berekin, baita ere militar apaiz bat, erlijio laguntza emateko. Arrebatxoaren gorputza odolez betea zegon, soñekoa urratua, beso ta izterrak autsiak. Bidean asi zan apaiza: —Jesus. Di Jesus, Kataliñ. —Bai, maitea. Tira! esan zan Jesus—aitak negarrez. Ta Kataliñek, nekez, apaizak zion guzia berresaten zun. Ospitalera iritxi baño len, aitaren besoetan il zan. Aiako arripean dago auzo ura. Ospitala baserri zarra besterik ez zan; aren ondoan lau gurdi zeuden gertuak, mendiz mendi Ñaparraruntz abiatzeko. Gurdi batek illotzak zitun; beste iruak, arpegi zurbillezko mutil zauritu ta eriak. Medikuak Kataliñ gorputza begiratzen ari ziran bitartean, ni kanpoan gelditu nintzan, negar ta negar. Etorri ziran itzaiak eta berakin txapelgorriak. Auek, bidean konboia laguntzeko, jarri ziran aldamenetan. —Aida, aida!—itzaiak. Gurdi kurpillak oiu luze negartia egiñaz joan zan konboia menditik gora. Illotzak zitun gurdia nere ondoan pasa zanean, manta-azpitik aterea, balantz ta zintzilika, beso bat ikusi nun.
Uri leial gaxoa garretan dana... «Arrats izugarria». Serafin Baroja.
Egunak joan ta egunak etorri, bi illabete pasa ziran. Gerra geroago ta gogorragoa. Agorraren lenengo egunetako batean Irun aldean argitasun aundia ikusi genuen. Irungo etxe batzuek erretzen ari omen ziran. Gau artan mendira igo giñan errea ikusteko. Zeru puska zabala gorri-gorri zegon ta eguna balitz bezela ageri ziran mendi ta ibarrak; dana gorriz argitua. Irungo erreak gerra bukaera zirudin; beintzat, ala uste genuen danok. Irabazi degu! Ori dek amaia!, zioten soldaduak irrintzika. Urrengo egunean errea zabaldu zan ta Irun osoa garretan. Arkaletik jetxi ziran tropak eta gure auzoan talde aundia bildu zan San Martzielera joateko. An burruka ikaragarria baitzan ta laguntza bear zuten Terziokoak edo... Lejionarioak edo... Bitartean guda soñuak bein baño aundiagoak, kañoi orruak urbil ta urrun, pusil tiroketak erruz... eta zeruan, gau ta egun, Irungo kea. Laister soldaduak sartu ziran erri artan. Irundarrak urik gabe zeuden, Aiako Arrian inguruan dagon bere ur depositoa tropak itxi zutelako. Militar agintari batek nere aita ta beste auzoko gizonak biali zitun depositoa irikitzera. Aitak berekin eraman niñun. Uraxe izan zan ibillaldia! Egun argiz atera ta, tipi tapa, gelditu gabe, arratsean iritxi. Bereala konpondu zuten iturria; gero, apari ariñ bat egin ondoren, Irunera jetxi giñan. Erri gaxoa. Etxe asko oraindik sutan, besteak eroriak; toki danetatik su ta kea. Kalean jende gutxi. Kamioneta bat gelditu zan gure ondoan. Barrenean, Gurutzen ezagututako txapelgorriak. —San Martzielera goaz. Nai al dezute gurekin etorri? Bestela, non egingo dezute lo? —esan ziguten. Igo giñan. San Martzielmendian izkanbilla ederra arkitu genun. Kantaka, oiuka ta aufaka denak. —Ederki ziok —aitak—. Lo egitera onera etorri al gaituk? Etzan aitzen tiro bat ere, gerra bukatua zala ematen zun. Su inguruan zeuden soldadu batzuekin txanpañ ta guzi edan genuen. Iñork ez zun lo egin gau artan. Gero gertatu zana ongi dakizute denak, ene lagunak. Gerra, alegia, etzan bukatu egun aietan; bi urte ta geiago bear izan zitun amaitzeko. Laister emeretzi urte egingo ditu, bai, bañan gaur bezelako ego aize egunetan, arratsean odei gorriek zerua odolez tintatzen dutenean, beti burura etortzen zaizkit gerraren lenbiziko egunak.
El Bidasoa, 1955
Ibar ixillean |