Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

EUSKEL ESKOLARI BURUZ

 

Jaun-andreok:

      Donostian, egun abetan, Barandiaranen Salan erakusketa nabarmen bat ospatzen ari da. Zortzi ertilari euskaldunak or erakusten dituzte beren obrak, zortziak bat eginda euskel izen  baten pean: GAUR. Extilariak abexek dituzute: Amable, Basterretxea, Sistiaga, Ruiz Balerdi eta Zumeta pintoreak; Oteitza, Txillida eta Mendiburu eskultoreak.

      Erakusketa au abstractozalea da, bañan esan bearrean gaude, eskultoreak kenduta, bost pintoreak erakusten duten abstracto jokaera ez dala azkenazken ordukoa. Ondo dakigunez, pinturazko azken orduko jokaerak pop-art eta op-art dira. Abstracto utsa atzean gelditu da erti kondairan. Azkeneko bi jokaerak (pop-art eta op-art) ez dira oraindik sartu eta mamitu euskel ertilarien artean.

      Norbaitek galdegin dezaidake: zer dira edo zer esan nai dute pop eta op arraioko itz oiek? Pozik azalduko diot. Abstracto estiloa ez da izan erri xearentzat asmatua, intelectual eta jakitun jendearentzat baizik. Eta zenbait urtetan erti ori ainbeste zabaldu eta ugarituz geroz, ondore auxe gertatu da: jakintsuak aspertu, erria naskatu.

      Orduan jokaera berri bat sortu da abstracto utsaren aurka: pop-art. Au da: popular-art, arte errikoia. Jokaera berri onek ez du atzera jo, pop-art ez da itzuli lengo arte figurakor eta realistara. Ez. Bizian arkitzen diran gauza arrunt eta xinpleak artzen ditu kuadroetan nastutzeko, esaterako, Coca­-Cola anunzioak, fotografi zarrak, aldizkarien irudiak... Ontan famatuena dan Rossemberg amerikanoak Kennedy, Aita Santua eta beste pertsonaje ezagunen irudiak nastutzen ditu bere pinturetan, abstracto estiloakin. Ikusten danez, pop-art abstractoaren adar edo seme bat degu, bañan diferentzi aundi batekin: abstrato utsak dituen geometriazko lerro eta zirriborroen ordez, pop-artek realidadeko fiurak erabiltzen ditu. Op-art beste gauza da. Estilo au ere abstractoren beste adar bat da. Ez da jokaera oso berria. Aspalditik Vasarely eta besteak, bañan batez ere Vasarely, kolore biziekin efecto arrigarriak —optica-efectuak, ain zuzen— billatzen asi ziran. Begira: gorri bizi baten ondoan, berde edo urdin bizia jartzen badegu, efecto bereizi bat gertatzen da; bi koloreak ñir-ñir asten dira gure begien aurrean. Adibide xinple onek balio du, nere ustez, op-arteak zer esan nai duen adierazteko. Batzuetan op-arteko ertilariak kolore biziak erabiltzen dituzte, bestetan zuri eta beltza bakarrik. Bañan beti op-arteko kuadroetan lerroak eta plastak, mugitzeko edo dantzan asteko gogua dutela dirudi. Opticaren efectua. Estilo au dekoraziorako eta emakumeen modarako egokia da. Emakumeak, soñekoetan ez ezik, arpegian ere, batez ere betazaletan, op-art pintura erabiltzen dute orain.

      Len esan degun bezela, Gaur taldeko pintoreak ez daude aurre-aurrean erti landan. Neretzat, egin duten erakusketa orren garrantzi aundiena, artistok argitaratu duten Deian edo Manifiestoan dago. Ezpaidute deian arte berri bat eskatzen, edo artearen aldaketa nabarmen bat —artisten manifiestoetan oitura dan bezela— baizik euskal eskolaren berpizkundea. Eta ortarako, beste euskel probintzietako artistei dei egiten diote, euskel ertilarien batasuna eskatuz. Laister sortuko omen dira Euskalerrian beste taldeak, eta izen abekin: Emen, Bizkaian; Orain, Araban; Danok, Naparran. GAUR, EMEN, ORAIN, DANOK. Talde abek osatuko omen dute, Jainkoak lagun, Euskal Eskola Berria. Dei orren zatitxo bat irakurriko det:

      «...todos sabemos ya quiénes somos y que una poderosa juventud de artistas vascos reclama el sitio y la atención que se les debe reconocer en nues­tro país, y que tenemos pasado, presente y futuro para saber cuales son nuestros propósitos y nuestras necesidades y los medios, puntualmente todos los medios, para concluir con la postración cultural y material que sufrimos, y el aislamiento entre noso­tros y con nuestro pais.»

      Itz abek eramaten gaituzte lengo euskel eskolaz itz egitera. Tenemos pasado, diote Gaurtarrak. Izan al degu bein euskel eskola bat? Galdera oni erantzutea ez da erreza. Iritzi asko, eta denak desberdiñak, entzun dira. Batzuentzat euskel eskola badela, edo izan dela, ez dago dudarik; besteentzat, ordea, beñere ez da izan. Zeintzuk dute arrazoia?

      Arte eskola bat ez da gauza materiala, ez da eskuekin ikutu dezakeguna edo begiekin ikus ditekeana. Gauza izpirituala baita, gorputz-zentsumenekin atxitu ezin dezakeguna. Entelekia bat, besterik ez.

      XVIIgarren gizaldian escuela española izan dela esan zuten kritiko batzuek. Eta idea ori indartuz geroz, denak orain bat gera kritiko aiekin. Bai, escuela española izan da, eta bere artista aundienak Velazquez, Murillo, Ribera e. a. dira. Bañan orain idazle bat aterako balitz escuela ura beñ ere izan eztela esanaz, nork ukatuko lioke egiazko eta materialezko pruebekin? Eztabaidak sortuko lirake, ori bai, eskola aren alde edo kontra. Eta an bukatuko litzake auzia. Eta berdin gerta liteke école de Paris eta oraingo escuela de Madrid entelekiekin. Eta berdin, jakiña, gure euskel eskolakin.

      Ala ere gure Errian zerbait nabarmena gertatu da gizaldi onen asieran.

      Ogeigarren gizaldi arte gure ertilariak madriltarrekin bat eginda zebiltzan. Euskal ertilariak Madril eta Erromari begira zeuden soilki, Europako beste lurraldetan egozten ari ziran aldaketa eta berritasunaz konturatu gabe. Bañan batek lenbizi, gero beste batek, azkenean denak, euskel artistak Madrilgo arte ofizial, akademikn eta atzeratuari bizkarra emanez, Parisko bidea artu eta Europako erti jokaera berriak bereganatu egin zituzten. Aietakoak Adolfo Guiard, bizkaitarra, Dario de Regoyos, asturiano bañan biotzez euskalduna, Juan de Etxebarria, Arteta, Zubiaurre anaiak, Zuloaga, Vazquez Diaz (au andaluza, bañan estetikaz gutarra), Tellaetxe, Martiarena eta beste ta beste asko ditugu.

      Ertilari oiek guziak jokaera eta estilua aldatu zuten, Parisen ikusi eta ikasitako tendentzi berrieri esker. Eta estilo moderno arekin, gure lurra, paisajea, gure erria —baserritar eta arrantzaleak— kuadroetara eramaten asi ziran. Españian, artista euskaldu­nak lenenak izan ziran estranjeriatik aize freskua ekartzen. Eta ortik atera zan euskal eskolaren izaera eta izena. Nik esango nuke delako euskel eskola ura, auxe besterik ez dela izan: Parisen ikasitako estilo berriekin, eta gaiaz Euskalerriko gizadia eta agerpenak bereiziaz, euskel artistak egindako obra.

      Aipatutako artistak, Arteta, Regoyos eta besteak, berriz azalduko dira emen, bañan lenago pixka bat itz egin nai nuke XIXgarren gizaldi arte izandako euskel artista nabarmenetaz.

      Carmelo de Echegaray jaunak, La tradicion artis­tica del pueblo vasco itzaldian, antziñako euskelertilari auek aitatzen ditu: Pintoreak, Juan Gascó edo Juan Navarro, Francisco de Mendieta, Baltasar de Echave eta Ignacio de Iriarte.

      Juan Gascó tafallatarra eta XV gizaldikoa zen. Cataluñan egindako lanak oso izendatuak dira.

      Francisco de Mendieta, bizkaitarra eta XVI gizal­dikoa degu. Bere pintura ezagunena auxe da: La jura de los Fueros de Vizcaya por Fernando el Católico.

      Baltasar de Echave degu, agian, pintore famatuena. Zumaian jaioa, eta XVIgarren gizaldikoa. Mexicon bizi izan zana. Diotenez, Echaveren irakaslea bere emaztea zan, La Zumaya izenordez deitzen zutena, pintorea bera ere. Echaveren pintura geienak Mexicon daude, denak relijio gaiaz.

      Beste pintore ospetsu bat Iriarte'tar Iñazio da. Ignacio de Iriarte. Azkoitiarra eta XVII gizaldikoa. Paisajista zen, eta oso iaiua. Murillo famatuaren kuadro batzuetan Iriartek fondua pintatzen zuen. Murilloen kuadro askok, Iriarteren lana dute. Murillok figurak, eta Iriartek fondoko paisajeak. Murillok figurak pintatuta Iriartek bere lana egin nai zuen. Eta Murillok ezetz: Iriartek fonduak pintatu bear zitun lenengoz, eta gero berak figurak jarri. Egia esan, neretzat, errazoia Iriartek zuen. Garai artan ospe aundia zuen azkoitiarrak. Murillok berak itz auekin goraldu zuen bein: «Iriarte hace los paises (paisajeak) por inspiracion divina, que de otro modo parece imposible hacer lo que hace».

      Pintore zarrak aitatuta, ez ditugu aztu bear eskultore zarrak, pintoreak bezin onak, edo obeagoak, izan baitziran.

      XVIgn. gizaldikoak ditugu Miguel de Antxeta, naparra, eta Juan de Antxieta, azkoitiarra. Antxeta eta Antxieta. Kritikoak bein baño geiagotan nastu egin dira oien lanak juzgatzen; batenak bestearenak dirala esanez (Etxegarayk orixe esaten du, bañan orain ondo erabakia dago Antxieta eskultore bat bakarra izan dala, eta azkoitiarra, ez naparra). XVIgn. gizaldikoa Andres de Araoz degu, Vitorian bizi izan zana, bañan bere jaioterria iñork ez dakiena. Baleike Arrasatekoa izatea, garai artan abizen au, Araoz, oso zalbaldua bai omen zan lurralde ortan.

      Beste irudigille ezaguna Ambrosio de Bengoechea da. Eskultore au eta Juan de Uriarte Donostiako San Vicente erretabloaren egilleak dira.

      XVIIgarren gizaldian, beste askoren artean, iru Joanes aitatuko ditugu: Joan de Bazkardo, naparra, eta Juan de Arizmendi eta Juan de Iralzu, biak zizurkildarrak.

      Artista zarren izen pilla au ez degu bukatu nai euskel abizeneko bi pintore aundiak onera ekarri gabe. Bat Francisco de Zurbaran, Fuente de Cantosen jaioa, Extremaduran. Bestea, Francisco de Goya, aragondarra. Zurbaranen jatorria euskotarra da. Julio de Atienza Baron de Cobos de Belchite jaunak auxe dio:

      «No debía de ser lejana su ascendencia vasca, ya que Francisco de Zurbaran, a lo largo de su vida, posponiendo el apellido materno de Márquez, usó siempre que pudo como segundo apellido el de Salazar, que procedía de su abuelo paterno, acaso el primer Zurbaran que bajó a tierras de Extremadura, ya que sus dos apellidos —Zurbaran y Salazar— son vascos de pura cepa».

      Beste Francisco, Francisco de Goya ta Lucientes, Fuendetodosen jaioa, jatorriz gipuzkoarra zan, Zeraingoa, Franciscoren birraitona, Domingo de Goya ta Echeandia, argiña ofiziokoa, Zeraindik Fuentes de Jilocara joan zan lan egitera, bere emazte Maria Garikano, au ere gipuzkoarra, eramanez. Eta an gelditu ziran betiko. Bein Aragonen finkatuta, Domingok, denbora artan oitura zan bezela, bere bigarren abizena, Echeandia, erderatu zuen, Villamayor jarririk.

      Eta Goyakin XIXgn. gizaldian gaude.

      Espaiñian, Independentzi gerrate ondoren, gerra karlistak etorri ziran. Galdutako fueroengatik jendea urduritu eta sutsua zegon Euskalerrian. Ez da arritzeko, beraz, orduko gure pintoreak, leenagoko libertaderi zegozkien temak eta gaiak eramatea aren pinturetara. Garai artan, gañera, historiazko kuadroak modan zegozten.

      Bilbotar Llano Gorostiza jaunak bere Pintura Vasca liburuan, auxe dio:

      «... basta examinar el catálogo de la Exposición Provincial de Vizcaya de 1882. En ella... Anselmo de Guinea exhibe a Jaun Zuria jurando defender la independencia de Vizcaya. Enrique de Salazar presenta a Don Lope Garcia Salazar leyendo las Bienandanzas y Fortunas. Eustaquio Zarraoa a La Dama de Murumendi. Y Mamerto Segui a Jaun Zuria hiriendo con su daga al árbol malato».

      Ikus dezakegunez, orduko pintore euskaldunak, historiazko kuadroetan, etxeko libertadeak goraltzen zituzten. Beste batek, Ondarrabiko Etxenagusiak, La jura de los Fueros por Alfonso VIII de Castilla artu zuen gai, Gipuzkoa Diputaziorako vidriera aundi bat egiteko.

      Denbora artako beste pintore batek, bizkaitar Markoartuk, auxe besterik ez zuen asmatu: La reina Isabel la Católica jurando defender los Fueros en un portal de la calle Tenderia. Ez dakit kuadroa aundia zanentz (historiazko geienak bezela), bañan titulua beintzat etzen makala.

      Orain txanda eldu zaigu Tolosako Antonio Maria Lekuona ta Echaniz itz egiteko. Lekuonak Historiazko kuadroak gutxitan egiten zituen, geienak oiturazkoak izaten ziran, costumbristas zeritzaienak. Badu, alare, historiazko bat, oso interesantea, San Ignacio herido en la heróica defensa del castillo de Pamplona, batez ere an Miguel de Unamunoren irudia azaltzen dalako.

      Lekuona karlista zen. Bein Pintor de Cámara de la Corte Carlista izendatuta, bere erregearen erretrato aundi bat egin zuen, Carlos zaspigarrena Gernika arbolaren gerizean kokaturik, Bizkaiko Jauna bezela. Gero, gerratean, liberalak Gernika artuta, kuadroa erre egin zuten. Lekuonaren beste erretrato interesdun bat Iparragirrena da, gure arlote maitagarria zarra zelarik; kitarra jotzen ageri da kuadroan, bizarra zuri eta luzeakin, fonduan Gernikako Biltzar etxea eta aritz sagaratua agertzen dirala.

      Bañan Lekuonaren zaletasuna, Euskalerriko oiturak eta kristabak pintatzea zan: erromeriak, sorolanak, baserri sukaldeak, txistulariak, e. a. Unamunoren pintura irakaslea zan. Eta ona emen Salamanca erretorearen iritzia bere maixuaz:

      «Lecuona unía a su timidez otro rasgo de su raza: el sentimiento de la poesía del hogar, discreta, conte­nida, tímida. Es lo que se ha llamado nuestro espí­ritu patriarcal».

      Euskal eskolari buruz garrantzi aundia eman bear diogu Lekuonari. Orain arte aipatutako ertilari zar guziak etzuten ezer ikusterik etxeko ertiakin, naiz batzuek erabillitako gaiak, aberkoiak izan. Gure artistak erti ofizialaren atzetik zebiltzan, Lekuona kenduta. Lekuonak, bere barrungo maitasun joerari so egiten zion bakarrik. Llano Gorostizak diona:

      «Este amor a las gentes y a las costumbres del terruño salvó a la pintura de Lecuona de deriva­ciones historicistas».

      Beraz, euskaltzaletasun argatik gure Lekuona, arte ofizial kaxkarratik alderatzen, XXgarren gizaldiko ertilari euskotar geienek pintatu bear zutena asi zan bera lenbizikoz egiten. Esan dezakegu, ba, Lekuona, tema edo gaiaren aldetik beintzat, Euskal Eskolaren aintzindaria izan dela.

      Bañan egiazko oiñarriak jarri zituztenak besteak ziran. Adolfo de Guiard degu bat, bilbotarra, artista arlote, berritxu eta pobrea.

      «Excelente pintor —dio Indalecio Prieto jaunak liburu batean— pero mejor charlante... Amigo de la sencillez y enemigo de la hipocresia».

      Adolfo Guiard, Parisa joan eta andik ekarri zitun inpresionismoaren berriak. Bere estiloa, bere paleta eta koloreak zearo aldatu zitun, eta berakin batean emengo pintore gazteak. Kuadro illun eta beltzeen kontrakoak, kolore bizi eta garbiak azaldu ziran orduan, udaberriko egunsentian bezela.

      Beste euskal eskolaren oiñarri bat —eta au garrantzikoa— Dario de Regoyos da. Asturiasen jaio zen, baña artista bezela, gurea dela esan dezakegu beldurrik gabe. Pio Barojak ere ala uste du. Ona emen bere iritzia:

      «Ertiaren landan euskel nortasunezko pintoreak iru bakarrik ditugu: bat, Regoyos, euskalduna ez izanda ere; beste biak, Etxebarria eta Arteta, euskaldunak».

      Goazen orain bi euskaldun abetaz itz egitera.

      Juan de Echebarria, bilbotarra, famili aberats batekoa zen. Erbestean, Frantzi ta Inglaterran estudioak egin zitun, eta gero Alemanian ingeniero industrial carrera egin. Bere aita burni-lantegi aundi baten jabe zalarik, berakin jarri zan lanean, negozio gizona bezela. Bañan ogeita zaspi urte zituala, ama ill zitzaion ezkeroztik, lantegiko negozioak zearo utzi ta pintura ikasten asi zan.

      Aberats eta biotz onekoa izanik, Echebarriak artista pobre ta arloteak laguntzen zituen, esku zabalez. Pintura landan goiko mailletara igo zan.

      Aurelio de Arteta, bilbotarra, degu, agian, gure eskolaren abe sendoena. Bere familia pobre zala-ta, larri ibilli zan gaztearoan. Pintzel fiñekin batean brotxa larria erabiltzen zuen, pareta pintatzalleak bezela. Azkenean Diputazioko beca bat lortuta Parisa joan zan erti estudioak egitera. An, jakiña, beste artistak bezela, inpresionismoaren ondorenaz jabeturik, orduko «arte modernua» berea egin zuen. Bilbora itzuli zanean, Bilbao Bankoak garrantziko obra bat enkargatu zion: Madrilgo sukursale berrirako dekorazio aundi bat. Artetak lanari ekin zion gogo beroz, eta amabi fresco pintatu zituen. Bizkaitar ertilari humil arek, an azaldu zituen Euskalerrian duen indar osoa: baserri lanak, itxasgizonak, eta batez ere industriazko langilleen izerdi ta nekeak.

      Azkenean, euskel eskolarako beste ardurazko er­tilari bat aipatu bear degu: Daniel Vazquez Diaz. Au ere, arte ofizialaz asperturik, Frantzira joaten asi zan maiz, bañan bide erdian dagoen txoko zoragarri batek lilluraturik utzi zuen. Bidasoa ingurua, eta batez ere Ondarrabia, zan txoko ori. Eta Parisa segi bearrean, edo Paristik itzultzen zanean, Ondarrabian gelditzen zan luzaro. Bazter eder ortan paisajeak pintatzen zituen, gure lurraldearen gama xamurra —berde eta grisak— bereganatzen, gero beste kuadroetara gama ori eramateko. Pariseko bere egonaldietan, kubismoaz kutsatu zan, eta geometriazko itxuren bidez dibujo edo pintura a planos esaten dan era ortaz pintatzen asi zen. Bere koloretasun fiñaz eta planoz egindako pintura zabaldu zan emen, euskel pintoreen artean. Ain zuzen ere, Vazquez Diaz en estilua izan da euskel eskolaren egokitasun bat. Euskal eskolan, beraz, lau abe sendo izan ditugu: Arteta ta Echebarria, emengoak; Regoyos ta Vazquez Diaz, kanpotarrak, bañan biotzez edo estetikaz, gureak.

      Ertizale batek esango du noski: ez al dira izan gure erti kondairan beste artista nabarmenak? Non utzi ditu onek Zuloaga, Salaberria eta besteak? Egia esan, artista aundi oriek gutxi egin dute euskel eskola mamitzeko.

      Ignacio Zuloaga eibartarrak arte klasikoa ikasi zuen Madrillgo Museoan. Zuloagak iru izar nagusi zituen erti izartegian: Velazquez, El Greco ta Goya. Iru pintore aiek artu zituen irakasleak bezela, eta gogo beroz Prado Museoan dauden bere lanak estudiatu zituen. Gero Pariseko bere egonaldietan, inpresionismo adarrekin nastu egin zan bere klasikotasuna. Zer eman dio Zuloagak euskal eskolari? Gutxi nere ustez. Gaiaren aldetik Castillakoak ziran Zuloagaren geie­nak. Bere koloratasunean, gama illuntsu eta lurrezkoa zuen. Baleike bere dibujua —dibuju indartsu, sakon eta zorrotza— euskel arteari bere eskeintza inportantiena izatea.

      Elias Salaberria ere klasikoa degu. Bañan Lezoko artista trebeak etzion kasorik egin —eibartarrak egin zion bezela— arte modernoari. Gaztearoan bezela, zartzaroan ere arte klasikoari jarraitu zion. Bere obra ederrenak Corpus prosesiyoa Lezon, Gu eta San Iñazio irudia euskal eskolaren bidetik oso alderaturik daude.

      Beste ertilari onak bañan gure eskolatik urrun xamar daudenak Zubiaurre anaiak ditugu. Ramon eta Balendin, biak sor-mutuak. Bi anai pintore auek garrantzi txikia eman zioten arte berriari. Europako museoetan italiar eta flamenko primitivos-en obrak estudiatu zituzten bereziki, eta pintore zar aieri ikasitako teknika bare eta patxarosuarekin Euskalerriko eta Castillako jende ta agerpenak eramaten zituzten lienzoetara. Zubiaurre anaiak inpresionismoaren teknika ariñ eta ximplea ez zuten erabilli, ezta kolore argiak ere. Beren kuadroetan kolore biziak, bai, badira, bañan illuntsuak geienak. Orregatik, Ramon eta Balendin Zubiaurre, naiz ar­tista onenetakoak izan, euskel eskolatik aparte daude.

      Milla bederatzireun eta ogeitamasei gn. urtean matxinadaren lenengo tiroekin amaitu zan gure euskel eskola. Gerra bukatuta bakardadea besterik etzen gure artelandan. Artista batzuek erbesteratu ziran, besteak ill, eta gelditzen ziranak ez zekiten nora jo, nola ekin.

      Emen, Guipuzkoan, Donostiko Circulo de San Ignacio eta Casino-en saletan zenbait erakusketa colectiva egiten asi ziran, batzuetan Zuloaga aundia buru genuela. Bañan lengo euskel eskolaren arnasa ta kemena ez ziran azaltzen iñon.

      Ain zuzen ere, gerraren ondoko lenbiziko urtetan beste etsai bat sortu zitzaion, Cataluñan mamitzen ari zan inpresionismo berri eta kaxkarra, Escuela de Olot izendatua. Pintore katalanak, diru-irrikiaz, Monet, Sisley, Pisarro eta beste emeretzi garren gizaldiko inpresionista zarren jokaera berpizten asi ziran. Pintura leun eta motel ura atsegin zitzaien emengo arte-biltzalleri (geienak papeleruak, denbora artan) eta sasi-inpresionista catalanak ezposizio osoa saltzen zuten Bilbon eta Donostian egindako erakusketetan. Exito ta ondore aietaz gure artistak lilluratu ziran eta catalanen komerzialezko erti makalari jarraitu zioten.

      Bañan beste etsai gogorragoak erori ziran gero, ill zorian zegoen gure euskal eskolaren gañean. Cata­lanen sasi-inpresionismoaz geroz, Madrillen eskola berri bat sortzen ari zen, La Escuela de Madrid, gure euskel eskolaren kondarrekin ereikia, Eta catalanak inpresionismoakin egin bezela, Madriltarrak post-inpresionismoa bereganatu zuten. Van Gogh, Matisse eta beste franzesak, baita italiano batzuek ere, artu zituzten eredutzat. Eskolaren buruan gure lengo Vazquez Diaz jarri zan lenengo urtetan; gero Benjamin Palencia.

      Gerra baño len Barzelona ta Bilbao ziran Espaiñiko ertileku nagusiak. Gerraz geroz, Madrid. Artea ere zilbortu egin zan. Ez da arritzeko, beraz, gure artis­ta gazteak madrileñoekin elkartzea eta bere eskolan sartzea.

      Zabaldu ziran gero erti tendentzi berriak, abstracto eta abar, eta gure artistak emengo paisajea eta emen­go gizadia zapietara eramateko gogoa galdu zuten. Euskaldun batzuek, gañera, sortu berria zegoen Madrilgo eskolakoak egin ziran. Orrekin azken lepokoa eman zioten euskal eskolari.

      Eta orain zer? Egia esan, azken urte abetan zerbait egin da euskal artisten artean lengo alkartasunari arnasa eta indarra emateko, lengo eskola zarra berpizteko. Donostian bi talde sortu dira, izen berdintsuekin, Ur eta Gaur taldeak. Urtarrak abexek dira: Arozena, Tapia, Bizkarrondo eta Grazenea. Pintore abek, paisaje-egilleak eskuarki izaki, Euskalerriaren agerpenak erakusten dituzte soilki esposizioetan, euskal jendea alegia, ikuitu gabe. Ala ta guztiz ere, Urtarrak lengo eskola zarraren kutsua badutela ezin diteke ukatu.

      Gaur taldeaz asieran itz egin degu. Ertilari auek euskal eskolaren alde zer lortuko duten ez dakigu. Zailla izango da, nere ustez, abstracto joeraren bidez lengo eskolaren gogoa berpiztea.

      Dena dala, lozorro lotsagarri eta luze batetik esnatzen ari gerala badirudi.

 

 

Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970