|
Ibar ixillean
ORIXE
1954 edo 1955 garren urtean, Beeko Amerikatik itzulia zala ta, beneditinoak Lazkaon duten komentura joan giñan Orixe bixitatzera. An arkitu genuen, gela txiki ta otz batean, oean etzanda. Nik eskua fuerte xamar estutu nion, eta oiñazezko garraxia bota zuen. Geroztik, saludatzeko, bere beatzak ikutu besterik ez nuen egiten. Lazkaotik Olaberriara (auzotegi polit bat) berakin bazkaltzera igo giñan egun artan. Euskaltzale taldetxo bat giñan, lagunen artean On Manuel Lekuona, Satarka, Artetxe, Koldo Mitxelena... (Zine filma batean jasoak ditut egun ortako gorabera guziak). Karnet batean ipiñitako oartxoa emango dut emen: «Gizon bereizia da (Orixe). Pensatzen duana esaten du, naiz esanak gogorrak izanda ere. Beraren ideia batzuek arriturik utzi naute. Apala da, eta egiazalea». Beste batean Bedayora joan giñan Ormaetxeakin, Naparra euskaldunaren txistulari jator eta lagun zarra zuen Sarasolakin elkartzea nai zuelarik. Beste batean Leitzan ikusi nuen, Euskaltzaindiak Ohorezko Laguna izendatu zunean. Eta olako beste elkar ikusteak kenduta (azkena, Tolosan, Lizardi omenaldian) bion arteko adiskidetasunaz gutxi esan dezaket. Azken garaian, lasaiki eta ondo begiratua, Zabalegi finkan bizi zan. Orain Orixeri azken agurra egin diogu Añorgan, bañan berakin egongo gera igandero, bere Urte guziko meza bezperak liburua irikitzean, baita bere mistiko olerki xorta Barne-muiñetan irakurtzean, baita bere Euskaldunak, poema aundi eta ederrarren edozein zatia gogoratzean. Euskaldunak izanda lengo euskaltzaleen itxaropena. Lizardi bikaiñak auxe zion olerki batean:
Larre loretik eztia, basotik euskal mamia, laister sortzen al duk, Olerkaria!
Ziur da poema orren lenengo printzak Lizardik ezagutzen zituela; eta bere bertsoetan alaiki iragartzen zuen poemaren etorrera. Orixeren lan aundi ortaz iritzi desberdiñak entzun ditut. Batzuentzat poema orixe da euskal literaturak bear zuen «monumentoa». Besteak ordea —eta duen meritua ukatu gabe— bere argumentoa aula eta personaje nabarmenak barne-bizi gabekoak dirala diote. Dana dala —diot nik— egilleak poemaren itzaurrean garbi aurreratzen digu Erria, ots, euskaldunak besterik ez duela nabarmendu nai bere olerkian. «Ortan ez dezu gertakizun ontan maratil askorik bilatu bear, ez naspil aundirik bereizi bear, zenbait novela txarretan bezala. Erri bat bere oiko lanbidetan, jolasetan, ipuietan, sukaldean, bizian, eriotzean, agertu nai nizuke, gauzak eskuarki edo komunzki gerta oi diranez». Egillearen elburu ori ederki lortua dago, alajaña. Nikolas Ormaetxea Orixe euskel literaturan idazle bakar eta bereizia izan da. Baserritar eta artzaia bere gazte aroan, humanista eta olerkaria jesulagunen estudioak bukatu ezkeroztik. Bere olerki aundian gure Erriak duen (edo zuen) garbien eta maitagarriena bizirik dakuskegu: basa erritxoen izakera, pesta eta jolasak, baso eta baserrietako lan eta oiturak, artzaingoa, erri-kantak eta edestiak... Orixek, dakigunez, garrantziko itzulpen lanak ere ba ditu, eta Santa Kruz apaizaren biografi bat, eta prensako lanak eundaka. Egingo baluteke bere gutun xortako liburu bat, euskaltzaleentzat mokau goxoa litzake. 1961, Dagonillak 10-an, ostegun batean, azken aldiz, betiko, agurtu genun gipuzkoar apal bat, pobre bizi zana, komentuetan eta baserrietan karidadez egona, bere azken urtetan, erreumaz elbarriturik, osasunarentzako giro txarrena jaso bear izan zuana. Baiña bere izena, lur ontan, XX gn. mendearen izenetatik argienetako bat bezela geldituko da, ain zuzen, bere antze eta jakinduri osoak bere sorterriaren ederrak jasotzeko eta kantatzeko jarri zituelako.
Ibar ixillean |