Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

ERRI ILLAK

 

 

      Diario Vasco-k artikulu jakingarri bat ekarri du, Miguel Delibesena, «Los pueblos moribundos» izendatua.

      Gaztelaniako erri tipiak iltzen ari omen dira, idazlearen iritziz. Burgos probintziako Cortiguera errian jende zarra besterik ez du arkitu. Ango amona batek, erriaren goraberak emanez, gaztedia Bilbao aldera aldegiña dala esan omen dio. Eta gazte orien seme-alabak ez omen dute ezagutzen Cortiguera, gurasoen jaioterria. Ez batak eta ez besteak ez dute Cortiguerara itzuli nai. Zertako? Aldeginez geroz, aldaketa gertaera bat, lengokoaren gauza bat da, eta akabo.

      Erri batzuen beera negargarri ori neronek ere ikusia dut, eta baita ortaz idatzi ere. Burgos probin­tziako erri mixerable batzuek ezagutzen ditut, eta Riojakoak ere bai, Briones erri jauregidun eta jatorra, esaterako. Orain Briones erdi uts, erdi illa dago.

      Emen argitaratzen dan argazkian ikus dezakezute Burgosko erri tipi bat. Ikusketa negar garri! Aur bat dugu plazako bakardadean, ura artzen iturrian. Mutiko orrek, amalau urte bete baiño len, anka egingo du erritik, ipar aldeko erri industriadun batera. Baleike soldauzka egin arte aldaketa ez egitea, bañan ez ditu erri ortan ezurrak utziko.

      Emigrazio tamalgarri orrengatik degu gure Euskalerria kanpotarrez betea. Sortu zaigun problema ez da makala! Ain zuzen, Errenteriako Oarso urteroko aldizkariak ortaz itzegiten du aurten. Arloa kristaulege garbiz erabilli du, naiz erritar guzieri gustoa ez emanda ere.

      Auxe esan nai du aurtengo Oarso-k: Kanpotarrak, guregana datozen jendeak, naiz gure oitura zarreri kalte eginda ere, pertsonak eta kristauak bezela tratatu bear ditugu. Beste jokabidea milla aldiz kaltegarriagoa litzake guretzat.

      Utzi ditzagun, bai, alde batez, Kristoren legeak eta zuzen-jokabideak, eta goazen begiratzera, soilki, guri komeni zaiguna. Euskalerriarentzat zer izango litzake kaltegarriagoa: kanpokoeri arrera txarra egin, aparte utzi, izenorde mingarriekin deitu, ala ondo artu eta gureganatzeko alegiñak egin? Begira Delibesek zer dion, eta ondo esana dago:

     

      «Los hijos de los jóvenes ya no conocen el lugar de sus mayores; ni unos ni otros quieren hablar de él. ¿Por qué? Eso quedó atras, y se acabó».

 

      Beraz, kanpotar oriek, beren itxasontzieri su eman ta errez, oiñak gure lurrean sartu dituzte, eta sustraiak ateratzen ari zaizkie. Betiko ditugu emen, ez baidute emendik aldegingo, berak nai ez badute. Ori oso ondo dakigu denok, industriako «kapitanak» batezere. Beren jaioterri izena aaztu ondoren, bizi diran lurralde berriaren izena beretzat nai dute, bear dute. Cortigueranoen seme-alabak «bilbaino», «vizcaino» edo «vasco» izena artuko dute, eta guk ezin diegu eskubide ori ukatu ahal.

      Gugan datza arloaren erabaki zuzena. Alde oker batetik jotzen badegu, etsaiak millaka izango ditugu etxe barruan. Bear dan bezela, kristauki eta adimen argiaz jokatzen badegu, orietatik geienak, edo beren seme-alaba edo illobak, euskaldundu daitezke.

      Nere baitan daukat adibide argia, eta barkatu nitaz itzegitea. Aitona gaztelanoa nuen, Irunera etorria. Orduko irundar biotz zabalak ondo artu zuten, eta aitona, erri berria gorrotatu bearrean, irundartu zen; erriko andereño batekin ezkondu zen, konzejala izan zen, kargu ortan erriaren alde lan egin eta sufritu zuen (izurri edo peste batean), eta azkenean bere ezurrak betikoz utzi zitun Blaia erriko kanposantuan.

      Arek ez zien utzi bere seme-alaberi Euskalerrientzako gorroto izpi batere. Jose Manterola euskaltzalea ill zanean, oroimen-liburu bat argiratu zuten, eta barruan nere aitona Bernardoren lerroak eta siña ikusi ditut, poz-pozez.

      Gaurko egunotan, Bernardo, Palenziako aren ondorengo guziak, bero edo epelak (denetik baitira) euskaltzaleak dituzute. Etsairik batere ez. Bañan nik ez dakit zer izango giñaken gaur aren ondorengook, euskaldunak gure aiton zanari uko egiñik «maketo», «ezurbeltza», «manchurriano» edo olako itz «dotorez» izendatuko bazioteken.

      Besteen naigabeak ere kontuan euki bear digutu, batez ere gureak baiño larriagoak badira. Orra Meseta aldean:

 

      «Cortiguera es un pueblo sin carretera, sin ferro­carril, sin telefono, sin centros industriales, sin baile, sin televisión, y la juventud del siglo XX es, con justa razón, poco dada al sacrificio anónimo, al heroismo inútil, al esfuerzo no recompensado».

 

      Arritzekoa al da olako tokietatik iges egitea? Eta nora jo? Lana eta lan-sariak ugari diran lekuetara. Batzuek Madrill uri nagusira jotzen dute, besteak Cataluñara, besteak Euskalerrira, eta azken urte auetan, Frantzi, Suiza, Alemanira...

      Agrikulturaren maldabeera tristegarria! Ez nago «ados» industriako buruzagiak egiten duten guziakin, gauza batzuetan Atila baiño ondatzalleagoak baitira, baiñan gure Lurra, industriarik gabe, Meseta bezain txiro, argal eta miserablea izango litzake.

      Orra or beste aldeko Eskual Herri gaxoa. Lantegirik gabe eta turismo plagaz zapaldurik, seme askoren igesa ikusteko bearrean dago. Odolgaztejario orrek, Paris aldera jotzen du batzuetan, bestetan —geienetan— Ameriketara.

      Bi trajedi ditugu beraz gaur begien aurrean. Bata, industriagabeko erri basati erdi illena, munduko erri tipietan gertatzen ari dana. Bestea —au ere unibersala— erri progresozaleena, beren bazter itxusitze eta zikintzea, oitura zarren galtzea...

      Zer egin? Jainkoak du azken itza. Bitartean biotzak altxa ditzagun, eta buruak jakintzaz argi, eta lana egin etengabe.

 

Zeruko Argia, 1963

 

 

Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970