|
Ibar ixillean
ON ANTONIO ARZAC
German Baraibar jaunari
Aurtengo udaran San Martziel mendian eguna igarotzen ari giñala, German Baraibar jaunak galdetu zidan: —Oyartzuarrak gogoratzen al dira oraindik Arzaken «Aita Mendibururi» poesi kantaz?
Ikus zazu zerutik gure Euskalerria...
Baietz erantzun nion, kanta asiera entzun ta bereala. Izan ere —esan nion— orain dala bi urte Oyartzungo zortzi neska orfeozale (zortziko edo ochote oyartzuar bat) etorri zitzaizkidan kanta ori nere manetofonen aurrean saiatzera. Erriko festak ba zetoztela ta... Arkupetan konziertoa eman bear zutela ta... Bai, On German, Oyartzun erria oroitzen da oraindik «Aita Mendibururi» kanta ortaz. Bañan, egilleaz... nor gogoratzen da? Iñor ez, uste det. Ez Oyartzun, ezta ere Donostia, Arzaken sorlekua. 1904 gn. urtean il zan Antonio Arzak, eta 1913 garrenean, bederatzi urte ondoren, orra zer zion Adrian de Loyarte jaunak bere Donostiarras del siglo XIX liburuan: «Arzac murió como murió Soroa, como murió Manterola. Pérfidamente olvidados y postergados por el mismo país que les vio nacer». Antonio Arzak Alberdi 1855 gn. urtean jaio zan Donostian, Ategorrietako Baderas etxe jator batean. (Orain leku ortan dago Notre Dame komentua). Gaztetandik asi zan euskera lantzen, itz neurtuaz batez ere. Itz-lauz (prosa) ere asko idatzi zuen, naiz euzkeraz naiz erderaz, eta beti Erriaren alde. Lege zarrak edo Fuerosen galtzeari negar egin zion sarritan. Ain zuzen, Loyartek berak kontatzen digu Arzaken ateraldi polit bat. Donostiko Liburutegia bisitatzera joan omen zan bein Ministro Canalejas jauna. Arzak zan ango diretor edo zuzendari. Txoko batean, bakartua, ongi apaindua, liburu bat ikusi zun Ministroak. —Zer da liburu ori? —galdetu zion. —Au da, Ministro jauna, gurentzako liburu ederrena, maiteena. Gure Fuerosen liburua. Euskera eusteko eta indartzeko maiz egiten ziran garai artan Euskal Jaiak edo Juegos Florales; festa aien buru ta arima gure On Antonio omen zan. Berak ere antolatu omen zun teatro talde eder bat, Euskal Fedea izendatua. Nik ez dakit Arzaken literatura balio aundikoa danentz. Gaurko gustokoa, beintzat, ez da. Bañan poesi xamur eta goxoak ba dituela, nork uka? Bere poema aipagarrienak: «Zerura», «Sufritzen», «Joshe», «Maritxo», «Amona» dira. Bein, katalan poeta bikaiña zan Mosen Jacinto Verdaguer, Ategorrietako Villa Zinzanen egunak pasatzen ari zan. Bere adixkide Arzakek poesi au eskeiñi zion:
BI KABIAK On Jacinto Verdaguer jaunari
lllunabartzen zuen Pasarik bidia, Ta nere inguruan Dena zan pakia! Ontan, bazter batian, Untzez estalia, Begiratutzen nuen Arri-gurutzia, Entzuten nuelarik Isilcho, eztia, Musika bezelako Marmariz chikia: Ta zan gurutziaren Untzetan gordia, Umez bete-betia Chorien kabia, Nere biotzak ere An dauka beria!
Gustatu omen zitzaion On Jacintori, eta katalaneraz biurtu zuen:
LOS DOS NIUS
Era a entrada de fosch jo camina va un día, tot era dolsa pau com dins l'anima mía. Vora'l camí una creu sos brassos estenía, quan arribi alli prop murmuri dols sentía, murmuri y remoreig y dolsa melodía. Los brassos de la creu una eura los vestía y en la eura mal penyat un nieró hi havía. Ah! si jo fos ancell ab ells jo cantaría, que en brassos de la creu tambó mon cor hi nía.
Jose Manterola il zala, Euskal-Erria errebistaren buruan jarri zan On Antonio Arzak, eta an segitu zan ogei urtetan, il arte. Begi aurrean daukat Arzaken eriotza berria dakarren numerua (n.° 874, 20 octubre 1904). Azal orrian auxe:
Eta errebista barrenean, noski, artikulu negartiak: ¡Descanse en paz! Ill da! ¡Pobre Arzac! Negarra!! ¡Siempre triste...! Ill zera! ¡Gero arte! ¡No era de este mundo!, eta olako izenekiko besteak. Numero ortan eskribitzen dutenen izenak ezagunak dira batzuek: Carmelo de Echegaray, Joaquin M. Baroja, Campion, Alfredo de Laffite, Toribio Alzaga, Serapio de Mugica, Dario de Regoyos, Lopez Alen (gero errebistaren zuzendaritza artu zuena), Gregorio de Mugica, Vicente de Monzon, Adrian de Loyarte... Conde de Torre-Muzquiz jaunak auxe ipiñi zuen:
«Antonio Arzaken esanak aztutzen ez baditugu, gero eta geio aundituko zaigu gure Euskal erriaren amoriyua».
Gaur, berrogei ta amairu urte pasa ondoren, aren izena illunpetik argira pixkat atera dugun On Antonio Arzak jaunak bezela, Aita Mendibururi eska dezaiogun:
...Ama Euskera pizturikan zu Zerutik Jagunduaz...
El Bidasoa, 1957
Ibar ixillean |