Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

AINTZIN SOLAS

 

      Euskaldun-berri izango naiz beti. (Esango nuke euskaldun-berri-zahar bat naizela horain.) Deitura hortaz ez naiz ni lotsatzen, arro-arro aitortzen bait dut nere berritasun hori. Bañan... ai! mintzadun berri batek ez du bein ere hitzegingo, ez eta ere idatziko, «seaskatik amaren bularrean hizkuntza edoski duten» jatorrek bezela.

      Hitz hauekin ez diet euskera ikasten ari diranei kemena kendu nai. Dalako berritasun horrek baditu alderdi onak ere. Gu ez gera «analfabeto»ak, jator geienak bezela; guk euskalki eta euskal dialekto guziak, edo geie­nak ikasi egin ditugu. Bertsolari saioetan, esaterako, ez gera in albis gelditzen, gurea ez dan probintzi bateko bertsolaria ari danean. Edozein euskal idazlariren liburua irakurtzeko prest gande, naiz napar, gipuzkoar edo bizkaitarrarena izan. Honelako alderdiak ez dira makalak edo «auntzaren gaberdiko estula» jatorkiago esateko.

      Lagun batzuek galdetzen didate noizpenka ea zer egin dezaken euskera ondo ikasteko eta jabetzeko. Nere erantzuna hauxe izan da beti: gramatikaren bidez ikasten ari zeran bitarte, hitzegin (nolanai eta beldurrik gabe!) bertan dituzun euskaldunekin (emazte, senar, andre edo senargai, guraso, seme-alaba, neskame... ahal dezunekin). Eta asi lehenbailehen irakurtzen eta idazten.

      Horixe bera egin nuen nik Zipitria'tar Elbire andereñokin ikasten asi nintzala. Denbora hartako gure lenengo irakurgaiak Egutegi orrialde atzeko izkirimiriak izaten ziran. Gero Xabiertxo liburua, eta gero Garoa, Kresala, Biotz-begietan, Euskaldunak eta euskeraz billatzen genituen idazti guziak. Ez da esan beharrik zenbait urtetan ez nuela iriki erdal liburu bat ere. Denbora hartan egindako lan ederrena, nere ustez, Verboa edo Aditza jabetzea izan zan.

      Euskal aditza da gure pitxi ederrena, baña baita ere euskera ikasteko eta euskeraren batasuna lortzeko oztopo aundiena. Batasun lanak hortik asi behar lirake.

      Idazten ere bereala asi nintzan. Nere le­nengo idaztiak, jakiña, ez ziran oso egokiak moldiztegietara bialtzeko, bañan ala ere, nere asmo onenaz ausarturik, eta batez ere Bidasoaldean euskera plazara berriz atera zedin (illunpe luze baten ondoren) Irungo El Bidasoa astekarian nere lenengo lanak azaltzen asi ziran (erdel-itzulpen batez lagundua, beharrezkoa bait zan aldi hartan).

      Gutxi balio du idazti sorta honek, bañan Erdi-aroko titilitero harek bezela nik. Harek eliz-barruti bakardadean zekizkien jolasa guztiak agertzen zituen, Ama Birjiñaren omenez. Nik liburu hontan nere ahal eskaxak azal­tzen ditut Euskeraren alde.

      Ibar ixillean izena jarri diot liburuari. Ez da nolanahi jarria. Ibar ixillean, Oiartzungo ibarran alegia, mamitu bait da nere euskera. Aipatutako euskel ikastaro hartan sarri honera nentorren, Ayalde izeneko landetxera, alboko baserritarrekin (magne­tofon batez lagundua), kaleko lagunekin, zelaietako artzaiekin, ahal nuen euskaldun guziekin itz egiteko. Batzuetan ezer ulertu gabe gelditzen nintzan, bañan ardura (arpe­gia ere bai) izaten nuen beti, herriarengan maixuak billatzeko.

      Liburu hontako ipui eta atal geienak Oyartzun herria dute gai. Pertsonajeak hemengoak dira, gertaerak eta elkarrizketak hemen gertatuak eta adituak izan dira. Eta hemen

      idatziak ere bai, nere studio gelan, ibarraren ixilpe honen babesean.

      Oyartzun maite dut txikitandik. Bere lurraide eta ikuspen bikaiña barru-barruan daukat sarturik. Antze eta Literaturan naizen pittiñ hau Oyartzunari zor diot.

      Lerro hauek bukatzeko ortografiaz zedozer esan behar dut. (Ortografiaz ezer esaten ez duen idaztia ez da benetako euskel idaztia.)

      Liburu honen ortografia desberdiña ikustean ajolakabe xamarra naizela esango du irakurleak. Egia esan, bere denborako ortogra­fia da. Asi nintzanean, tildea erabiltzen zan hitzak banatzeko edo aldezteko. Gero lerro motx bat. Gero deus ez. Nik aldizkarietan azaldu ziran bezela utzi ditut artikulu hauek; bestela lan gaitza ortografia banatzeko.

      «Ortega-ren iritzi bat» artikulua orto­grafia bereizi batez (edo, obeto esateko, atzeratu batez) idatzi nuen. Ez da ortografia makala, nere ustez. Erreza, «normala», aureskoletan erakusten dutenatik ez oso aldendua, latin hizkuntzetatik bertan dagoena, amona xaharrak irakurtzen zuten meza liburu zaharrena.

      Bañan garai hontako aizeak beste aldera garamazki. Gaurko ortografian B eta K nagusi. Eta H-ren auzia gañean degu. Alperrikako eztabaida honek, H-arenak, nazkatua nauka.

      Euskel Idazkaritzaren oarrak artu nituen ezkeroztik H onhartu nuen, eta H sartzen dut nere idazti geienetan. Bañan, egia aitortu behar dut apalki, gaizki sartzen dut letra hori horaindik legeak ez ditut ondo ikasi. Eta geiago ere esango dizuet: egoki-egoki H erabiltzen duen idazlerik ez dut horaindik ezagutzen. Huskeri horrengatik, gañera, euskaltzaleen artean gerra zibil ero bat sortzeko arriskuan gaude.

      Irakurleari hauxe eskatzen diot bakarrik: barka ditzala, arren, nere oker guztiak eta, batez ere, emen azaltzen diran iritziak, bereak eta nereak desberdiñak badira.

 

Oyartzun, 1970

 

Ibar ixillean
Antonio Valverde Ayalde

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970