|
Ibar ixillean
MEZA BERRIA
Iņaki Deun egunean Meza berria ba-zen erri txiki batean. Meza baņo len, Iņaki irudi zakar bat eramanez, proseziyoa egin zuten elizinguruan. Itxas-aizeak giro atsegin goizari; Donostiko mendi tontorrak agertzen ziren laņo tartean. San Iņazio martxa etengabe jotzen, Lezoko txistulariak proseziyo aurrean zijoazen. Aldamenetik, bi errenkadan, astiro-astiro, zintzo ta ixil, gizon erritarrak. Bein proseziyoa elizan sarturik, ni korura igo nintzen. Elizbarrua bete betea ta ondo argitua zegen; aldare nagusiko urre zarra dizdiatzen zen emeki. Elizerdian, apaiz berriaren aideak zeuden eta, aietatik pixkat aurreratua, emakumetxo zar xamar bat, beltzez jantzia. Egia esateko, nenkusenik xamurrena, maitagarriena uaxe zen, alegia, apaiz berriaren ama. Zenbat lan, izerdi ta nekeak amarenak —pentsatzen nuen— semea apaiz egin arteraiņo. Baņa, bere neke guziko saritzat, ba du gaur begi aurrean seme kutuna, apaiz egiņa. Aldare erdian ogia Aragi eta ardoa Odol biurtzen ditun orixe da. Erriko beste apaiz gazteak alegiņak egiten ari ziren meza berria edertzeko; aldarean laguntzen, beeko korua zuzentzen, pulpitotik mintzatzen eta ala. Goiko koru abeslariak ere kemen aundiaz ekin zioten. Alaber, organo zarretik soņu gozoenak ateratzen zitun jotzalleak. Goiko ta beeko kristauak ikusten nitun (ia geienak ezagunak ditut erri ontan). Onaa Erria —nion nere buruari— gure Erria, gaur, beintzat, asmoaz elkarturik, errikoseme baten egun ederrena ospatu nairik. Meza bukatuta, apaiz berriaren eskueri mun egin zieten aldarekoek eta gero gizaseme guziak ere mun ematera joan ziren. Bi lagunek eutsitako besoak zabaldu zitun apaizak, Erriari eskuak eskeintzen. Nere txanda elduta ondoratu nintzaionean, mutilla nekatua zegola konturatu nintzen; alare, bere arpegiak alaitasun ta zoriontasuna zerion. Kalean berriz, txistu-soņua entzun zen erriko enparantzan. Lengo beste garaian geundela zirudien; jai egunetan, meza nagusi ondoren erriko txistulariek goizea alaitzen zutenean.
El Bidasoa, 1956
Ibar ixillean |