|
Just love KANTUTEGI URRATUA 1. frigoan bierra freskoa hartzen huen eta ohe gainean luzadan etzaten hintzen kolerak hire errai astinduak koropilatzen zituenean herri galduaren kantutegi urratua abots hilez errepasatzen saiatuz «nik zu zaitut maiteago ...» 2. goxoki arros sukratuen usaina dute azken euriek udaberri datorrenaren eskaintza oparoek bihotz malgoa bezala teilatuetan joka ari da ur ttantta nagia euria, oraindik ez diet erran. 3. gu historia ofizialik gabeko populua gara eta deusek ez ditu gure gaurko ekintzak justifikatuko. estado zentralistaren aitatasun eztiaz baliatzen jakin ez dugunak geldituko gara betiko ments. 4. kantauri ertzeko arkaitzetan uhainak kaioekin jostetan mediterranear lur lehorretan lavanden erdian hazten loreak eta ainarak, o ainarak, iparreko harpe erraldoietan larrazkeneko migrazioen haiduru. 5. o laztana ba ote dakizu non dauden amilduak gure gaztaroko esperantzak? zergatik mozten dizkiguten mihiak zangoak bularrak besoak behatzak? nola itsutu gaituzten? noiz itzuliko diren berriro urtxoak zure zein nere ahurrean asetzera? 6. mendietan harri zorrotzak bilduko ditugu esku hutsik ibili garenok eta heriotza hiriko barrikaden atzetik bonbardeatuko dugu udaberrian.
Just love |