Just love
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 13, 1988ko abendua

 

DIRTY OLD TOWN

 

macadam berotuaren usain lehor dardaratiaz

beztintzen hintzen.

euriz hantu biolin saminen musika kiretsaz

ametsetan hindabilan

irlandako lore ubela eskuan.

 

igandea pasatzen huen ostatu zokoetan gozo

guiness karioak irensten

aldamenean norbaiten behar gorria sumatzen

eguzkipean kuskandel

irlandako lore ubela eskuan.

 

udaberriko herdoilak ausiki aditzak buruan

gerla zelai zimurtu

bihurtu bizitza herrestaren ondarkin latzak

kontenplatzen hituen

irlandako lore ubela eskuan.

 

erran huen ahapez ezkaratzeko sumurretako

egur eztian kabitu dira

hegoko ondartzetarik itzuli ainara laztanak

hi ere larrazkenean etxerako?

irlandako lore ubela eskuan.

 

ahantzi dituzkeen tren madarikatuen ardatzen

azantz metalikoak

eta minutu laburxko batez uros senditu haiz

baina zer dakin hik zorionaz?

irlandako lore ubela eskuan.

 

irlandako lore ubela eskuan ...

 

 

Just love
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 13, 1988ko abendua