Just love
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 13, 1988ko abendua

 

LA PORTA OBERTA EN EL CEL, I AIXO

 

 

                I

 

herri hau aipatzen diguten aldi oroz

elizetako

barne mukurru beteak erakusten dizkigute,

      emazteek beherean

      «zuk kentzen duzu munduko bekatua»

      eta gizonek galerietan

      «urrikal jauna»

      kantatzen dutela.

      «emaguzu bakea» deiadarkatze

bakoitzean irri bat hiltzen da

hemengo jendeen ezpainetan.

 

 

                II

 

requiem dio haizeak.

      udako lantzurda maltzurrik

      eskaintzen ez duten

      lurrak ez zaizkit gustatzen.

 

      nere azken egoitza ankerra

      josiko duketen

      xurxuriak laztantzen ditut.

requiem dio haizeak.

 

 

                III

 

arrosaren gorria

minberago da

gauez egunez baino

 

euriaren beldurra

bustiago da

gauez egunez baino

 

haragiaren ikara

zehatzago da

gauez egunez baino

 

haserrearen hatsa

erreago da

egunez gauez baino

 

 

                IV

 

estatistika ofizialen arabera

euskal herri barnean

bizidun haina ardi gehiago dago

      horregatik

      gasna

      urre xuria da.

 

      eta nik gasna ez dut maite.

 

estatistika klandestinoen arabera

euskal herrian

ardi haina polizi gehiago dago

      horregatik

      bakea

      segurtatua da.

 

eta nik bakea ez dut maite.

 

 

                V

 

ingurukoen aho arras zoriontsuetan

neronen bakartasunaren eremu

desolatua

izar dezaket

 

no woman's land erraldoia

 

 

                VI

 

mugaz bestaldean dago

bizitzeko estakuru ahularen marka

mugaz bestaldean dago

etsitzeko arrazoin azkarren bidea

mugaz bestaldean dago

ebatsi nizun musuaren oroitzapena

 

mugaz bestaldean dago

dena

eta deusik eztago

 

 

                VII

 

gauero

hiri berdinaz

amets dagit.

gauero

zure itzalari

loturik

kexu trakesak

eztitzen ditut.

gauero

metroko arroiletan

kantu zaharren gisara

maite zaitudala

errepikatzen dizut.

 

eta

zuk

gauero

kaioletan salgai dauden

txori exotikoen

ikustera naramazu

erranez:

      begira zer

      ez dugun

      bilakatu behar.

 

 

Just love
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 13, 1988ko abendua