|
Just love PACEM IN LAPURDUM I gaztelu zahar blues. ahoak oihal trikolorez tapaturik. hiri aberatseko karriketan barna. larunbat arratsaldez. beti eskatzen. beti kolpeak biltzen. urdin beltzez jantzirik dabiltzan orden zaintzale harmatuak, gaz negar ekarleak erromesak gu gara. xuri garrailez apaindu burgesen komentario zorrotz zuzenak, hau ez da Libania hots demokrataka. gorriegi ixurtzen da matrakaz jo kidearen kopetatik odola. giza eskubideak. Soweton menturaz. pasatzen dira manifestalariak. gaztelu zahar plazako ehun eroak. banderola higatuen gibelean. larunbat arratsaldez. beti eskatzen: kanporatzerik ez! beti eskatzen: presoak etxera! beti kolpeak biltzen. zubi gainean korrika. lurrean eroriak batzuk ba ahal dago medikurik? detenituak barreiatuak hatsantuak. poliziek gero clausewitzen gerla taktikak segituz ghettoa inguratzen dute. frantses bandera haizean. pacem in lapurdum. II KONTROLA nortasun agiria eskuak gora nondik nora hoa ze lanbide non bizi frantsesa ahal haiz zergatik hemen hago gauez bakarrik karrika honen erdian zer daukan sakuan bonba bat agian eskuak gora eta liburu horiek propaganda ote zinezko tabakoa zergatik hemen hago gauez bakarrik ate honetan joka KONTROLA III burgesek beren bordel hustuen zaintzeko hargin munizipalei ahalgearen hormak altxa arazten dituzte. ordena eta zimenta. squatt board blues. IV demokratikoki eta gehiengo osoaren arabera herriak hautatu kazike baten egoitzatik bestera ibiliko gara luzaz diru eske. aurten defentsa nazionalaren buxeta ehuneko berrogeiez emendatu da. hogei ta hamalau miliar urpeko mizil nuklearrentzat, hiru ehun eta larrogeita hamazazpi miliar awacs iankitarren erosteko, bizpahiru miliar armada modernizatzeko. demokratikoki eta gehiengo osoaren arabera. eta gu urtetik urtera kazike baten egoitzatik bestera ibiltzen gara hamar milioi ttikiren eske, demokratikoki (poliziez setiaturik) guttiengo xoilaren errebendikazio oinarrizkoak plazaratuz. Paribas bankoaren pribatizazioneak larrogei miliar ekarri ditu gobernu eskundarreko ministroei. demokratikoki eta gehiengo osoaren arabera.
Just love |